Astekaria

"Palan hobetzen ari naizela ikustea... oso harro nago"

Maider Betelu Ganboa 2024ko urt. 17a, 13:30

Maialen Larraza Senar, Sakanako Pala Txapelketako txapela eta sariarekin. UTZITAKOA

Maialen Larraza Senar palista etxarriar gazteak Sakanako Pala Txapelketako lehen mailan debutatu zuen, eta txapela lortu, Enara Maziziorrekin

Abenduaren 22an eta 23an jokatu ziren Sakanako Mankomunitateak Gure Pilota elkartearekin eta bestelako entitateekin antolatutako XIX. Sakanako Pala Txapelketako finalak. Betiko moduan, giro ederra zegoen Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. Guztira zortzi final jokatu ziren, kategoria txikiko sei eta bi maila nagusiko bi, lehen mailakoa eta eliteen mailakoa. Kategoria nagusian sakandar bakarra sailkatu zen finaletara, aurten lehen mailan debutatu duen Maialen Larraza Senar etxarriarra. Eliteen mailan Irati Igoa finalerdietan erori zen, eta Naroa Otxoak ez zuen lortu finalerdietara heltzea. Maialen Larraza orain arte kategoria txikietan ibiltzen zen eta lehen mailan debut ikusgarria egin du, Sakanako Pala Txapelketako lehen mailako txapelduna baitugu, txapelketako Enara Mazizior bere bikotearekin batera.

Aurten debutatu duzu Sakanako Pala Txapelketako lehen mailan.
Lehen mailan jokatzeko aukeraren berri eman zidatenean, asko poztu nintzen. Palan jokatzea oso gustuko dut, eta lehen mailan aritzea sekulako aukera zen niretako. Normalean nire adineko palistekin jokatzen dut. Aurten 16 urte beteko ditut, eta kadeteen bigarren urtean nago. Sakanakoan nagusiekin jokatu dut, eta oso gustura.

Gure Pilota eskolako arduradun Miguel Angel eta Yara Aristorenak dohainak ikusiko zizkizuten debuta egiteko. 
Ez dakit, esan dezakedana da gogo handiz joaten naizela entrenatzera. Ni ez naiz lehen mailan jokatu duen bakarra, nire adineko Gure Pilotako beste palista batzuei ere lehen mailan jokatzeko aukera ere eman baitzieten (Lexuri Lazkoz, Onditz Gaintzarain, June Astitz eta Auritze Beltza), baina ni izan nintzen finalerdietara sailkatu nintzen bakarra.

"Lehen mailan jokatu nuen lehen partidan zegoen mailarekin flipatu egin nuen; uste nuen partida guztiak galduko nituela"

Atzelari zara. Nola ikusi duzu zure burua Sakanako Txapelketako lehen mailan? Zure bikoteak, Enara Maziziorrek, eskarmentu handia du eta konfiantza handia emango zizun.
Maila handia zela aitortu beharra dut. Lehen partidan jada flipatu egin nuen zegoen mailarekin. Baina Maziziorrekin zorte handia izan dut; askotan jokatu du Sakanako Txapelketa eta hori, azkenean, nabaritzen da. Izugarri lagundu nau. Tantoren bat huts egiten nuenean ez zela ezer gertatzen esaten zidan, ni lasaituz. Lehen partidan konfiantza hartzen duzunean, bigarren partida gusturago jokatzen da. Uste dut txapelketan ongi jokatu dudala.

Enara Maziziorrek 2022ko Sakanako Txapelketako lehen mailako finala irabazi zuen Naroa Otxoa etxarriarrarekin. Eta 2023an ere finala jokatu zuen, kasu honetan zurekin. Finalerako sailkatzea espero zenuen?
Inola ere ez. Esan zidatenean lehen mailan jokatuko nuela pentsatzen nuen partida guztiak galduko nituela. Ongi jokatzera eta ikastera joan nintzen txapelketara. Baina ikusi nuenean lehenengo partida irabazi genuela sekulako gorakada sentitu nuen. Horren atzetik, partida guztiak irabazi genituen.

Behin finalera iritsita, zer pentsatu zenuen?
Finalera sailkatzearekin bakarrik zoriontsu nengoen. Behin finalera iritsita, berdin zitzaidan zer gertatu, galdu edo irabazi. Hori bai, irabaztera atera ginen.

Nolakoa izan zen finala?
Sakanako Txapelketako finaletan Etxarriko frontoian sortzen den giroa oso polita da, berezia. Ikusle asko zeuden, eta nik nire baitan pentsatzen nuen: baina zer ari naiz ni hemen? Baina gero gustura aritu nintzen. Partida guztia aurretik joan ginen, sei tanto inguruko abantailarekin, baina bukaeran Aizpeolea eta Sarasibar gerturatzen hasi ziren, eta urduri jarri nintzen. Azkenean, ongi eutsi genuen, eta txapela irabaztea lortu genuen 18 eta 25 irabazita.

Txapela jantzita, zer sentitu zenuen?
Oso harro sentitu nintzen. Pala izugarri gustuko dut, eta hobetzen ari naizela eta lehen mailako final bat irabazi dudala ikustea... gogotsu nengoen, eta oso harro nago. Aristorena ere oso kontentu zegoen. Maila horretako partida batean ni horrela jokatzen ikusteko gogoa zuela esan zidan, eta oso pozik zegoela. Hori bai, hobetzeko gauzak daudela ere aipatu zidan, baina ongi aritu nintzela.

Zeinen opari ederra ekarri zizun Olentzerok.
Bai (kar-kar). Palako guztiek bazkaria izan genuen, eta gustura ospatu genuen txapela.

Txapelketa irabaztearekin pauso bat egin duzu aurrera. 
Nafarroako Federazioaren deia jaso nuen paleta argentinarrean egun batzuk entrenatzera joateko. Ez dakit horrek segida izango duen. Orain Lexuri Lazkozekin Euskal Herriko Paleta Goma Txapelketa jokatuko dugu. Joan zen urtean hirugarren sailkatu ginen, ea aurten. 

Gure Pilota klubak pala sustatzeko egiten duen lan handiaren beste fruitu bat zara.
Klubean lan handia egiten da. Palan jokatzea ikaragarri gustuko dut. Gainera, txikienei ere pala irakasten diet. Oso gustura noa bai jokatzera, eta baita haurrei entrenatzera ere.