Futbola

Irati Igoa: agur Mulier, ongi etorri Osasuna

Guaixe 2024ko ira. 12a, 10:00

Irati Igoa, ezkerrean, Osasunako jokalari gisa Futbol Plaza txapelketako sari banaketan. OSASUNA

Etxarriarra zazpi denboralditan Mulier taldeko jokalari ezinbestekoa izan da eta eskertuta esan dio agur klubari. 2024/2025 denboraldian Gorka Pascua altsasuarrak zuzentzen duen Osasuna B taldeko plantillan egin du tokia

Irati Igoa Sesma futbol jokalari etxarriarrak agur esan dio Mulier futbol taldeari, Sare Sozialetan argitaratutako mezu hunkigarri baten bidez: “Zazpi urte eta gero, urte guzti hauetan nire etxea izan denetik agurtzen naiz” dira bere lehen hitzak. 

Erdilari etxarriarrak gaineratzen duenez, “agur esatea beti kostatzen da. Triste, baina, aldi berean, harro noa, nire eskuetan dagoen guztia eman dudalako taldea laguntzeko. Egun bakoitza ikaskuntza prozesu konstantea izan da”. Halaber, eskerrik beroenak eman dizkio Mulier klubari, “hasieratik nigatik apustu egiteagatik eta konfiantza osoa emateagatik. Pertsona eta futbolari gisa hazten lagundu nauzue”. Igoak esker oneko hitzak izan ditu zazpi urte hauetan taldekide izandako jokalariekin, talde teknikoko langileekin eta zuzendaritzarekin, “beti nirekin eramango zaituztet”. 

Bide berriari ekingo dio etxarriarrak. “Etapa berria hasteko garaia da, helburu eta helmuga berriekin”. 

Osasunan
Igoak bide berriari ekin dio, baina kolorez aldatu gabe, gorria baita ere bere elastiko berria. Hain zuzen ere, Irati Igoa Osasuna B taldeko organigraman dago, Gorka Pascua altsasuarraren eta Aritz Maestreren esanetara. Aurreko asteburuan hasi zen 2024/2025 2. RFEF maila, eta Real Oviedoren kontra 5-2 galdu zuen Osasuna B-k. Asteburuan Osasuna B-k Racing Santander hartuko du Taxoaren.

Futbol Plazako sari ematean
Irailaren 10ean Osasuna Fundazioak antolatzen duen Futbol Plaza txapelketako sari ematea izan zen La Morean, eta bertan hartu zuen parte Irati Igoak, Osasunako jokalari gisa, Moi Gomez, Ruben Peña eta Uxoa Bertizekin batera.