Sanferminetara joan zen ibiltariarena

Guaixe 2023ko uzt. 12a, 10:02

Santos Lasa Ceberio sanferminetan. LA VOZ DE NAVARRA

Duela 99 urte 86 urteko etxarriarra Iruñeko festetara oinez joan zen.

Santos Lasa Ceberioren balentriaren berri La Voz de Navarra egunkariak eman zuen 1924ko garilaren 13ko, igandeko, zenbakiko azalean. Cross-country edo landan zehar izenburua zuen argazki albistea da jaso zuena. Irudian adineko gizonezkoa ageri da, txapela ezker aldera jantzia, atorra iluna eta abarkak jantzita. Atzean, eserleku eta mahai luzea eta leihoa ikusten dira. Gaztelu plazako Zaragueta estudioko sinadura du argazkiak. Ziurrenik, Gerardo Zaragueta Zabalok egina da argazkia. 

Argazki oinean honakoa irakurtzen da: “Hona hemen sendotasun tinkoko eta ausardia beldurgabeko bordari bat. Santos Lasa da. Etxarri Aranazkoa. Goikola baserrian bizi da. Laurogeita sei urte ditu. Festetako egunetako batean bere herritik Iruñeraino oinez etorri zen. Etxarri Aranaztik goizaldeko ordu bietan abiatu zen, eta Iruñera goizeko bederatzietan iritsi zen. Berrogei kilometroko ibilbidea da; beraz, orduko sei kilometro egin ditu. Beraien artean bordari bikain hau izateaz barranquesek harro egon behar dute, laurogeita sei urterekin Iruñera oinez etortzeko ausardia duena. Hau da Santos Lasa, Goikolakoa, on eta sendoa, txapela alde batera, esanahian: zerbaitegatik naiz Barrancakoa”. 

Hainbat datu 
Argazki albiste horren protagonista Santos Lasa Ceberio da. Etxarri Aranazko 1920ko erroldaren arabera, Ataungo Aia auzoan jaio zen (1834ko azaroaren 7an) eta 21 urte zeramatzan herrian bizitzen. Hau da, 1899tik Goikolan bizi zen. Ordurako, Etxarri Aranazko biztanle zen. 1934ko apirilaren 26an hil zen bere etxean, Etxarri Aranatzen. Santos Felipe Lasa Ceberio eta Ignacia Begiristain Agirrerekin bizi zen. Ordurako bikoteak sei seme-alaba zituen. Gerora, jaioko zirenen artean Serafin zegoen. 

Erroldako jaiotze dataren arabera, Santosek 1924an 90 urte izanen lituzke, egunkarian argitaratutakoa baino lau gehiago. Gainera, Goikolan bizi zen, Lizarrustirako bidean, Elkorri errekaren ertzean zegoen baserri batean (garaiko ola bat). Pentsatzekoa da, beraz, Iruñera joateko etxetik Etxarri Aranatzera beharrean Lizarragabengoarantz eta Arbizurantz joko zuela, bidea motzagoa egiteko. Beraz, zazpi ordutan 43 km ibiliko zituen Santosek egun hartan. Konparazio bat. Parisek Olinpiar Jokoak hartu zituen 1924an. Maratoi probaren irabazleak, Albin Stenroos finlandiarrak, 35 urterekin 42.195 metroak egiteko 2 ordu 41 minutu 22 segundo 6 ehuneneko behar izan zituen. Etxarriarrak 6,14 km orduko ibili zituen, finlandiarrak, berriz, 15,62. Etxarriarrak 55 urte gehiago zituen. Ez dakigu ondoren nola bueltatu zen, edo halako ibilaldi gehiago egin ote zituen. 

Protagonista
Azken horren alaba da Inaxi Lasa Razkin. Hau da, bere aitona Felipe eta Santos anaiak ziren. Inaxi 1965era arte, 12 urte zituen arte, Goikolan bizi izan zen. Aitari entzunda daki Santosen ibilera horren berri, “baina gutxi gehiago. Badakit egunkarian atera zela eta argazkia etxean izan genuela”. Parean izan ez arren, Inaxik ongi gogoan du Santosen La Voz de Navarrako argazkia: “garai bateko azienda tratularien blusa beltz handia du, makila eskuetan eta oinetan abarkak”. 

Itxura horregatik Inaxiren susmoa da Santos sanferminetako ganadu azokara etorriko zela. El Pueblo Navarro egunkariak jakinarazi zuenez, 1924an, garilaren 09, asteazkenarekin, hasi eta 13an, igandearekin, despeditu zen ganadu feria. Murtzia eta Valentziako tratulariak etorri ziren. Aurreneko bi egunetan zaldi azienda izan zen gehienbat azokan, eta ondorengo egunetan behi azienda. 

Erlazionatuak

Lizarrusti, festa lehertzear

Guaixe 2011 mar 18