"Oso latza izan da", memoria kolektiboan gelditu diren hitzak

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko api. 22a, 11:23

Xabier Mendiguren 'Oso latza izan da' liburuarekin. KRONIKA.EUS

Joxe Arregiren heriotzan eta 1981eko otsaileko gertakarietan oinarritutako 'Oso latza izan da' liburua kaleratu du Xabier Mendigurenek. Fikziorik gabeko nobela da, eta apirilaren 22an, astelehenean, aurkezpena eginen du Etxarri Aranazko liburutegian.

1981ko otsail hasieran, Joxe Arregik, Carabanchel espetxeko erizaindegian hil zorian zela, alboan zituen hiru preso politikoei "oso latza izan da" esan zien. Handik gutxira hil zen. Torturaz hil zela frogatzeko, zenbait lagunek gorpua hilobitik atera eta argazkiak egin zizkioten. Egun horietan ardaztu du Xabier Mendigurenek Oso latza izan da nobela. Apirilaren 22an, astelehenean, Etxarri Aranazko liburutegian, idazleak solasaldi aurkezpena eginen du, Literatura Geraldiak programaren barruan, Jon Arratibel Xafanekin batera; 2011. urtean atxilotu eta torturak jasan zituen etxarriarrak eta Aztnugal hitzarekin sinatu zuen deklarazioa, laguntza hitza atzekoz aurrera, alegia. 

"Joxe Arregiren irudia, bere gorpua, argazki horiek, eta 'oso latza izan da' esaldi hori euskaldun askok gogoan daramagu. Geroztik etorritakoek erreferentziaren bat izango dute, ez dute hain fresko izango, edo ez dute jakingo ere". 1981ko urte horretan gertatutakoa ezagutu zutenek "oso bizi" gogoratzen dutela esan du Xabier Mendiguren idazleak. Gaztea zen, eta nerabezaroan jasotzen diren gertakariak "oso barrura" sartzen direla gaineratu du. "Niri oso barruraino sartu zitzaidan Joxe Arregirena". Urtetan "gogoaren txoko batean" edo erdi ahaztuta izan zuela esan du idazleak. "Iaz Zizurkilen andrearekin nengoen eta hango eskolan umea jasotzen emakume bat ikusi genuen, eta esan nion Bizente Ameztoiren alaba zela; Bizente Ameztoi nor zen azaltzen hasi nintzen". Bizente Ameztoi pintore ospetsu bat zen, kultura munduan ezaguna, eta "horrelako saltsan sarturik ez zegoena". Joxe Arregiren gorpua hilobitik atera eta argazkiak egiten ibili zirenetako bat zen. "Esplikatzen hasi nintzen eta ez zuen ezer ulertu; konturatu nintzen ez niola ongi azaldu, baina aldi berean esan nion neure buruari hortxe istorio bat baneukala".

Mendiguren aurretik saiatu izan zen Joxe Arregiren istorioa, "garai hura, otsail hura", kontatzen, baina ez zuen asmatzen nola. "Orduan ikusi nuen bere bizitzarekin batera, bere gorpua ateratzen ibili zirenen bizitzak oso desberdinak zirela, eta horiek paraleloki kontatuta nobela indartsua, atsegina eta originala gelditzen zela. Hori zen, behintzat, nire intentzioa eta pretentsioa. Irakurleek esan beharko dute zenbateraino asmatu dudan".

1981ko otsaila

"1981ko otsailan gertakari kate bat izan zen, arrasto oso sakona utzi zutena"

Berehala idazten hasi zen. "Konturatu nintzen informazio gehiago behar nuela". Protagonistak izan zirenak elkarrizketatzen eta ikertzen hasi zen: "Nor gehiago izan zen gorpu ateratze horretan, eta nola izan zen. Kontu izkutuak izaten direlako, neurri batean ilegalak". Aldi berean, otsail horretan gertatu zirenak ere kontatu behar zituen, "ez baitira huskeriak": Juan Carlos Espainiako erregea Eusko Gudariak kantatzen hartu zuten Herri Batasunako parlamentariek; Lemoizko zentral nuklearra eraikitzen ari zela Iberdueroko ingeniari burua, Jose Maria Ryan, ETAk hil zuen, Joxe Arregiren atxiloketarekin batera gertatu zela, eta handik egun batzuetara Tejeroren estatu kolpea izan zen. "1981eko otsaila gertakari kate bat izan zen, arrasto oso sakona utzi zuena. Nire ustez, hurrengo urteetako politika nolakoa izango zen finkatu zuen; zein jartzen zen lubakiaren alde batean edo bestean". Hori kontatu nahi zuen nobelan. 

Oso latza izan da benetako gertakarietan oinarritutako nobela bat dela esan du Mendigurenek. "Kontatu dudan guztiguztia benetakoa da". Nobelista lana "zer sartu eta zer ez eta zer zeren ondoan kontatu" erabakitzerakoan egin du. Historialari bat balitz bezala, "zorrotz" eta fikziorik sartu gabe kontatu du gertatutakoa. "Literaturan fikziorik gabeko nobela edo, kazetari batek esan zidan, kronika bat dela, baina oso modu literarioan kontatuta. Bata edo bestera deitu daiteke; benetako gertakariak nobela baten estiloan kontatuta".

Hasiera eta bukaera "pixka bat literarioagoak dira" eta erdian dagoena periodistikoagoa: "Barruak eskatzen zidan horrela idaztea". Hiru pertsonaien bizitza paraleloki kontatuta agertzen da: Joxe Arregi, Bizente Ameztoi eta Juan Kruz Unzurrunzaga arte galerista. "Gehiago jakin nahi duenak edo liburua irakurri edo Etxarriko liburutegira joan beharko du".

Irakurleen erantzuna "osooso atsegina" izaten ari dela esan du idazleak. "Batzuek esaten didate: beldurra ematen zidan liburuak gaiagatik gogorregia izango ote zen, baina gero ez da hain gogorra". Goxotasuna eta umorea badu. "Beste batzuk guztiz hunkituta eta eskertuta etorri zaizkit, Euskal Herrian badakigulako asko eta asko izan direla torturatuak eta denok dugu lagunen edo senideren bat, eta oso gutxitan kontatzen da". Torturaren gaia gogora ekartzeak "esker ona" piztu duela gaineratu du Mendigurenek. "Oso pozik nago horrekin. Jende askori barrura iritsi zaio". 

Pasioa

"Nolabait miraria egin zuen, askoren kontzientzia pizteko eta astintzeko"

Liburuaren azalean kristo hilaren irudia agertzen da. "Azal hori nahi nuela oso argi izan nuen liburua idazteko ideia izan nuenean". Kasualidadez irudi hori ikusi zuen eta hori zela pentsatu zuen. "Gaurko gazteei ez zaie gertatuko beste erreferentzia batzuk dituztelako, baina garai batean katekesia, eliza eta aste santuko elizkizunak ezagutu izan ditugunok, niri behintzat, kristoren hilaren irudia etorri zitzaidan Joxe hila ikustean". Pasioa gaur egun maitasunezko istorio bati buruz hitz egiteko erabiltzen dela gaineratu du, "baina pasioa berez sufrimendua da. Jesukristoren pasioa haren heriotzaraino izan zuen tratu txar hori azaltzen du, eta Joxe Arregik ere izan zuen pasioa, izan zuen heriotza, eta nolabaiteko berpizte bat". Kristo hirugarren egunean hilobitik atera omen zen bezala Joxe Arregi argazkiak egiteko atera egin zuten, "eta argazki horien bitartez agertu egin zitzaigun euskaldunei. Nolabait miraria egin zuen jende askoren kontzientzia pizteko eta astintzeko".

"Estatutik esaten dute tortura ez dela egon edo salbuespenak izan direla, baina guk euskaldunok badakigu hori gezurra dela; tortura sistematikoa izan dela eta salbuespena batzuetan agerikoa izan dela".