Astekaria

Goi mailako pilotarien plaza

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko abu. 1a, 11:30

Ados Pilota Klubeko pilotariak asteazkeneko entrenamenduan. ADOS PILOTA

Etxarri Aranazko festetan, Ados Pilotak antolatutako Plazaz plaza txapelketaren partida jokatu zen;  Iturriaga eta Orbegozo bikoteak lortu zuen puntua. Emakumezko pilotari profesionalen kluba da Ados; pilota eskola ere bada.

"Abenturara salto egin genuen. Egin behar zen". Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre pilotariek elkarrekin sortu zuten emakumezko pilotari profesionalen lehen kluba: Ados Pilota. Ruiz de Larramendik bizitza osoa darama pilotan jokatzen, eta hutsune "handia" ikusten zuen: "Zaletasun osoa daukat, eta titulu eta txapela asko irabazi ditut; baina emakumezkoak izateagatik ezin dugu aurrera egin, ezin gara mailaz igo. Tope moduko zerbait dago, eta bizitza osoa daramagu zain, ea norbait etortzen den barita magikoa eskuetan". Behar horretatik sortu zuten Ados pilota 2021ean.

Ados Pilotak bi adar ditu: alde batetik, pilota eskola zazpi urtetik aurrerako neskekin, "edozein klubetan bezala", eta, bestetik, klub profesionala. Eskolan 30 bat haur daude, eta klubeko plantillan hamahiru pilotari daude. Enpresa batek egiten duen "gauza bera" egiten dutela azaldu du Ruiz de Larramendik. Urte osoan txapelketak antolatzen dituzte, tartean udan egiten duten Plazaz plaza, aurten hirugarren edizioa jokatzen dena. Uztailaren 30ean, Etxarri Aranatzen partida izan zen: Etxekolonea eta O. R. Larramendi, Iturriaga eta Orbegozoren kontra. Iturriaga eta Orbegozoren bikoteak irabazi zuen partida.

Profesionalak
"Lehen bakarrik erramintarekin egin zenezakeen aurrera, emakumezkoa bazinen. 2016an esku pilota pixka bat mugitzen hasi zen. Palan aritu garenak esku pilotan hasi ginen, baina 12 edo 13 urterekin uzteko gonbidapena egiten digute". Duela zenbait urte izan zen "boomean" sartzea erabaki zuten pilotari askok. "Esku pilota gustatzen zaigulako. Palarekin asko disfrutatu dut, baina ez nuelako beste aukerarik. Esku pilota egon balitz, horretan jokatuko nukeen". Antolatzen zituzten txapelketetan izena ematen hasi ziren, eta elkarrekin jokatuta hobetzen ari zirela ikusi zuten. "Baina ikusi genuen jendea gurekin irabazten ari zela". Antolatutako txapelketek ez zuten oinarririk: "Teilatutik antolatzen hasi ziren. Emakume Master Cupa telebistarekin eta pantailekin antolatzen dute, baina ez dago entrenamendurik, ez zer egin behar den hobetzeko...". Ruiz de Larramendi txapelduna izan zen, hiru partida irabazita: "Urte osoa hiru partida horiei itxaroten egon behar da, eta lehenengoa ongi atera behar da; bestela, etxera". 

Esfortzu "handiarekin" 2021ean Ados Pilota kluba sortu zuten. "Enpresa batek egiten duena egiten dugu, baina orain arte ez zegoen horrelakorik. Badirudi enpresa baten babesa behar dela profesionalizatzeko". Pilotariak elkartu ziren eta ikusi zuten txapelketa luze bat "merezi eta nahi" zutela: "Kirol guzietan emakumezkoen atalak profesionaletarako saltoa egiten ari ziren. Zergatik pilotan ez?  Pilotari batzuek "itxaroteko" esan zietela esan zuten, "zer delaeta itxaron behar dugu? Futbolean itxaroten dute? Futbolean aurrera egin zuten, eta entrenatzeko elastikoa beraiek ordaindu behar izan uzten. Begira non dauden orain". Urteekin lortutako zerbait izan dela esan du pilotariak.

Pilotariek pilotari "dena" eman diote, eta klubean sartzeko konpromisoa baino ez dute eskatzen: "Entrenamendu fisikoak eta teknikoak egitea". Txapelketaren batean laguntza behar badute "gonbidapenak" egiten dituzte: "Hamabost bagaude, eta beste pilotari bat behar badugu klub batera deitu eta baldintza berberekin etortzen dira, berdin irabaziko du". Urrats garrantzitsuena zera da: klubean dauden pilotariek lan kontratua daukate. Halere, pilotariak salatu du ez zaiola garrantzirik ematen: "Kontratua daukate; noiz existitu da hori pilotan? Egunen batean konturatuko dira zer garrantzitsua den egin duguna". Bitartean, gainera, instituzioek "beste alde batera" begiratzen dutela kritikatu du Ruiz de Larramendik. "Duela ehun urte existitu ziren raketista profesionalak, pilotaz bizi zirenak, eta guri esaten digute ezin gaitezkeela honetaz bizi". Esan du, gizonezkoen kasuan,  pilotari gutxi iristen direla pilotatik bizitzera. "Ilusio handiarekin ari gara, bidea egiten ari garelako; asko kostatzen zaigu, eta inork ez du baloratzen. Guk hiru edo lau bider erakutsi behar dugu gure lana". 

Txapelketak
Hiru urte hauek "intentsitate handiarekin" bizi izan dituzte. "Urte osoan gure txapelketa propioa egotea lortu dugu". Plazaz plaza txapelketa antolatzen hasi ziren, "jendearengana iristeko modu bat da, plazetan pilota egotea, herrien erdigunean". Afizioarengana iristea da helburua, "emakumezkoak bertan gaudela erakustea". Klubaren apustu handia Binakako Txapelketa izan zen. Martxoan jokatu zuten finala, eta "primerako" txapelketa izan zela esan du Ruiz de Larramendik. Lehenengo maila eta promozioa dute, "promozioko neskatoek ikusten dute aurrera egin dezaketela, ilusioa egiten die, eta erreferenteak dituzte". Bestetik, bertsopilota txapelketa egin zuten, bertsoak eta pilota uztartuz. "Zoragarria izan zen". Sanferminetako txapelketa ere antolatu zuten, festen aurretik, ekimen solidarioa ere dena: "Ez da bakarrik pilotan jokatzea, sozialki ere inplikatzen gara". Joaten diren herrietan "mugimendua" sortzen dute. 

Kluba "familia" da, eta beraiek dena antolatzen eta prestatzen dute: "partidak prestatu, pegatinak jarri, kronikak idatzi...". Partiden aurretik, haurren partidak izaten dira. "Jokatzeko aukera ematen diegu". 

Plazaz plaza
Plazaz plaza txapelketan hamasei pilotarik parte hartzen dute, bi taldetan banatuta daude, eta talde bakoitzean aurrelari nahiz atzelari guztiek elkarrekin nahasita jokatzen dute. Pilotari bakoitzak lau partida jokatuko ditu, eta puntuazioa indibiduala izango da. Talde bakoitzetik puntu gehien dituzten lehen bi aurrelari eta atzelariak sailkatuko dira finalerdietara, irailaren 17an eta 23an Getarian jokatuko direnak. Final handia Azkoitiko Goiko losa frontoian izango da, irailaren 30ean. 

Etxarri Aranazko festetan uztailaren 30ean jokatu zuen jaialdia "partida ona" izango zela uste zuen Ruiz de Larramendik partidaren aurretik. Naroa Elizalde Etxekolonea eta Olatz Ruiz de Larramendi bikotea Iera Agirre Iturriaga eta Oihana Orbegozo kontra aritu ziren. "Gaztetxoen kasuan, bizitza osoa daramate esku pilotan jokatzen, eta progresioa ikusten zaie. Jakin nahi nuke nola jokatuko genukeen guk utzi behar izan ez bagenu ". 

Lurraren egoerak pilotariei ez ziela beraien maila erakusten utzi aipatu zuten sare sozialetan, "behin eta berriz irrist egiten ikusi ditugu pilotariak". Egoera "zail" horretan Iturriaga eta Orbegozo, urdinak, hobeto moldatu ziren eta 22 hamabi irabazi zieten Etxekoloneari eta Ruiz de Larramendiri, txapelketaren bigarren puntua lortuz.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Ados Pilota (@adospilota)

Ruiz de Larramendik azaldu du partida "desberdina" izango dela: "Ezin dira konparatu emakumezkoen eta gizonezkoen partidak. Konparatzen duena gaizki ari da. Joko desberdinak dira". Ados Pilotaren presidentearendako jaialdi "politak" egin behar dira, jendearengana iristen direnak: "Jendea partidetara etortzea eta esatean zeinen ongi jokatzen dugun, komentatzea nola hobetu dugun eta zer gauza polit egiten ditugun". Bere "telebistarik" onena hori dela esan du, "jendea frontoira joatea". Akatsak egiten badituzte ere argi utzi nahi dute, "ikasteko bidea delako; ez zait inporta esatea ez dugula batere ongi jokatu. Normala da ere, denak ez dira partida onak izango". Emakumezkoei bidea egiten uzteko eskatzen dute. 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Ados Pilota (@adospilota)