Bukatzear da. Ia bost urteko lanaren ondoren arduradunak haien ahaleginaren fruituak ikusten hasi dira. Hasi dira piezak bere tokia hartzen. Aurki puzzlea osatuta ikusteko aukera izanen dute, dugu: Kalaska kooperatiba. Haren oinarria Etxarri Aranatzen dagoen hiltegia eta aldamenean duen zatikatze gela da.
Aurrera egin aurretik, Kalaska izena eta bere esanahia argitzea komeni da. Etxarri Aranazko Udaleko garapen zinegotzi Arkaitz Errazkin Beltzak azaldu duenez, "Kalaska Sakanako euskaran fale edo zintzarri mota bat da. Abereak mendian edo gure larreetan bazkatzen dutenean non dauden jakiteko balio diguna, beraz, abeltzaintza estentsiboaren eta artzaintzaren sinbolo da. Horri esker badakigu jaten duguna nondik datorren eta nola hazia izan den. Gainera, falearen soinua entzuteak landa eremua bizirik dagoela gogorarazten digu".
Etxarri Aranazko alkate Maria Saez de Albeniz Bregañak azaldu duenez, "hiltegiari buelta bat eman nahi genion, eskas genbiltzan". Nerea Viana Zugadik, Sakanako Garapen Agentziako (SGA) elikadura arduradunak, zehaztu duenez, "beharrezkoa dugun azpiegitura hori biziberritzeko eta berregituratzeko aspaldi ari gara lanean. Urteen poderioz hiltegia bidegurutze batera iritsi zen: jarduera asko jaitsi da, bakarrik animaliak sakrifika zitezkeen eta hiltegiak zerbitzu falta zuen. Aldi berean, sektorean behar bat identifikatu genuen, eta hura eskatu zen: haragia eraldatzeko azpiegiturak, azpiegitura publikoak, eskuragarriak eta baliagarriak direnak", jakinarazi du Vianak. Bi errealitate horiek kontuan hartuta sortu dute proiektu berria, Kalaska kooperatiba, udalak SGAk, Belardi elkarteak eta ibarreko harakinek. Kooperatibak garagarrilaz geroztik kudeatzen du hiltegia.
Egitasmoa Sakanako Estrategia Planean jasoa dago. "Ibarreko nekazaritzako elikagaien sektorearendako inbertsio estrategikoa" dela nabarmendu du Vianak. Gaineratu duenez, "aski probatuta dago hiltegi txiki bat ixten denean horrek kate guztian eta inguruko ekonomia eta gizarte ehunean domino efektua duela: negozio txikien ixtea, minoristengan eragina, esplotazio txikien kostuen igoera, bertako arrazen galtzea eta abar". Horregatik, Vianak azpimarratu du hiltegiak "landa eremuko ekonomiaren iraunkortasunerako funtsezko engranajea" direla. "Onurak sortzen dituen zerbitzu publikotzat ulertu behar dugu, animalien ongizaterako, paisaiaren zaintzarako, osasun publikorako eta ingurumenerako", nabarmendu du.
Orain arte bere haragia zatikatu eta ontziratu nahi zuten abeltzainek ezin zuten horrelakorik egin Etxarri Aranazko hiltegian. "Bertatik animaliak osorik ateratzen dira (behiak eta ardiak). Beraz, hori eraldatzeko edo bakoitzak bere azpiegiturak ditu, edo ezinezkoa zen. Zuzeneko salmenta egiten dutenek zatitzea Iruñean, Gipuzkoan edo urrun egin behar dute", azaldu du teknikariak. Vianak gaineratu duenez, "gaur egungo hiltegiek behar-beharrezkoak dituzte zatikatze guneak, baita, esaterako, hestekiak, tripakiak eta hankak-eta garbitzeko instalakuntzak". Premiak identifikatuta, "dirulaguntza batzuk jasota, goitik behera aldatu dugu planteamendua", azaldu du Saez de Albenizek. Alkateak jakinarazi duenez, proiektua landu den bitartean hiltegiak ez du aterik itxi.
Eraldaketa eta onurak
Errazkinek azaldu duenez, abereak hiltzeaz aparte orain haragia zatitu eta ontziratzeko aukera eskainiko du azpiegitura berrituak, "zatikatze gelak gero salduko diren produktuak prestatzeko aukera ematen du". Errazkinek gaineratu duenez, "Hilabete batzuek barru hiltegiak zaldiak eta zigilu ekologikoa duten abereak sakrifikatzeko aukera ere eskainiko du". Saez de Albenizek gaineratu duenez, "hestebeteak eta sabelkiak lantzeko aukera izanen da. Handik txistorrak, tripakiak eta beste atera daitezke". Vianak egin daitekeenaren adibide gehiago eman ditu: haragi xehatua, saltxitxa freskoak, txistorra... "Aukera anitzak ematen ditu zatikatze gelak. Baina hori ez da lehentasuna".
Errazkinek esan duenez, "etxalde txikiek aukera izanen dute zuzeneko salmentan pausoak emateko. Hori errazteko pentsamenduarekin egin da". Vianak azaldu duenez, "artzainek beraien ekoizpena dibertsifikatzeko aukera dute. Alde batetik, oso gazta ona egiten dute, baina arkumeak, garaia denean, zuzenean salduz gero, horrek ere beste diru etekina eman diezaioke esplotazioari, eta pixka bat gehiago hobetu beraien ogibidea eta bizibidea". Gaineratu duenez, harakinak ere onuradun izanen dira: "hiltzen dituzten animaliak zatika harategira eramateko aukera ematen die, nahi balute hezurrak han kentzeko aukera izanen lukete. Gaur egun ez da erraza harakin gazte batek, lehen bezala, txekor guztia zatitzea eta abar. Zoritxarrez, gero eta harategi gutxiago ditugu, jubilatzen ari dira".
“Aski probatuta dago hiltegi txiki bat ixten denean horrek kate guztian eta inguruko ekonomia eta gizarte ehunean domino efektua duela”
Teknikariak jakinarazi duenez, "aziendaren parte handi bat zuzenean bitartekariari saldu eta kanpora doa. Esan duenez, "hiltegia hemen ekoizten dugun haragia hemen kontsumituko dela ziurtatuko duen elementu bat izatea nahi dugu. Tokiko merkataritzak balio erantsia dauka hemengoa saltzen badu. Aldi berean, gurea denari balioa ematen diogula erakusten dugu kanpora begira".
Proiektuaren sustatzaileek badakite jende askok abeltzaintza zaletasun gisa duela, "eta gustatuko litzaioke horretan lan egitea. Horretarako erraztasunak jarri behar ditugu. Hori da pixka bat gure lana, eta horretan gabiltza", azaldu du Vianak. Osasun arloa ere aipatu du alkateak: "oso-oso kontrolatuta dago abeltzaintza: albaitariak daude, Nafarroako Gobernua gainean dago. Dena txukun-txukun egiten da. Apustua egin nahi da bertako abeltzaintza bulkatzeko. Jaten dugun haragiaren trazabilitatea argitzeko eta ziurtatzeko. Denok jan osasuntsua eta, gainera, konfiantzakoa izateko".
Atzerapena
Saez de Albenizek azaldu duenez, "proiektua dezente atzeratu zaigu". Izan ere, Nafarroako Gobernuak 2018an emandako laguntza ez zen esperotako kopurura iritsi. Proiektua ez zen kaxoian gelditu eta lanean segitu zuten. Alkateak aurreratu du "berehala" zabalduko dela. Gaineratu duenez, "eman zizkigun behar genituen baimen guztiak, baina Nafarroako Gobernuak moldaketa txiki batzuk eginarazi dizkigu. Hori egin ondoren, ti-ta hasiko gara", jakinarazi du Saez de Albenizek.
“Etxalde txikiek aukera izanen dute zuzeneko salmentan pausoak emateko. Hori errazteko pentsamenduarekin egin da”
Bertan lanean hiru abere-hiltzaile ari dira. Eta aurki beste langile bat izanen da: arduraduna eta proiektu dinamizatzailea. Alkateak azaldu duenez, Carasso fundazioak dirulaguntza eman die, "eta horri esker aukera izanen dugu urte eta erdirako pertsona bat kontratatzeko. Pertsona hori bilatzen ari gara orain". Bere egitekoak izanen dira, besteak beste: hiltegia martxan dagoenean, prozesua kontrolatu; hobekuntzak egin; zatitze gunea martxan jarri, ongi funtzionatu dezan; proiektuaren zabalkunde lana; jatetxeak eta dendak bisitatu... Kalaska kooperatibaren proiektuaren berri zehatza (funtzionamendua, bazkidetza nola egin eta baldintzak, tarifak eta abar) Sakanan herriz herri emateko asmoa dute, baita inguruetako herrietan ere. Lastailean proba batzuk eginen dituzte. Ardiak aurki umatzen hasiko dira, arkumeak eguberri kanpainarako saltzeko garaia iritsiko zaie artzainei. Arduradunek esan dutenez, ordurako zatikatze gela prest izanen da.
Kooperatibaz
Vianak azaldu duenez, kooperatiba publiko-pribatua da. "Gaur bazkide dira Etxarri Aranazko Udala, SGA, eta bere bitartez beste udalak ordezkatuta daude, bost abeltzain eta hiltegian lanean ari direnak langile bazkideak dira". Udaletik jakinarazi dute Kalaska kooperatibako bazkide izateko bi modu daudela. Bazkide erabiltzaileak abeltzain profesionalak izanen dira, tamaina txikiko etxaldeak eta artzaintzan oinarritutako abeltzaintza egiten dutenak. Bestetik, bazkide kolaboratzaileak daude: herritarrak, dendak, harategiak, jatetxeak, elkarteak, enpresak eta udalak. "Denden parte hartze maila zein izan beharko lukeen zehazten ari gara", jakinarazi du teknikariak. Bestalde, bazkide izan gabe ere hiltze eta zatitze zerbitzuak eskuratu daitezke.
Saez de Albenizek jakinarazi duenez, "bazkide izateko aukera zabalik dago". Teknikariak jakinarazi duenez, bazkide izateko estatutuetan jasotako irizpideak bete beharko dira: "laburbilduz, nekazaritza herrikoi eta iraunkorrean lan egiten duten abeltzainak eta bestelako eragileak izan daitezke bazkideak. Sakanan ahalik eta ekoizle gehien egotea bulkatu nahi dugu; txikiak, eredu iraunkorra eta abeltzaintza estentsiboa lan egiten dutenak. Betikoa, herri batean nahiago dugu hamar etxalde txiki egotea, handi bat baino", nabarmendu du Vianak. Bazkidetzeko eskaerak egin edo hitzordua hartzeko 616 003 384 telefonora hots egin edo mataderosakana@gmail.com posta elektronikora idatzi behar da
Cocoreado
Viana Europako Cocoreado proiektuko kide da. Haren baitan kontinenteko nekazaritza eta akademia elkarteak daude. Proiektuak landa-eremuetako gazteek irtenbide berritzaileak sor ditzaten sustatzen du, nekazari eta abeltzainendako oztopoak gainditzen dituztenak, kontsumitzaileen beharrak zuzentzen dituztenak eta tokiko elikagaiak eskuratzeko baldintzak hobetzen dituztenak. "Bertan Europako hainbat gazte elkartzen gara, guztiak lehen sektorearekiko eta elikadura jasangarriarekiko pasioa dugunak. Prestakuntza saioak eta topaketa batzuk egin ditugu. Haietan bakoitzak bere proiektuak aurkeztu ditu. Beste laurekin batera, Kalaska kooperatiba 'hazi ekimen' gisa aukeratua izan da. Aitortza da", azaldu du teknikariak. 40 proiektu aurkeztu ziren.
Teknikariak esan duenez, proiektuan parte hartzeak "balio izan digu, lehenengo eta behin, prestakuntza txiki batzuk egiteko, dirulaguntza txiki bat jaso baitugu. Bestalde, beste esperientzia batzuk ezagutzeko aukera izan dugu. Europan gai hori pil-pilean dagoen gai bat dela ikusi dugu. Ez gaude erotuta. Bide onean goaz. Bestetik, aditu askoren eskutik asko ikasi dugu: proiektuari nola forma eman, bideragarritasuna nola eman eta halako gauzak".