Beste logotipo batzuekin batera, Etxarri Aranazko 2023ko festen programan Etxera zioen eta bi geziz lagundutako Sareren irudia argitaratu zen. UPNk Etxarri Aranatzen duen zinegotzi Juan Frommknecht Lizarragak irudi hori eta Sarek festetako larunbatean antolatutako manifestazioaren berri ematearen kontra helegitea jarri zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian. UPNk jakinarazi duenez, “auzitegiak EH Bilduk gobernatzen duen Etxarri Aranazko Udala behartu du ETAko presoen aldeko adierazpenak bere webgunetik kentzera”.
Alderdi erregionalistak azaldu duenez, auzitegiaren ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai bat du oinarri, Pasaian izandako antzeko gertakari baten aurrean emana. Epai hartan jasotzen denez, "Konstituzioaren 10. artikuluko ekintza kaltegarria da, ETA talde terroristaren biktima izan ziren pertsonen duintasunaren aurka egingo lukeelako, eta Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko 29/2011 Legean xedatutakoa urratzen duelako".
UPNk gaineratu duenez, epaiak gaineratzen du: "Etxarri Aranazko Udalak ezin du bozeramaile, tresna edo errebindikazioen adierazpide gisa jardun, nahiz eta legitimoak izan, ideologia edo aukera politiko jakin batek bereizitako gizabanako, gizatalde edo taldeen aldarrikapenak; izan ere, kasu horretan, interes orokorrari kalte eginez, ideia, sinesmen edo erlijio hori tokiko erakundearen eginkizun eta helburuekin nahasten da". Azkenik, epaiak ondorioztatzen du: "festetako programetan euskal presoen aldeko adierazpen politikoa dakarten ekitaldiak bidegabe sartzeari buruz ezarritako doktrinak, dela Udalak deituta, dela tokiko erakundeak kolektibo bati emandako laguntza gisa, Nafarroako toki erakunde horrek Konstituzioaren 103. artikuluaren arabera izan behar duen neutraltasun politikoaren printzipioa urratu dela deklaratzera eramaten du".
Erregionalistak sozialisten kontra
UPNk epaia baloratzeko zabaldutako prentsa oharrean azaldu dutenez, "hauek dira Chiviteren bazkideak", eta presidenteari galdetu diote ea hori den "Nafarroarentzat eta Iruñearentzat nahi duen bizikidetza eredua, EH Bilduko kideen eskutik". Erregionalistek gaineratu dutenez, "horrelako portaerek, edo joan den asteburuan kalera terroristak ateratzea eta espetxe onurak aplikatzea eskatzeko manifestazio batera joan zen Laura Azmalena bezalakoak, agerian uzten dute EH Bilduko buruzagien benetako taxu etikoa, morala eta gizatiarra, biktimekiko mespretxua eta PSOEren aldetik zuritzeak dakarren lotsagabekeria", kritikatu dute.
UPNtik "etika eta duintasunean oinarritutako benetako bizikidetza" eraikitzearen alde agertu dira, "ez euren zerrendetan terroristak daramatzaten alderdien zuriketan oinarritutakoa, terrorismoa zalantzan jartzen ez duena eta indarkeria helburuak lortzeko egokia denean edo baliagarria denean edo ez denean eman behar dela ulertzen duena".