Mendi lasterketak

Triku Trailen, ospakizun ugari

Maider Betelu Ganboa 2024ko uzt. 9a, 10:00

10. Triku Traileko txapeldun eta saritu guztien podiuma, Etxarri Aranazko kanpinean. N. MAZKIARAN

Lokatza izan zen 10. Triku Trail mendi lasterketako ezaugarri nagusia. 21 km-ko ohiko lasterketan Xabier Macias eta Maite Etxezarreta gailendu ziren, eta 10 km-ko motzean Ricardo Santamaria eta Guratz Azpiroz

Aurten data borobila ospatzen zuen Etxarri Aranazko kanpinean jokatzen den Triku Trailek, 10. edizioa baitzuen, eta nobedade garrantzitsuak izan ziren. Tartean, 21 km-ko ohiko Triku Trail lasterketaz gain (1.300 m desnibel +), 10 km-ko Triku Trail Motza (524 m desnibel +) antolatu zuten. Parte hartzea, ederra izan zen. 218 korrikalarik parte hartu zuten proba nagusian, horietatik 37 emakume, eta 144 ibilbide motzean, horietatik 43 emakume. Beraz, 362 korrikalari aritu ziren guztira.

Etxarriko lasterketa Nafarroako Lasterketa Luzeen Rankingerako puntuagarria izateaz gain, Triku Traileko bi ibilbideak Euskal Herriko Koparako baliagarriak izan ziren, eta lehia estua izan zen. 

Triku Trail egunean ez zuen euririk egin, baina bezperetako ekaitz eta euriteek ibilbidea urez bete eta lokaztu zuten, eta, ondorioz, lohia izan zen korrikalarien etsairik nagusiena, batez ere lasterketako lehen txanpan. Horregatik, ez zen marka handiak egiteko eguna izan. Hala ere, korrikalariek gozatu ederra hartu zuten. 

Macias, behetik gora
Lasterketa luzea estu joan zen; Xabier Macias iruindarrak (Hiru Herri) irabazi zuen (1:48:50), Iñigo Uribeetxebarria legazpiarraren (1:49:16) eta Hodei Samaniego sestaoarraren (1:50:01) aurretik. Lasterketa hasi eta 5. kilometro inguruan taldetxo bat jarri zen aurretik, Walter Becerra, Hodei Samaniego eta Iñigo Uribeetxabarriak osatutakoa. “Ni atzean nengoen, erritmoa gehiegi ez estutzeko. Lasterketa erdian nahiko teknikoa den eremu bat dago, eta hor eurekin bat egitea lortu nuen. 15. kilometroan erritmoa azkartu nuen, eta azken gunera Iñigo Uribeetxebarriarekin batera heldu nintzen. Jaitsieran guztia eman nuen, eta tarte txiki bat atera nion Iñigori, helmugara bitartean mantendu ahal izan nuena” azaldu zuen Maciasek helmugan. Triku Traileko aurreko edizio batean bigarren izan zen iruindarra, eta aurten arantza kendu eta txapelduna izatea lortu du. Horregatik, pozez gainezka zegoen.

Ibilbide luzeko lehen sakandarra Iraitz Berastegi lakuntzarra izan zen, primerako lana egin, eta sailkapen orokorrean 39. postuan sailkatuta (2:18:44).

Emakumezkoetan, Maite Etxezarretak ez zuen areriorik izan (2:14:30). Azpeitiarrak hirugarren aldiz parte hartu zuen Triku Trailen, eta bere bigarren garaipena lortu zuen, 2017koaren atzetik. "Lohi asko zegoen ibilbidean, eta ez zen korrika gehiegi egiteko eguna, baina gustuko lasterketa da, ibilbideko zatirik gehiena basoan delako” azaldu zuen irabazleak helmugan. Bigarren Ainhoa Intxausti segurarra (2:17:27) sailkatu zen, eta hirugarren Lara Estebanez legazpiarra (2:19:07). Lehen sakandarra Ainara Galarza urdiaindarra izan zen (3:01:45), baina aurretik Maite Zabaleta leitzarra sailkatu zen, Etxarrin bizi dena (2:59:48). 

Lehen etxarriarrak 43. sailkatutako Joxeja Maiza (2:19:28) eta Erkuden San Martin (3:07:50) izendatu zituzten. 

Congil eta Zabala, motzean
Lasterketa motzean Ezcarayko Ricardo Santamaria junior errioxarrak irabazi zuen proba, (52:32), Ekhi Congil etxarriarrari 16 segundo aterata (52:48). Congilek behetik gora egin zuen, lehen zatian okerrago ibili baitzen, zegoen lohiarengatik. Izan ere, Triku Trail luzearen atzetik abiatu zuten lasterketa ibilbide motzekoek, eta luzekoek aurretik zapatutako ibilbidea osatu behar izan zuten lehen eremuan. Hirugarren Mattin Intxaurrondo izan zen (53:27). Emakumezkoetan, Guratz Azpiroz uitziarra izan zen azkarrena (1:08:03), Jone Oar-Arteta gernikarraren (1:08:11) eta Marina Zabala lakuntzarraren (1:08:22) aurretik. Lehen etxarriarrak Ekhi Congil eta Leire Estarriaga (1:12:15) izan ziren. 

Festa polita
Bukaeran, Triku Traileko antolakuntzak auzate ederra eskaini zien kanpinean bildutako korrikalariei eta ikusleei, eta, ohikoa denez, egun ederra izan zen. Txikienendako rokodromoa prestatu zuen antolakuntzak, eta proba baino bi egun lehenago Pancho Balbuenaren kontzertua eta burger gaua antolatu zuten kanpinean. 10 edizio egunero betetzen ez direlako. 


Sakandarrak Triku Trailen
-Luzea (21 km)
Gizonak:
1. Xabier Macias 1:48:50
39. Iraitz Berastegi 2:18:44
43. Joxeja Maiza 2:19:28
68. Andoni Goikoetxea 2:30:31
74. Carlos Mañeru 2:35:15
75. Mikel Galarza 2:35:48
76. Iosu Urriza 2:35:50
87. Ibon Ubeda 2:39:07
89. Alain Iriarte 2:39:51
91. Kepa Gordo 2:40:00
96. Aitor Salinas 2:41:57
101. Bernardo Garziandia 2:44:34
109. Roberto Ziordia 2:46:03
110. Iñaki Agirre 2:47:19
112. Mikel Beloki 2:48:36
116. Miguel Navarro 2:49:13
117. Oihan Barandalla 2:49:14
126. Ricardo Palacios 2:53:17
131. Iñaki Lacalle 2:55:23
136. Sergio Sanca 2:56:42
140. Jon Igoa 3:00:53
141. Javier Beloki 3:01:09
142. Pako Moreno 3:01:35
165. Adrian Jaka 3:14:18
176. Hodei Lakuntza 3:23:09

Emakumeak:
28. Maite Etxezarreta 2:14:30
138. Maite Zabaleta 2:59:48
143. Ainara Galarza 3:01:45
158. Erkuden San Martin 3:07:50
190. Maialen Maiza 3:34:53

*Ibai Arrese ez zen sailkatu.

-Laburra (10 km)
Gizonak:
1. Ricardo Santamaria 52:32
2. Ekhi Congil 52:48
5. Ibai Huarte 54:21
11. Asier Estarriaga 56:06
21. Eneko Aramendia 59:27
22. Joseba Galarza 59:37
24. Israel Arbizu 59:54
28. Aimar Araña 1:01:52
29. Jokin El Marhoum 1:02:35
30. Ibai Perez 1:02:36
32. Santi Galarza 1:03:10
35. Fran Araña 1:05:03
45. Igor Razkin 1:09:58
46. Jon Orella 1:10:25
48. Roberto Zornoza 1:11:06
67. Oihan Artieda 1:15:19
69. Xabier Mauleon 1:15:54
75. Oier Aierdi 1:07:42
76. Iosu Jaka 1:17:02
95. Kimetz Arregi 1:24:30
103. Andoni Azanza 1:27:42
108. Iñigo Orella 1:29:25

Emakumeak:
37. Guratz Azpiroz 1:08:03
42. Marina Zabala 1:08:22
53. Leire Estarriaga 1:12:15
56. Larraitz Tejedor 1:12:49
104. Jaione Loban 1:27:43
124. Aitziber Agirre 1:35:00

*Amaia Arangiz eta Ane Escala ez ziren sailkatu.