Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2023

Txapelketa final "historikoa"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2023ko abe. 11a, 12:13

2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko bertsolariak. JOSE SANTESTEBAN / NBE

Abenduaren 2an jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala. Zortzi finalisten artean bi etxarriar izan ziren: Eneko Lazkoz eta Saats Karasatorre. Txapelketan ere "lan polita" egin dute Idoia Granizo eta Ekain Alegre altsasuarrek. Julio Sotok jantzi zuen txapela; Lazkoz txapeldunordea izan zen.

Urriaren 7an Iruritan hasi zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Viana, Uharte, Leitza, Altsasu, Agoitz eta Lesakatik pasa ondoren Iruñean amaitu zen abenduaren 2an. 24 bertsolari hasi ziren eta lau finalaurden eta hiru finalaurreko ondoren, zortzi igo ziren Anaitasuna kiroldegiko oholtzara: Saioa Alkaiza Guallar, Julio Soto Ezkurdia, Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez Boli, Josu Sanjurjo Alzuri, Saats Karasatorre Martinez eta Sarai Robles Vitas.

Haien artean zegoen aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketaren txapela jantziko duen bertsolaria: Julio Soto Ezkurdia. Txapelketaren ibilbidea hasi zuten 24 bertsolarien artean lau sakandar zeuden: bi etxarriar, Saats Karasatorre eta Eneko Lazkoz, eta bi altsasuar, Ekain Alegre eta Idoia Granizo. Bi etxarriarrak iritsi dira finalera, Saats Karasatorre lehenengo aldiz ariko da finalean, eta Eneko Lazkozen zortzigarren finala izanen da. Lazkoz Sotorekin buruz burukora iritsi zen, eta 2023ko Nafarroako Bertsolari txapeldunordea da.

Sakandarrak
Eneko Lazkoz, Saats Karasatorre eta Ekain Alegreren bertso ibilbidearen lotura Joxema Leitza dela esan dute hiru bertsolariek BELEIXE IRRATIAn Eneida Carreñorekin finalaren aurretik egindako solasaldian. Lazkoz: "Adinagatik gutxi gorabehera hamar urteko tartea dago hiruren artean, eta aldika elkarrekin aritzea tokatu zaigu, baina Joxema hiruron eta Idoiaren irakaslea izan da".

Kasualitatez, altsasuarrak elkarrekin aritu dira Txapelketan, Iruritako finalaurdenean eta Agoizko finalaurrekoan kantatu baitzuten; etxarriarrek ere elkarrekin hasi zuten bidea Leitzako laugarren eta azken finalaurdenean, baina finalaurrekoetan haien ibilbidea banandu zen eta Karasatorre Altsasuko saioan aritu zen, eta Lazkoz Lesakakoan.

Alegrek kantatzen "gustura" ibili dela esan du: "Uste nuena baino hobeki, nire mailatik gertu, hala ere, uste dut gauza gehiago ditudala erakusteko". Iruritako emaitzarekin Agoizkoarekin baino "kontentuago" gelditu zela aitortu du, "baina gero puntuaketak ez doaz nire sentsazioekin batera; orokorrean, pozik".


Eskuinetik, Ekain Alegre eta Idoia Granizo Agoizko finalaurrekoan. J. SANTESTEBAN / NBE

Puntuazioa ikusita norberaren buruarekin edo epaileekin haserretzen diren galdetuta, "konbinazioa" dela esan du Alegrek: "Zure hutsegiteez kontziente zara; errazena da epaileei kexatzea, baina bakoitzak egiten dituen akatsez kontziente gara, eta hori aldatzea gure esku dago". Txapelketetan bertsolaria "bere buruaren kontra" lehiatzen dela, askotan errepikatzen dutela, esan du Lazkozek, "eta nik uste gehienona hala dela. Egiten dugun lehendabiziko lana gure burua epaitzea eta gure akatsak topatzea da. Seguraski, hobetzeko bidea hori da; gaizki egin duzuna topatu eta hobetzen saiatu". Jasotako puntuazioak ez baldin badu norberaren helburuak lortzeko balio, "beti topatzen duzu epaileei kulpa botatzeko bidea".

Leitzan "izugarri" sufritu zuela aitortu du Karasatorrek: "Kontzentratzea kostatu zitzaidan, han egotea, ez dakit urduritasuna zen, tentsioa... Giroa tentsoa zegoen, bakoitzak izango zuen berea, baina ikaragarri sufritu nuen". Gero ez zen horren "desastrea" izan. Lazkozendako lehenengo saioa beti "nahiko gogorra" izaten dela esan du. "Jendearen aurrean hilabete eta erdi edo bi hilabete neraman, eta txapelketan kantatu gabe urte bat. Saio horretan beti beldurrak eta zalantzak dauzkazu". Gainera, faseko azken saioa izan zen, "eta horrek giroan eta animoan eragiten du jendeak aurreko saioetako puntuazioak badakizkielako". Bakoitzak berea egin behar duela azaldu du, "eta horretan pentsatu".


Eneko Lazkoz Martinez Lesakako finalaurrekoan. JOSU SANTESTEBAN / NBE

Bertsoz bertso
Altsasun "beste sentsazio batzuk" zituen Karasatorrek: "Lasaiago nengoen, oso kontzentratuta; uste dut Altsasun ohartu nintzela, txapelketa honetan ohartu naizela, alderdi emozionalak zer pisu daukan txapelketan". Orain arte "bertsotan aritzea eta punto" zela iruditzen zitzaion etxarriarrari, "baina puxka handi bat urduritasuna kudeatzea, egoeran bertan jartzea, bertsoz bertso joatea da; hau pasata zortziko txikia dator, heldu". Atseden hartzea ere garrantzitsua dela ohartu da, tarte batez besteen bertsoak "ez aditzea".


Saats Karasatorre, eskuinean, Altsasuko finalaurrekoan. JOSU SANTESTEBAN / NBE

Txapelketan "alderdi emozionala" eta "deskonektatzea" garrantzitsua dela esan dute bertsolariek

"Lortzen da, eta garrantzitsua da. Deskonektatzea eta saioaz pixka bat ahaztea ongi dator. Denbora guztian pentsatzen baldin bazaude zerbait erdipurdi egin duzula, eta besteak oso ongi egiten ari direla...". Alderdi emozionala oso garrantzitsua dela uste du Alegrek, eta bakoitzak egiten duenarekin "zentratzea eta horrekin joatea" hoberena dela gaineratu du. "Agian batzuei gehiago kostatzen zaie, baina lortu behar da".

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalean bi etxarriar ez direla inoiz egon esan du Lazkozek, "eta historikoa da". Txapelketan lau bertsolari sakandar egotea "baloratzekoa" dela gaineratu du, "finalaurrekoetan egotea eta maila ona ematen. Ekain eta Idoia ez dira finalera pasa, baina aurreko txapelketatik uste dut salto polita eman dutela". Bertsolaritzak "bakarkako" lanetik asko duela esan du, "eta ez gara eremu oso bertsozalean bizi", horregatik ere baloratzekoa da altsasuarrek egindako lana. "Ea honen harira gaztetxoen artean zerbait pizten den".

Emozioa
Karasatorre Lakuntzako eta Altsasuko bertso eskolen irakaslea da, eta laster eskolako eta ikastolako haurrekin ere bertso eskolak emanen ditu, eta finalarekin haurrak "oso motibatuta" ikusten ditu; "aukerak ikusten ditu. "Boli eta biok eta Ekain eta Idoia hor egoteak eragin du, nahiko engantxatuta ikusten ditut". Sakana mailan bertso saio gehiago antolatu behar direla aldarrikatu du, "nik uste horrek ere zerbait ekarriko duela, eta horren aldarrikapena egin behar dugu". Bertsolariek beraiek saioak antolatzen dituzte, baina udaletatik ere antolatu beharko lituzketela esan du: "Berez nahiko erraza da, udal batendako, beste gauza batzuekin alderatuta, erraza eta merke da bertso saio bat antolatzea". Lazkozen iritziz beherakada bat egon da azken urteetan, "lehen herri gehienetako festetan saioak egiten dira, eta jaitsi egin da hori".

Sakanan gehiago kantatzea eskertuko luketela jarraitu du Karasatorrek: "Herriko festetan saio bat baldin badago, gaztetxoak ikustera joaten dira, hor ikusten dituzu bertsolariak, eta hori hor gelditzen da eta metatzen joaten da". Alegre iritzi berekoa da: "Ez badituzu ikusten ez duzu erreferenterik. Altsasun egiten diren saio bakarrak txapelketakoak dira, horrela tokatu da azken bi urteetan, baina igual ez dugu beste saiorik bi urtera arte". Txapelketan bi bertsolari altsasuar eta finalean bi etxarriar dauden arren, kalean ez dela "erakusten" salatu du altsasuarrak. "Altsasuko saioa bete zen, eta Etxarrin bertso saioak egiten dira, baina beste herrietan ez dira apenas egiten". Etxarrin "zortea" dutela esan du Karasatorrek, udalaren aldetik bertsolaritzarako jarrera dagoelako: "Bi saio potente antolatzen dira".

Bertso saioen bidez zaletasuna "pizten" dela esan du Lazkozek: "Duela pare bat urte gaztetxean bertso afari bat antolatu genuen eta gazte batzuen artean bertsotarako zaletasuna piztu zen, saioetara hurbiltzen dira". Urdiaingo gaztetxean aurreko urtean antolatu zuten bertso saioak antzeko eragina izan zuela esan du Alegrek: "Jendea flipatzen atera zen oso polita izan zelako; azkenean, ez baduzu inoiz bertsotan ikusi eta saio on bat ikusten duzunean, gehiago nahi duzu". Baina gero ez daude gehiago. Horretan haiek ere "ardura pixka bat" dutela gaineratu du Lazkozek, "antolatu beharko ditugu". 

Finalaren bidean Txapelketarako prestaketetan Alegre "pixka bat dispertso" aritu dela esan du altsasuarrak. Bilbon ikasten ari da eta Deustuko "jendearekin" elkartzen ari dela esan du, "hiru pertsona aritu gara Nafarroako eta Bizkaiko txapelketak prestatzen". Egun batzuk Barañainera ere joan dela esan du, "asteburuetan". Aurretik Irurtzunen taldetxo bat biltzen zen, Granizo barne, "baina astean zehar gelditzen dira eta ezinezkoa zait". Etxarriarrak "eskuz esku" aritu direla esan du Lazkozek; "Leitzara eskapada pare bat ere egin ditut". Karasatorre ere Josu Sanjurjorekin eta Saioa Alkaizarekin aritu dela esan du. "Baina gure artean egoten gara". Topaketak aurretik gelditu gabe prestatzen dituztela esan du, "egun batetik bestera gelditzeko esaten dugu". Horretan ere "inprobisatzen" dutela gaineratu du Lazkozek.

Nola irudikatzen dute finala? "Boliren lehenengo aholkua izan zen Anaitasunako (aurreko urteetako finaletako) bideoak ikustea. Bideo horretan irudikatzen dut nire burua". Bideoak "gustura" ikusten ari dela esan du Karasatorrek, "dezente ikasten ari naiz. Saio gehienetan egon naiz, baina beste ikuspuntu batetik ikusten ari naiz orain". Funtzionatu duela esan dio Lazkozi. "Inportantea da zure burua han topatzea, zer tokitan egon behar zaren pentsatzea. Bestela, plazak jaten zaitu eta ez diozu bueltarik ematen". Alegrerendako ere aholku ona da: "Askotan badakizu non kantatuko duzun eta ongi dator. Bestela, kokatzea, 2000 pertsonaren aurrean egotea... Zer egingo dut nik pentsa dezakezu".

Finalaren egunean, goizean, Lazkoz Anaitasunara joan izan da, "aulkiak jarrita ikusi geroko momentu horretan sorpresarik ez hartzeko laguntzen du". Bertsolari bakoitzak bere moduak dituela esan du, "beste batek agian ez du aurretik ikusi ere egin nahi". Zortzigarren finala izanda, "ikusita daukat pixka bat zer den hori. Baina egia da aste hau eta aurrekoa nahiko xelebreak izaten direla. Egin behar dituzun gauzak ahaztu egiten zaizkizu". Burua "beste gauza batzuetan" egotearen ordaina: "Askotan zure burua oholtzan imajinatzen duzu". Aurreko lan hori "nahi gabe" egiten dela gaineratu du Lazkozek.

Txapelduna?

"Sekula baino jende gehiago dago txapela irabaz dezakeena"

"Aurrekoan hizketan egon ginen eta uste dut sekula baino jende gehiago dagoela txapela ustez txapela irabaz dezakeena". Finaletik "edozer gauza" atera daitekeela esan du Lazkozek. "Ikusiko dugu. Badakigu bidea zein den, bertsoz bertso joan eta bat ona bota baduzu, bestea hobea botatzen saiatu". Lazkozek Karasatorrek finalera iristeko "gaitasuna" zeukala bazekien, txantxetan: "bestela ez nuen denborarik galduko aholkuak ematen". Gauzak ongi atera zitzaizkiola gaineratu du etxarriarrak: "Gero lortzerik zuen ez da erraza konpetentzia handia delako. Batzuetan nahiz eta gauzak ongi egin besteek hobeki egiten dute. Ahalmena bai". Alegrerendako, aldiz, Karasatorreren sailkapena, "sorpresa" bat izan zen. Karasatorre: "Egia da eguna dela, gauza asko tokatu daitezke, baina horrela gertatu zen, eta begira. Uste dut Altsasun baino hobeki egin dezakedala".

Finala "oso gogorra eta nekagarria" dela esan du Lazkozek, baina disfrutatzera joanen direla. "Ez bagenu disfrutatuko ez genukeen hor egotea helburu bezala edukiko". Buru eta gorputz esfortzua dela gaineratu du Karasatorrek, "ohatzean sartu eta burua hor dago lanean oraindik".