Ekopasabideko lanak despeditu dituzte

Guaixe 2023ko aza. 23a, 07:27

Apirilean hasi eta lastailean bukatu dituzte.

Duela bi aste utzi zuten Aritzalkoko basoa Obenasa enpresako langileek. NA-2410 eta Sakanako Autobia (A-10) gainean ekoduktua edo ekopasabidea eraiki zuten. Zubi bat, azken finean; ibilgailuek harrapatuta izateko inolako arriskurik gabe fauna alde batetik bestera pasatzeko funtzioa du. Hala Natura 2000 sareko parte diren Aralar eta Urbasa-Andia natur guneak lotuta geldituko dira. A10 autobiaren 22+000 kilometro puntuan eraiki da, haren gainetik 7,13 metrora dago, 60 metroko luzera eta 45 metroko zabalera du. Lanak Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak agindu zituen eta 6.079.598,62 euro (BEZ barne) aurrekontua izan dute. Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzetarako (REACT-EU) Europako funtsen inbertsio-proposamenen barruan dago egitasmoa.