futbola

Beriainek Etxarrik egindako irain arrazisten salaketa ukatu du

Guaixe 2024ko mai. 28a, 09:55

Beriaingo futbol zelaia. ARTXIBOA

Beriaingo futbol taldeak komunikatua kaleratu du

Etxarri Aranatzek Beriainen kontrako partidan bere jokalari batek jasandako irain arrazistak salatu eta, arbitroari hala jakinarazita, bigarren zatian ez zen zelaira atera, bere jokalariarekiko elkartasunez eta irain arrazistak salatuta. 

Beriain futbol taldeak komunikatua zabaldu du Etxarrik egindako salaketa ukatuz. Lehen zatia bukatuta, eta Beriain 2-0 aurretik zela, aldageletara bidean izandako istilua ekarri du gogora Beriainek komunikatuan. “aldageletako tunelean zalaparta sortu zen, Etxarriko jokalari batek sortutakoa, gerora arbitroak kaleratu zuena. Hala jaso zuen arbitroak ondorengo aktan, jokalari hori kaleratu zuela Beriaingo hainbat jokalariei aurre egiteagatik, hiru arbitroak bertan zeudela. Etxarriko hainbat jokalarik eta teknikarik bigarren zatian ez zutela jokatuko azaldu zuten. Baina irain arrazistak, ezer” dio komunikatuak. 

Komunikatuan gaineratzen dute partida bertan behera zegoenean aipatu zietela jokalari bati irain arrazistak egin zizkiotela lehen zatian, “hiru arbitroek eta Beriaingo jokalariek ez zituzten entzun”. Aldageletako ateko kalteak salatzeaz gain, “Berian beti edozein joera edo adierazpen arrazistaren kontra dagoela eta egongo dela” jasotzen du komunikatuak.