Astekaria

Brodatzearen historia eta istorioak biltzeko

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mar. 25a, 12:51

'Hariak hitz' Brodatu feministak egiteko topaketaren talde argazkia. @BERDINTASUNAS

'Hariak hitz' Brodatu feministak egiteko topaketa antolatu zuten martxoaren 23an Etxarri Aranazko plazan. Brodatzen ikasteko aukera izanen zen, eta helburua brodatzearen inguruan emakumeak eta feministak elkartzea zen.

"Brodatua erabili izan da gizarte zibilizazio guztietan pixka bat emakumea isilarazteko, gordetzeko, eta ezkontzerako emakumearen irudi fina, metodikoa eta isila islatzeko. Baina emakumeak historian zehar brodatua guztiz kontrarako erabili izan du: aldarrikapenak egiteko, mezuak uzteko...". Esaterako sufragistek haien pankartak egiteko brodatua erabiltzen zutela azaldu du Alazne Juaniz Erabiliko jostuna eta Emhari joste taldeko irakasleak. Martxoaren 23an, Etxarri Aranatzen, emakumearen eta brodatuaren arteko harremanaren berri historian zehar eman zuten Hariak hitz Brodatu Feministak topaketan. Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuak, Etxarri Aranazko Udalak, Emharik eta Erabilik antolatu zuten ekimena Emakumearen Egunaren harira.


Brodatu feministak egiteko topaketa, brodatzen. @BERDINTASUNAS

"Emakumearen historian brodatuak gauzak kontatzeko, ohiturak mantentzeko eta mezuak gordetzeko erabili izan dira"

Brodatu feministak topaketa Emhari taldearen lanen erakusketaren mustutzearekin hasi zen: "Urte batzuk daramatzat Etxarrin klaseak ematen, eta ikasleekin Emhari taldetxoa sortu genuen. Urtero martxoaren 8aren inguruan erakusketa bat prestatzen dugu, eta prestatutako brodatuekin larunbatean eginen dugu". Brodatu ezberdinekin brodatuaren historia eta feminismoaren historia kontatzen dituzten testuak prestatu dituzte: "Brodatua zer den eta nola erabili izan duen emakumeak historia zehar gauzak kontatzeko, kulturak eta ohiturak mantentzeko, mezuak gordetzeko eta abarrerako".


Emhari taldearen erakusketa. @BERDINTASUNAS

Topaketan brodatzera ikasteko aukera izan zen ere, topaketaren aurretik egindako tailerrean. Juaniz: "Gure ideia da topaketan ahalik eta pertsona feminista gehien parte hartzea, orduan ez dakienak eta parte hartu nahi dutenendako aurretik puntada batzuk ikasteko aukera izanen da". Parte hartzaileek brotxe txiki bat egin zuten.


Brodatu feministak egiteko topaketa, brodatzen. @BERDINTASUNAS

"Topaketa feminista" izanen zela azaldu zuen Juanizek. "Norbait joste edo brodatu lan bat egiten ari bada, ekarri dezake; beste batek josten ez badaki bertan ikasi dezake eta brodatzera animatu; guk lagunduko dugu. Esaldi batzuk prestatuko ditugu eta denok brodatuko dugu, ez da aurretik jakin behar". Helburua "emakume pila bat" elkartzea eta energia "polit bat" sortzea zen. Topaketarekin amaitzeko Pantxika agertu zen, "sorpresa" batekin.