Goñi, polizia frankistaren biktima

Guaixe 2023ko aza. 15a, 09:28

Senideekin batera Etxarri Aranazko alkatea ere liburuaren aurkezpenean egon zen. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Erakunde armatuekin zerikusirik ez zuten eta Frankismoko poliziak hildako hiru pertsonen berri ematen duen Aranzadi zientzia elkartearen liburuan Antonio Goñi Igoa etxarriarraren kasuaren berri ematen da.

Aranzadi Zientzia Elkarteak, UPV/EHUko laguntzarekin, 1970 Modos de matar y morir. Victimas mortales en Gipuzkoa liburua aurkeztu zuen lastailaren 26an. Javier Buces Cabello Historiako doktoreak liburu horretan frankismoko azken urteetako giza eskubideen urraketak ditu hizpide. Zehazki, 1970ean Jose Miguel Andueza Elizaldek, Roberto Perez Jauregik eta Antonio Goñi Igoak errepresio frankistaren ondorioz jasan zuten bizitzeko eskubidearen urraketa jasotzen du. Azkenak, etxarriarra, polizien kalabozoetan egon ondoren bere buruaz beste egin zuen. 

Bucesen iritziz, liburuko protagonistak "bigarren eta hirugarren mailako biktimak dira". Hiruren moduko hilketak "demokrazia bermerik eta giza eskubideekiko errespeturik ez duten sistema politikoetan gertatzen dira". Gaineratu zuenez, "Frankismoak, hasieratik akaberara, Estatua erabili zuen, eta bertako funtzionarioez baliatu zen hainbat eratan hiltzeko". Hala ere, “badago heriotza horien guztien izendatzaile komun bat: zigorgabetasuna. Diktaduratik bizirik iraun zuen zigorgabetasuna, Trantsizioa deiturikoak ekarri zuen 'ahanzturaren itun handiari' esker". Nabarmendu du liburuko hiru protagonistak ez direla "argazki ofizialean agertzen. Hamarkadetan ezkutatu nahi izan den historia horren zati dira, isilarazi nahi izan den memoria horren zati". Bucesek azaldu zuenez, liburuak historiaz aparte, "ahaztutako biktimen eta haien senideen memoriaz eta aitorpenaz ere hitz egiten du".

Liburua egiteko, Bucesek hainbat artxibo arakatu ditu. Jasotako informazioa testuinguruan jarri eta kontrastatu du. Azken horretarako ere hildakoen familiengana jo du. "Historia lanetik atera eta emaitzak humanizatu nahi baditugu, senideen testigantzak, etxean gordetzen diren paperak oso garrantzitsuak dira". Aurkezpenean liburuaren egilearekin batera, Goñiren iloba Lourdes Salsamendi egon zen. Hark esan zuenez,"nire familiak bazekien Antoniok bere buruaz beste egin zuela ezin izan zuelako eraman pasarazi zioten guztiaren zama".

Aurkezpenean Etxarri Aranazko alkateak parte hartu zuen, udalak irudiak eta dokumentuak utzi baititu liburua egiteko. Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak memoria lantzeko eta "ahaztuen oroimenaren alde" lan egiteko asmoa azaldu zuen. "Egia, justizia eta erreparazioa" aldarrikatu zituen, "bizikidetzan aurrerapausoak emateko". 

Erlazionatuak