Lanak eginda, faunak ekoduktua ezagutzeko zain

Guaixe 2023ko abe. 12a, 09:01

Enrique Eraso Centelles

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mª Aierdi Fernandez de Barrena eta Etxarri Aranazko alkate Maria Saez de Albeniz Bregaña buru zirela, Aritzalkoko ekopasabidea ostiralean mustu zuten. "Faunaren biodibertsitatearendako funtsezko korridore ekologiko da"

Sakanan dugun autobia eta errepidea basapiztiendako arazoa ziren 2000. urtean. Hala jakinarazi zion Guaixeri Bakaiku eta Iturmendiko ehiztarien elkarteko lehendakari Jose Ignacio Urrizak urte hartako lastailean: "egun berean bi basapizti agertu ziren hilik Aritzalko parean: erbia eta lepazuria". Albistearen berri beste hedabideetan zabaldu zuten ondoren. Beraz, urteak ziren Ingurumen Departamentuak Etxarri Aranazko Aritzalko basoa begiz jota zuela. Hala aitortu zuen Enrique Eraso Centellesek, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Bioaniztasun Zerbitzuko zuzendariak Aritzalkon bertan ostiralean. 

Erasok azaldu zuenez, "iragazkortzeko lehentasunezko helburuen artean jasoa genuen, baita Natura 2000 sareko espazioen arteko konektagarritasuna hobetzeko ere". Aralar eta Urbasa-Andia aipatutako sarean daude eta, gainera, Kontserbazio Bereziko Eremuak dira. Bien artean animaliendako pasabidea eginda, ugaztunen populazioen arteko genetika trukea erraztu eta harrapaketak eta istripuak saihestuko dira. 

Goitik egitearen zergatia
Ekoduktua egin den tokitik 215 bat metrora erreka bat pasatzen da autobia eta errepide azpitik. Ekopasabidea zergatik egin den haien gainetik eta ez azpitik galdetuta, Erasok esan zuen: “hasteko beheko pasabideak goitik egindakoak baino okerragoak dira. Fauna guztiak ez ditu lurpeko pasabideak hartzen. Konektagarritasuna kontutan hartuta, askoz eraginkorragoak dira goiko pasabideak”. Gaineratu duenez, "Sakanako Autobian (A-10) apenas dago goiko pasabiderik, eta baten beharra nabari-nabaria zen. Autobia guztiaren iragazkortasun eta espezieen mugimenduaren erresistentzia analisi zehatza egin ondoren aukeratu genuen Aritzalko ekopasabidea egiteko". Erasok nabarmendu zuenez, "autobiako zati honetan, historikoki, faunaren hilkortasun tasa nahikoa altua izan da. Hemen bisoi bat hilda agertu zen. Guretako desagertzeko arrisku handiena duen espezieetako bat da. Badira ere desagertzeko hainbesteko arriskurik ez duten, baina oso garrantzitsuak diren espezieak ere: lepazuria, katajineta, azeriak... Horiek ere ibilgailuak harrapatuta hiltzen ari ziren. Eta ohiko orkatzak eta basurdeak. Tamaina bat duten lehorreko faunarendako ekopasabidea garrantzitsua izanen da", azaldu zuen Erasok. 

Sakanan beste ekopasabide bat egiteko beste tokiren bat begiz jota duten galdetuta, Erasok azaldu zuen diru baliabideak mugatuak direla. "Horrelako gauza bat egitea oso ezohikoa da. Oraintxe beste bat egitea ez da egingarria. Azken urteetan lurpeko pasak hobetzen saiatzen ari gara. Azpiegitura txiki gehigarriak jarri ditugu, faunarendako errazagoa izan dadin handik ibiltzea. Ekoduktu berri batean lan egin beharrean dauden pasabide horiek hobetzen saiatzen ari gara".


Landareak eta zuhaixkak

Zuzendariak aurreratu zuenez, "emaitzak ez dira berehalakoan ikusiko. Orain arte animaliak honaino iritsi eta aldeetara mugitu beharra zuten, beste pasa bat opatzeko. Orain ekoduktua ezagutu beharko dute". Erasok argitu zuenez, "bi aldeetan basoa dago, ondoren larreak daude. Ekoduktua hobetzeko hariztian dauden landare eta zuhaixkak, beharbada haginen bat, landatuko ditugu neguan. Ekopasabiderako aldapetan ezkiak, lizarrak, astigarrak eta beste jarriko ditugu. Eta haien ertzetan dauden hesiak txilarrez estaliko ditugu, ibilgailuen argiak animaliak ez itsutzeko". Izan ere, "animaliak mugitu behar dutenean itxia edo ez hain itxia den landare estalkia baliatzen dute. Horrelako zerbait egiten saiatuko gara". Bestalde, lanak egin bitartean zenbait zuhaixka moztu behar izan zituzten. Haiek orain hainbat tokitan pilatu dituzte. Pilatze txiki horiek "ugaztun txikiendako edo anfibioendako pasa puntuak dira. Laguntzarako espazioak dira. Ibai bat pasatzeko jartzen diren harrien moduko funtzioa dute". 

Animaliak ekopasabidera bideratzeko Aritzalko bi metroko altuera duen hesia jarri dute. "Animaliendako polake atsegina izatea nahi dugu, ez daitezela distraitu eta soinu eta ikuste ikuspegitik ahalik eta iragazgaitzen izan dadila". Hegoaldeko aldeko hesiak errepaso beharra zuela jakinarazi zien Jesus Razkin Ijurra zinegotziak mustu aurretik. Oraindik ez dute animalia aztarnarik opatu ekopasabidean. "Animalien erabileraren jarraipena egiten saiatuko gara". Hori egiteko bi aukera dituzte: une jakinetan ekoduktua zainduko duten pertsonak jarriz. Edo kameren bidez.

Eredua eta erabilera
Errepideak, trenbideak edo dermioko bideak egiteko araudia dagoen moduan, ekoduktuak egiteko ere araudia dagoela jakinarazi zuen Erasok: "modeloa eta egiteko ildo nagusiak jasoak diru Ingurumen Ministerioak orientagarriak diren agiri batzuetan. Onena litzateke autobia egiterakoan eraikitzea goiko pasabide hori. Hala egin izan balitz, ekoduktoa beharrean tunel faltsu bat izenen genuke. Baina hainbat teknologia arrazoirengatik gaur egun hemen ezin da tunel faltsu bat eraiki. Azkenean, goiko pasabide bat egin da, taula egitura duena eta zutabeek eusten dioten egitura bat da. Ez da beste edozein zubiren oso desberdina. Baina bere helburua ez da kamioi edo autoen pasa erraztea, baizik eta animaliena". 

Erasok gaineratu zuenez, "ekopasabidea basa faunarendako denez, ezin izanen da azienda alde batetik bestera eramateko erabili. Hemen zenbat eta giza erabilera gutxiago egin orduan eta hobe. Jakina, Aritzalkotik egurra ateratzen eta zizak hartzen segi ahalko da. Baina inguru hau zenbat eta lasaiago egon erabilgarriagoa eta eraginkorragoa izanen da". Aldi berean, ehiza elkarteekin harremanetan jarriko da departamentua, ehiztariak ekopasabidetik gertu ehizan ez aritzeko eskatzeko. "Ehiztariek hasieratik babestu dute azpiegitura. Haiendako oso interesgarria da. Hemendik mugituko den faunaren artean ehizatu daitezkeenak ere badaude. Faunak babesteko gaitasun handiagoa izatea haiendako askoz hobea da".

Datuak

6,1 milioi euro

  • Egindako inbertsioa, Europako REACT funtsetik jasoak.

45 metro

  • Luzera eta zabalera hori du ekoduktuak.

7,13 metro

  • Altuera hori du. 

3.000 landare

  • Eta zuhaixka txiki eta handiak landatuko dira. 

48.000 euro

  • Landare eta zuhaixkak jartzeak balio duena.

2

  • Lanak izan bitartean egondako istripuak. Emakumezko bat larri zauritu zen. 

147 animalia hilda

  • 1998 eta 2019 artean zenbatutakoak.