Komunak paperontzi gisa ez erabiltzeko deia

Guaixe 2024ko mar. 5a, 10:00
Hoditik ateratako zapi hezeak. ARTXIBOA

Otsailaren 23an herriko kolektore nagusietako bat buxatu zen, hondakin solido ez-biodegradagarriak bota zirelako. Udala kutxatilen ikuskapenak eginen ditu isurketen jatorria kontrolatzeko.

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, herriko kolektore nagusietako bat buxatu zen. Zenbait etxarriarrek komuneko zulotik hondakin solido ez-biodegradagarriak bota zituztelako gertatu zen hori. Kolektorean opatutakoen artean daude toallatxo hezeak, kamisetak, fardelak edo latak. Etxarri Aranazko Udalak gogorarazi duenez, "erabat debekatuta dago komunera hondakin solidoak edo ez-biodegradagarriak botatzea, herriko estolderia sarean buxadurak eragiten baitituzte". Udalak gaineratu duenez, "ingurumen arazoa izateaz aparte, gastu erantsia dakar diru kutxa publikorako". 

Udalak azaldu duenez, "beharrezko prebentzio-neurriak hartu izan ditu eta hartuko ditu estolderian buxadurak saihesteko". Aurreratu duenez, "fatxadetako edo etxebizitzetako kutxetetan ikuskapenak eginen dira isurketen jatorria kontrolatzeko". Azkenik, udalak etxarriarrei dei egin die "guztion kalterako diren horrelako praktika kutsatzaileak eta gizalegearen kontrakoak saihesteko".