Irailean Heldu da kontua II. Helduentzako Kontalaritza Sorkuntza Sariak banatu zituzten Arrasaten, eta Joxe Aldasoro idazle etxarriarra Mingots eta Langarratik lanarengatik saritua izan zen, Dorleta Kortazarren Ispiluak lanarekin batera. Saridunek helduendako Euskal Kontakizun Zirkuituan parte hartzeko aukera izan dute. Abenduaren 7an Aldasoro Irurtzungo Pikuxarren izan zen, Aizpea euskal taldeak antolatutako Euskal Ekitaldiak programaren barruan, helduendako ipuin kontakizun saio bat eginez. Idazmena eta ipuin kontalaritza duela bi urte inguru bakarrizketekin ere uztartzen ditu etxarriarrak, eta abenduaren 15ean, ostirala, 22:00etan, Zurrakapotie saioa eginen du Etxarri Aranazko kultur etxean.
'Barre Librea' saioan hasi zinen bakarrizketalari. Nolakoak izan ziren hasierak?
Antzerkia ikasten neramatzan urte batzuk, eta bakarrizketa ikastaro baten iragarkia ikusi nuen, Gasteizen. Pandemia garaia zen. Ikastaroa bukatzen zen jendaurreko batekin, ezin izan genuen egin. Materiala banuen eta kointziditu zuen Barre Libreaken aukera eman zutela zaletuek parte hartzeko. Bideoa bidali, kastina egin eta, ondoren, grabazioa. Hiru minututan hiru txiste moztu zizkidaten. Halaxe nire debuta.
Zer gai jorratuko dituzu Etxarriko saioan?
Gaiak denetarikoak izango dira. Euskara, irakaskuntza, kirola, aisialdia, politika, erlijioa… Gehiago zehaztea spoilerra egitea litzateke. Gainera, egunean bertan, altxatzen naizen umorearen arabera,ozpindua ala are ozpinduagoa, gairen bat sartzea erabaki dezaket eta, beraz, beste bat kentzea.
Zer da bakarrizketa bat?
"Planteamendua da: pertsona bat mikro batekin esenatoki batean barre eginarazten"
Bakarrizketa mota asko dago. Azken urteetan stand up deiturikoak bizi du loraldia; ni egiten saiatzen ari naizena. Planteamendua oso sinplea da: pertsona bat mikro batekin eszenatoki baten gainean barre eginarazten. Barreak ateratzen baditu, ona; bestela, txarra. Barre eginaraztea zaila egiten zait, batzuek berezkoa dute abilidadea. Herri guztietan, kuadrilletan, badaude halako fitxajeak. Nire prozesua halaxe izaten da: gaia aukeratu, idatzi eta idatzitakoa behin eta berriro orraztu txisteak ateratzeko eta fintzeko. Horretarako ere badaude teknika batzuk: hirukoen erregela, callbacka…
Nola prestatzen dituzu? Inprobisaziorako tokia dago?
Inprobisaziorako gaitasuna bakarrizketari onek badute, nik mugatua dut ahalmen hori. Motza dena, motza da. Horregatik da hain garrantzitsua nire kasuan aurreko prestaketa. Gertatu izan zait saioa erdi parean utzi behar izatea txisteek funtzionatzen ez zutelako. Nire irakasleak esaten zuen bezala, inprobisazioa ere entrenatu egiten da. Klabe bat horixe da: naturaltasunaren inpresioa ematea. Gehienetan, uste duguna baino landuagoak izaten dira testu eta txisteak. Etxarriko saiorako bereziki landu dudan ariketa da. Kontuan hartuta sarreren salmentak sould-out-a iragartzen dutela, barruan dudan dena eman beharko dut.
Bestetik, Heldu da kontua irabazi zenuen eta helduendako ipuin kontalari ari zara. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Gazi-gozoa. Saio batzuk ondo ateratzen ari dira; beste batzuk ez hainbeste. Helduendako saioek ez dute publiko asko eta kontakizunetara, Etxarrin izan ezik, jende gutxi agertu da. Bestalde, nire burua trebatzeko oso baliogarriak egiten ari zaizkit saioak. Mai Gorostiaga lehiaketaren antolatzailetako batek lagundu nau guztietan, eta bere kritikak asko laguntzen ari zaizkit.
Haurren kontakizunekin alderatuz?
Haurren zailtasuna handienetariko bat da erreakzio espontaneoa dutela. Ipuina gustatzen ez bazaie izorratuta zaude. Hor bai inprobisatzen hasi behar; antzerkiaren bidez, beste ipuin baten bidez... Toki batzuetan euskara maila ere arazoa da: galdetu izan didate gatza zer den, arotza, zurgina… Zortzi urteko haurrek. Bestalde, gero eta aditu gehiago ados dago haurren atentzio ahalmena mermatzen ari dela. Helduekin, aldiz, momentuz behintzat, edukazio minimo bat gordetzen jarraitzen dugu. Egia da somatu izan ditudala begiak ixten edo zerarizarakontatzen aurpegiak. Helduen kritikak, negatiboak direnean, zailagoak dira onartzeko. Haur batek berehala ahaztuko du gustatu zaion edo ez kontalaria, heldu bati ez. Ez du errepikatuko, programatzailea bada ez dizu deituko.
Zer kontatzen du zure ipuinak?
"Askotan kontalariak baino, entzuleak erabakitzen du zein den ipuinaren gaia"
Helduen kontaketetan hiru ipuin mota daude: tradizionalak, autore ipuinak eta norberak asmatutakoak. Nik autore ipuinak aukeratu ditut kontakizunerako: boterea, maitasuna, gerra, anbizioa, garapen pertsonala… Askotan, kontalariak baino, entzuleak erabakitzen du zein den ipuinaren gaia, zer hartzen duen ipuinetik. Ipuin batean, entzuleek esaten didate maitasun ipuina dela, nik beste zerbait ikusten dut. Bakoitzak bere interpretazioa du.
Nolakoak dira ipuin kontakizun saio hauek?
Ez daukate misteriorik. Orain artekoetan Maik aurkezten zuen; helburuak eta abarrak. Ondoren ni hasten naiz ipuinak kontatzen. Bukaeran solasalditxoa egiten dugu: norenak diren, zer gustatu zaien, hausnarketak, bizitzaren ingurukoak... Kontaketan zehar saiatuko naiz negar eta malkoak ateratzen (barrezka) eta gero denak tragoa hartzera.