"Ofizio txarra hartu duzu!" esan zion Antonino Imazek. "Ofizioa ez da txarra, lan egiten utziko balute!" erantzun zion Antonio Larrañaga Goñik, Katxok. Bi etxarriarrek, aldamenak, trenean bat egin zuten, baina Larrañagak eskuburdinak jarrita zituen, eta aldeetan guardia zibil bana. Gertakaria hala jasoa du Rafael Carasatorre Vidaurrek Etxarri Aranatz 1900-1940 liburuan. Han lapurra zela azaltzen da, baita epai baten berri eman ere. Herrian ere lapurraren memoria mantendu zen. Orain badakigu "bankuak espropiatzen", lapurtzen, zituen CNTko talde bateko kidea zela, CNTko Defentsa Konfederaleko Taldekoa hain zuzen ere. Haren kideek armak jaso, dirua bildu, sabotajeak egin, bahiketaren bat eta bestelakoak egiten zituzten. Ekintza zuzeneko jendea zen. Larrañagaren ibileren berri dakigu Ramon Albarracin Mauleoni esker (Etxarriko memoria taldeko kidea).
Celestina eta Martinen semea, 1906ko garilaren 26an jaio zen Maldakalean. Kuadrillarekin sagarrak lapurtzea leporatu zioten 13 urterekin, eta bi eguneko arrastatzea bete zuen. Herria utzi eta Donostiara joan zen bizitzera. Jornalaria ogibidez, CNTko kidea zen eta Arturo ezizena zuen. Donostian ezkondu eta bi alabaren aita izan zen. Hiru kiderekin batera Hondarribian atxilotu zuten, armak eta munizioa zituztela, 1933an. Urte bereko abenduan Logroñon atxilotu zuten, baina epaiketan absolbitu egin zuten. 1933ko abenduan preso sartu eta 20.000 pezetako (egungo 120, 20 euro, baina dirutza orduan) isuna jarri zioten Larrañagari. Baita Alquezar, Gurruchaga eta beste zenbaiti. Gipuzkoako mugimendu anarkosindikalistako buruzagiak izatea leporatu zieten.
Azken lapurreta
Taldeak auto bat lapurtu ondoren, Iruñeko Sarasate Pasealekuko Banco Hispano Americano (Las Potxolas zena) espropiatzera joan zen 1934ko garagarrilaren 28ko 10:30ean. Sei kide ziren, eta sartzean “eskuak gora” oihu egin zuten. Lapurreta bitartean bulegoan zeudenak komun batean batean sartu zituzten, baina taldekideak ez ziren jabetu leihotxo bat zuela. Handik lapurretaren berri eman zieten kalean zeudenei. 70.000 pezeta (420,70 euro) eskuratu zituzten. Baina ihesean atera behar izan zuten, hiru autoan, beste hirurak hainbat norabideetan laster egiten. Ez harrapatzeko, lapurtutako dirua airera bota zuten. Hala ere, Larrañaga eta bere kideak (Enrique Etxabe Artola, Jose Benede,) atxilotu zituzten. Iruñeko Probintzia Auzitegian epaitu zuten garilaren 17an, eta atentatu, banku lapurreta, kalte eta armak legez kontra edukitzeagatik 14 urteko espetxe zigorra jarri zioten etxarriarrari. CNTko kide izan arren preso arrunt gisa sailkatu zuten Iruñeko espetxean sartzean. Ondoren Burgosko espetxera urrundu zuten.
Frente Popular ezkertiarrak hauteskundeak irabazi zituen 1936ko otsailean, eta egunetara preso politikoendako amnistia eman zuen. Baina Larrañaga eta gainontzeko kideak delitu arruntak leporatuta espetxeratu zituztenez, ez zituzten amnistiarekin askatu. Burgosen zegoen preso estatu kolpea eman zutenean. Burgos kolpisten hiriburua bihurtu zen, eta presoei erreparatzean azkar jakin zuten zein akabatu.
Larrañaga Burgosko espetxetik 1936ko irailaren 9an atera zuten. Espetxezainek lekualdaketa edo aske geratu gisa jaso zuten irteera, eta beste 26 gizonena. Baina kanpoko aldean kamioira igoarazi eta hiriburuaren hego mendebaldean 21 km-tara dagoen Estepar herriko mendira eraman eta han fusilatu zuten. 30 urte zituela hil zuten.
Bisita
Carasatorreren liburuan eta Aranzadi zientzia elkartearen urtekarian Esteparko indusketei buruzkoa lotzean Albarracini susmoa piztu zitzaion. Eta haren berri Larrañagaren iloba Mari Carmen Nazabal Igoari eman zion. Bera hildakoaren familiarekin harremanetan jarri zen, Maria Jesus alabarekin. Fusilatutakoaren familia, 1936ko estatu kolpearen ondoren, Venezuelan exiliatu zen. Gaur egun Puerto Ricon bizi da. Haiek uste zuten Irunen desagertu zela, nahiz eta beste batzuetan Gasteiz jarri. Familiari beti esan zioten gaizkilea izateagatik atxilotu zutela Larrañaga. Deshobiratzea egin zela jakinik, gorpuzkiak identifikatzeko lanak errazteko DNA lagina bidali zion Puerto Ricotik Aranzadi zientzia elkarteari. Lagin hori ezinbestekoa izan da Larrañaga identifikatzeko.
Larrañagaren alaba adindua da eta ezin denez etorri, Puerto Ricotik haren alaba Alicia Sagasti Larrañaga etorri zen. Eta bere lehengusu Nazabalekin batera Esteparrera joan ziren otsailaren 5ean. Hilerriko fusilatuen omenezko oroigarria eta mendian gorpuak (96 momentuz, 300dik gora daude han) agertu ziren parajea bisitatu zituzten, familia omenaldi horregatik hunkiturik. Senidea militante politikoa zela jakin dute ere.
Amaia Ijurko Artola, Maria Saez de Albeniz Bregaña eta Ramon Albarracin Mauleon Antonio Larrañagaren irudiarekin.
Identifikatu eta opatu zain
Etxarriarraren gorpuzkien aurkikuntzaren berri izanda, Maria Saez de Albeniz Bregañak jakinarazi du udalak zerbait eginen duela aurrerago. Albarracinek azaldu duenez, gutxienez 18 etxarriar dira estatu kolpearen ondoren hildakoak. Urbasako rasoan hildakoak bost identifikatuta daude. Beste batzuk jasota daude eta zortziren bat desagertuta daude. Albarracinek jakinarazi duenez, Lizarragako Tunelgañan, San Donatorako bidearen hasierako maldaren ezkerrean tximinia moduko batekin estalitako leze bat dago. "Lizarragabengoako artzain bati esker dakigu han gutxienez bi gizonezko bota zituztela. Nafarroako Gobernuak XX. mendeko 50eko edo 60ko hamarkadan harri pila bota zuen han. Leze hori ere ikertu beharra dago", azpimarratu du Albarracinek.
Bestalde, jasota dauden gorpuzkiak identifikatzeko, senideak DNA laginak ematera gonbidatu ditu Albarracinek. Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritzarekin harremanetan jarri behar dira horretarako. Amaia Urkijo Artolak (Altsasu Memoriako kidea) bere hildakoak opatu nahi dituzten senideei "gainean" egoteko aholkatu die. "Susmoa badute tokiren batean hil zituztela eta han deshobiratzeak egiten ari badira, jakinaren gainean jarri ikertzaileei eta agintariei. Gainean egon beharra dago. Ez dira gorpuzkiak ematera etorriko".