Ur ihesak kentzeko lanak aurreratuta daude

Guaixe 2023ko abu. 3a, 09:02

Ur bilguneko lotura berritu dute.

Amaiturrietako bi iturburuetatik ateratzen den uraren %59,1 ez da ur biltegira iristen. Hori saihesteko egungoaren paraleloan polietilenozko hodia jartzen ari dira.

Ura elementu preziatua da, eta ezin da alferrik galtzen utzi. Hala pentsatzen du Etxarri Aranazko Udalak. Horregatik, Amaiturrietako iturburuetatik ur biltegira arteko ur hoditeria berritzen ari da. Gaur egun erabiltzen denak 50 bat urte ditu, mikrozementuzkoa da eta ur ihesak ditu. Udalak 2017an jarri zituen kontagailuen arabera, ur biltegira ez da iristen iturburutik ateratzen den uraren %59,1. Ur galerarekin bukatzeko hodi berria jartzen ari dira, dentsitate handiko polietilenoz egina, eta  egungoa (150 milimetro) baino diametro handiagoa izanen du, zati batzuetan 160 mm eta besteetan 180. Horrela, ur emari handiagoa eramateko gaitasuna izanen du sareak. 

Gainera, kisusgileak beste lan batzuk egiten ari dira. Alde batetik, Amaiturrietako bi iturburuak iturri txiki pila batez osatuta daude eta haien emaria erreten txikien bidez jaso eta aurreneko biltegira joaten dira. Batean eta bestean sarbidea eta iturburuko biltegi nagusiko loturak hobetu dira. Balbulak berritu eta hustubideak garbitu dira ere. Han jasotako ura ur biltegi zaharrera eramaten da; biltegi zaharrak haustura karga kutxatilaren funtzioa du, hau da, ura eramateko hodian gehiegizko presioa egotea eragozten du. Egiteko beste lana da ur biltegi zaharreko lotura berritzea, bere gaitasuna 100 m3-raino handitzeko, 80koa baitzen. Azkenik, ur biltegi berrian sarrerako eta konportako balbulak berritu dira. Azken horrek 1.200 m3-ko gaitasuna du. Han, ura tratatzen da eta herrira zabaldu. 

Lanak garagarrilaren erdialdean hasi ziren, eta nahikoa aurreratuta daude. Lakita enpresa da haiek egiten ari dena, eta trukean 230.000 euro inguru jasoko ditu. Lan hori finantzatzeko Etxarri Aranazko Udalak Lurralde Kohesio Departamenduak kudeatzen dituen Next Generation funtseko 200.000 euroko dirulaguntza du.