Astekaria

“Bertako jendeari gure produktua eman nahi diogu”

Guaixe 2023ko urr. 12a, 13:10

Jesus Balda Mercero Etxarri Aranazko ferietan.

Jesus Balda Mercero artzain unenuarra, momentuz, Kalaska kooperatiban dauden bost abeltzainetako bat da. 

Kalaska kooperatibako kideak azken prestaketekin daude, Etxarri Aranatzen dagoen hiltegia eta aldameneko zatikatze gela lehenbailehen ekoizpen betean has dadin.

Zergatik zara kooperatibako bazkide?
Saltzen ditugun ardi eta arkumeak Burgosera, Logroñora, Segoviara eramaten dituzte. Guk bertan hil eta bertan saldu nahi ditugu, bertako jendeari gure produktua eman nahi diogu. Apika Sakana oso txikia da, baina Iruñera edo Goierrira, inguruan, saldu nahi dugu. 

Ez zaude gustura? 
Guk talde batean, eta enkante moduko baten bidez, saltzen diegu bitartekariei. Baina, azkenean, haren menpe zaude. Harrek zehazten du: hainbeste eguberritan, hainbeste bestean... Jartzen dituen prezioekin, harrapatuta zaude. Guk arkumea hil eta banatu nahi dugu. 

Zer prezio dira?
Gastuak estaltzeko. Gure naturala eta bertakoa den produktuari prezio duina eman nahi diogu. 

Sektorea erakargarri egiteko modua da?
Asmoa hori da. 5 abeltzain gaude, baina ateak edozeinendako zabalik daude. Hau abeltzain gazteendako garrantzitsua da. Bere produktuak eta arkumeak bizitzeko moduko prezio batean saltzeko aukera izanen du. 

Bazkidetzeko, zer egin behar da?
Sakanako Garapen Agentziara jo, edo bazkideren batekin harremanetan jarri. 

Zer erabilera eginen duzu? 
Momentuz, arkumea zatitu, gure produktua merkaturatzeko. Dena martxan hastea izanen da, hanburgesak eta beste egiteko aukera baitago. Arkume denboraldia azaro-abendu aldera hasiko da eta ordurako martxan egonen da. Lan gehiago jarriko diogu gure buruari, baina, beno, mereziko du. 

Erlazionatuak