2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zen abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. 2.350 lagun elkartu ziren, inoizko finalik jendetsuena. Zozketak erabakitako ordenean Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Saats Karasatorre Martinez, Sarai Robles Vitas eta Julio Soto Ezkurdia aritu ziren kantari.Ainhoa Larretxea Agirrek egin zituen aurkezle lanak, eta Ander Aranburu Arriola aritu zen gaiak ematen. Epaimahaia sei epailez osatuta zegoen: Aimar Sagastibeltza Caballero, Amaia Telletxea Larretxea, Joseba Beltza Bengoetxea etxarriarra, Mikel Beaumont Arizaleta, Nerea Bruño Artazkoz eta Saioa Mitxelena Irazoki.
Ekitaldiaren lehen zatian bost ariketetan aritu ziren zortzi finalistak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horietan Lazkozek eta Sotok bildu zuten puntu gehien, eta haiek pasa ziren buruz burukora. Atal horretan, puntuka eta seiko motzean aritu ziren hasiera, eta ganbarako lanarekin bukatu zuten eguneko saio puntuagarria. Horren ostean iragarri zuten txapeldunaren izena; Julio Soto. Txapelketako bere hamaikagarren finalean bere ibilbidearen seigarren txapela irabazi du 1048,5 puntuekin. Eneko Lazkozek 1045,5 lortu zituen. Azken hamabi urteetan Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari izandako Alaitz Rekondok jantzi zion 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela. Soto eta Lazkozen ondoren, Xabat Illarregi (635,5), Joanes Illarregi (601), Saioa Alkaiza (594), Josu Sanjurjo (569,5), Saats Karasatorre (556) eta Sarai Robles (550,5) sailkatu ziren.
Txapeldunak "argi xamar" sentitu zela esan du bertsoa.eus atarirako egindako elkarrizketa batean. "Ez dut nahi nuen guztia egin, gorabeherak izan ditut", baina hasieratik bere burua argi ikusi zuela nabarmendu du. "Batzuetan gertatzen zaigu burua ez izatea horren argi. Nik ilusio hori neukan, oholtzan presente egotea bertsoa sortzerakoan; kontzentratuta". Bere helburua "presente" egotea zen, "hori bete dut eta pozik nago".
Sakandarrak
Eneko Lazkozek gehiago disfrutatu du, "poz gehiago sentitzen dut nigan"
Zortzigarren finala zuen Eneko Lazkoz etxarriarrak, eta laugarren aldiz, "berriz", txapeldunorde gelditu da. "Baina aurreko aldian baino poz gehiago sentitzen dut nigan, finalean bertan askoz gehiago disfrutatu dudalako", adierazi du bertsoa.eus-en. Bertsotan ere "oso ongi" aritu zela uste du: "Hor egotea ez delako erraza, eta berriz lortu dut. Nire kalkuluen arabera ez nuen hain txapelaren borrokan sartuta ikusten, eta penatxo hori dut erabaki batzuk ez nituelako hartu, txapela hain gertu nuela jakingo banu hartuko nituenak".
Eguerdian "plaza hutsik" ikusi zuen Lazkozek, "eta horrelako susto txiki bat eman dit hemen laugarren edo bosgarren urtea delako eta urtetik urtera oholtza geroz eta atzerago doa". Plaza oso betea zegoen eta entzuleak "hasieratik" oso esker onekoak izan zirela gaineratu du Lazkozek. "Saio on bat eta denon artean plaza oso ederra gelditu da". Lazkozek izena emateko "zalantza asko" izan zituela esan du, "iazko txapelketa nagusitik animoz nahiko jota gelditu nintzelako", eta txapelketa bati aurre egiteko "indar dezente" behar delako: "Emozionalki ere indartsu egotea beharrezkoa da". Baina txapelketan "bide oso polita" egin duela uste du: "Bide hori guztia begiratuta uste dut gehiago irabazi dudala galdu dudana baino".
Lehenengo aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketa batean bi sakandar iritsi ziren finalera, Lazkoz bera eta Saats Karasatorre. Bere lehenengo finala jokatu zuen eta esperientzia "ederra" izan dela esan du bertsoak.eus atarian. "Uste dut nolabait orain arte egindako lanaren erakusleihoa izan dela". Uste zuena baino lasaiago egon zen, "urdurixeago egongo nintzela uste nuen, aurreko saioetan urduriago nengoen". Kokatzen asmatu zuela uste du, "igual teknikoki hobe aritu dira batzuk, oholtza handi baten gauza".