Ekopasabidea erabilgarri dago

Guaixe 2023ko aza. 24a, 14:36

Aierdi kontseilaria ekoduktu bukatu berria bisitatu. Lanak egiteko 6,1 milioi euroko inbertsioa egin du Nafarroako Gobernuak, Europako funtsen bidez finantzatu duenean bere osotasunean. 

Aritzalko basoan, Sakanako Autobiaren (A-10) eta NA-2410 errepidearen gainean, korridore ekologikoa eraikitzeko lanak aste honetan despeditu dituzte. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mª Aierdik eta Ingurumeneko zuzendari nagusi Ana Bretañak, saileko teknikariek eta Obenasako arduradunek (obraren enpresa esleipenduna) azpiegitura bisitatu dute, Etxarri Aranatzeko alkate Maria Saez de Albenizekin eta Jexsus Razkin zinegotziarekin batera.

Aierdik adierazi duenez, "korridore ekologiko hau funtsezkoa da biodibertsitaterako, Urbasa-Andiako eta Aralarko kontserbazio bereziko eremuak lotzea ahalbidetzen baitu, faunarentzako oztopo fisiko nagusia gaindituz, Sakanako autobia, hain zuzen ere. Horrela, animalien joan-etorri askea eta populazioen arteko truke genetikoa errazten da, epe luzean kontserbatzen laguntzeko. Gainera, horrelako errepide garrantzitsu batean fauna hiltzea saihestuko da".

Lanak despedituta martxora bitartean ekoduktuan 3.000 landare inguru landatuko dituzte, beti ere, faunaren beharretara egokitutako landare estalkia sortuz. Horretarako, inguruan dagoen landaretza izanen dute kontuan. 48.000 euroko aurrekontua eskatzen du landaketa horrek. Obraren ondorioz moztutako hainbat adar pilatuta utzi dituzte animalia txikien babesleku izateko.