Ekainaren 30ean jokatutako 10. Triku Trail Motza nobedadea izan zen eta harrera ezin hobea izan zuen, ibilbide laburrean 144 korrikalari lehiatu baitziren. Ekhi Congil etxarriarra bigarren sailkatu zen, Ezcarayko Ricardo Santamaria irabazletik 16 segundora.
Monozikloan ezagutu zintugun, baina azkenaldian mendi lasterketetan eta duatloietan ikusten zaitugu. Monozikloa utzi al duzu?
Ez dut utzi dudala esan nahi, baina bizpahiru urte daramat ukitu gabe. Pandemian probak bertan behera geratu ziren, eta urte horretan bizikleta probatzea erabaki nuen. Bizikletarekin istripua izan nuen Altsasuko Ibarrea industrialdean. Errepideari beldurra hartu, eta korrika hasi nintzen. Eta gustura nagoenez, hala segitzen dut.
Ziordiko lasterketan, Ergako kronoigoeran, Eguesibarko duatloian eta Triku Trail motzean bigarren izan zinen. Nolakoa izan zen Triku Traila?
Inoiz baino lokatz gehiago zegoen. Maitzegurrek, ez dakit basoan duen kokapenagatik edo duela urte batzuk handik egurra ateratzen ibili zirelako, abuztuan izan ezik beti putzu pila bat izaten ditu; bezperako euriekin, pentsa nola zegoen. Gainera, proba luzekoak gure aurretik atera ziren, eta 260 korrikalari pasatu eta gero, eremu horrek eski pista bat zirudien, lokatz pila zegoelako. Lohiarekin asko nekatzen zara, hankak etengabe irristatzen zaizkizulako. Aurrera jo beharrean, pauso bat aurrera eta bi atzera ematearen sentsazioa nuen, eta nahiko frustragarria da. Egoera berdina zen guztiondako, baina badago jendea halako egoeratan hobeki moldatzen dena beste batzuek baino.
"Maitzegurren oso gaizki pasa nuen, lohiarengatik. Aldiz, Fagamendin aurrekoekin bat egin nuen"
Eta zure kasua zein zen?
Oso gaizki pasatu nuen Maitzegur igotzen. Nik korrika igotzen ditut mendiak; oinez goraka azkar igotze horretan ez naiz oso ongi moldatzen. Lokatzagatik lurra irristakorra egotean, postuak galtzen ari nintzen. Zorionez bigarren igoera, Fagamendi, lehorra zegoen, eta bertan berreskuratu nituen aurretik galdutako posizioak. Maitzegurrera uste dut laugarren iritsi nintzela, baina Fagamendin aurrekoak harrapatu, eta Santamaria lehenengotik 10-15 segundora geratu nintzen. Jaitsiera guztia horrela joan ginen, elkar ikusiz baina Santamaria ezin harrapatuz.
Kontentu zaude bigarren postuarekin?
Bai, oso kontentu, oso gustura herrian aritzeagatik eta jasotako animoekin. Triku Traileko ibilbidea polita da, eta antolakuntzak asko zaintzen du korrikalaria, izugarri. Bukaeran masajea duzu, eta behar duzun guztia, denetatik. Lasterketa hau edozein postuan eginda, pozik geratzen zara.
Triku Trailen hamargarren edizioa delako antolatu zuten lasterketa motza. Motzak lasterketa herrikoiagoa egiten al du? Parte hartzaileagoa?
Lasterketa motza antolatzeak parte hartzea asko bulkatzen du, batez ere Sakanan. Jende askok herriko lasterketetan aritu nahi izaten du, baina ez da berdin 21 kilometroko proba batek eskatzen dizun prestakuntza, edo 10 kilometrokoak eskatzen dizuna. Ni aurten lasterketa laburrak egiten ari naiz; motzek luzeek baino gehiago motibatzen naute. Triku Trailen bakarrik luzea balego, ariko nintzateke, baina bi aukera egonda, gehiago erakartzen nau motzak. Etxarriko ferietako Mendira Joan Etorrian jende asko animatzen da, eta Triku Traileko motzak jende hori erakartzen du.
Lakuntza-Aralarren sakandar gehienek motzean eman zuten izena.
Egun batzuk lehenago hanka bihurritu nuen eta Lakuntza-Aralarren ezin izan nuen aritu; pena hori dut. Ibilbide motzak proba herrikoiagoa bihurtzen du, errazagoa, eta garrantzitsuena lortzen duzu: jendea mundu honetan sartzea. Horretarako, lasterketa erraztu behar duzu.
"Triku Trailek, nahiz eta fama izan, herriko lasterketaren izaera mantentzen du"
Emakumezkoetan motzean hirugarren Marina Zabala lakuntzarra izan zen, eta Triku Trail luzean lehen sakandarrak Iraitz Berastegi lakuntzarra eta Ainara Galarza urdiaindarra, Etxarrin bizi den Maite Zabaleta leitzarra ahaztu gabe. Nolakoa da sakandarren maila?
Sakanan maila handia dago. Garen ibar txikirako, denetatik dugu, asfaltoan oso ongi ibiltzen den jendea, eta mendian oso ongi ibiltzen dena. Sakanako lasterketetan herriko korrikalari onena izatea jada zaila izaten da; nahikoa lehia egoten da (kar-kar). Mendiz inguratuta, hemen kirola egitea hain da erraza... horregatik beti maila handia dago.
Zer moduz doa denboraldia?
Joan zen urteko lasterketa berdinak egin ditut eta denborak hobetu ditut; hortaz, oso kontentu nago. Iaz laugarren postu asko egin nituen, eta aurten hori bigarren postura aldatu dut. Azkeneko lau lasterketak laurak bigarren postuan egin ditut. Ezkio-Itsason lehen postua lortu nuen, eta, beraz, lehen txapela lortu dut, baina lehen postua lortzea kostatzen zait. Ea gehiago iristen diren, baina bigarrena ere ez dago gaizki. Monozikloan kopak edo dominak ziren, baina txapela lortzeak badauka zerbait berezia, bakarrik hemen lortu dezakezulako. Oso polita da.
Uztaila-abuztuan apenas dago lasterketarik; atseden hartzeko tartea iritsi da.
Bai, azterketa guztiak ere bukatu ditut eta nekatuta nago; deskantsatzeko beharra dut. Baina niri kirola egitea gustatzen zait, eta udan ez naiz geldituko. Ez dut lasterketarik jokatuko eta mentalki deskantsatuko dut, baina kirola egingo dut. Ondoren, gogotsu hartuko dut irailetik ondorengoak.
Zein izango dira hurrengo helburuak?
Iraileko lehen lasterketa Tritoiena da, irailaren 1ean jokatuko dena. Joan zen urtean izena eman nuen, baina eguraldi txarra egin zuen eta bertan behera geratu zen. Probatzeko gogoa dudan lasterketa bat da, oso polita baita. Unanutik igotzen da Beriainera, eta igoera hori oso gustuko dut. Jaitsierak emozio handiagoa du Uharte Arakiletik egiten bada, eta Tritoienak bi hauek dauzka. Urte batean balizak kentzen egon nintzen, eta ibilbidea ezagutzen dut. Orain korrika egitea falta zait. Bestalde, mendiko duatloien bat probatzea nahiko nuke. Eta, jakina, izugarri gustuko dut Etxarriko ferietako Mendira Joan Etorria. Duela bi urte nire lehen lasterketa izan zen, eta urteko helburuetako bat izaten da. Niretako egun berezia da, Triku Traila bezala. Etxeko probek xarma berezia dute, eta baita presio berezia ere bai.
Triku Trailak 10 edizio bete ditu.
Triku Trailak herriko lasterketaren izaera mantentzen du, nahiz eta herritik haragoko fama lortu duen. Proba herrikoiaren izaera mantentzen du, eta korrikalaria zaintzearen ardura, nahiz eta prestigioa izan. Askotan karrera prestigiotsuenak itsusienak bilakatzen dira, dirua eta bestelakoak tartean sartzen direlako, baina Triku Trailek ez du ezaugarri hori. Festa modukoa da, aurten gehiago indartu dute: Burger gaua, Pancho Balbuena, haurrendako rokodromoa... Auzatea irekia izaten da, korrikalariendako eta ikusleendako, eta oso polita da. Nire monoziklo garaian Uniconera, munduko monoziklo txapelketara joaten lagundu ninduten Triku Trailekoek, eta harreman polita dut eurekin.