Azken hamabi urteetan Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari izandako Alaitz Rekondok jantzi zion 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela: Julio Soto, bertsolariaren seigarrena. 2.350 lagun elkartu ziren Iruñeko Anaitasuna kiroldegian finala zuzenean jarraitzeko. Zozketak erabakitako ordenean Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Saats Karasatorre Martinez, Sarai Robles Vitas eta Julio Soto Ezkurdia aritu ziren kantari. Ainhoa Larretxea Agirrek egin zituen aurkezle lanak, eta Ander Aranaburu Arriola aritu zen gaiak ematen.
Aurten lehenengo aldiz bi sakanar sailkatu ziren finalera: Eneko Lazkoz (zortzigarren finala) eta Saats Karasatorre (lehenengo finala) etxarriarrak. Lazkozek Sotorekin buruz burukoa jokatu zuen, eta etxarriarra 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldunordea da.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa hastear. Etxarriarrak Eneko eta Saats animatzera. @guaixe pic.twitter.com/EMbDotD4LD
— Eneida (@EneidaEne1) December 2, 2023
Ekitaldiaren lehen zatian bost ariketetan aritu ziren zortzi finalistak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horietan Lazkozek eta Sotok bildu zuten puntu gehien, eta haiek pasa ziren buruz burukora. Atal horretan, puntuka eta seiko motzean aritu ziren hasiera, eta ganbarako lanarekin bukatu zuten eguneko saio puntuagarria. Horren ostean iragarri zuten txapeldunaren izena; Julio Soto. Txapelketako bere hamaikagarren finalean bere ibilbidearen seigarren txapela irabazi du 1048,5 puntuekin. Eneko Lazkozek 1045,5 lortu zituen.
Epaimahaia sei epailez ostatuta zegoen: Aimar Sagastibeltza Caballero, Amaiai Telletxea Larretxea, Joseba Beltza Bengoetxea, Mikel Beaumont Arizaleta, Nerea Bruño Artazkoz eta Saioa Mitxelena Irazoki.
Saats Karasatorre eta Sarai Robles finalean. JOSU SANTESTEBAN / NBE
2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko sailkapena
- Julio Soto: 1048,5
- Eneko Lazkoz: 1045,5
- Xabat Illarregi: 635,5
- Joanes Illarregi: 601
- Saioa Alkaiza: 594
- Josu Sanjurjo: 569,5
- Saats Karasatorre: 556
- Sarai Robles: 550,5