Sakanako Mankomunitateak zenbait udal eta entitateekin batera "Askotariko Sakana, Aniztasuna erein" programaren barruan "LGTBIfobia kirolean, errealitate bat da" izeneko dokumentala eskainiko du urriaren 11n Etxarri Aranatzen, 18:30ean. Dokumentalean agertzen denetako bat Olaia Eizagirre Sagastibeltza da, eta etxarriarrak ondoren hasiko den mahai inguruan parte hartuko du. Olaia Eizagirre aspaldiko ezaguna da kirol munduan. Gure Pilota klubeko palista da txikitatik, palista aparta, makina bat trofeo ditu bere apaletan. Bestalde, pala entrenatzailea da. Tarte batean Berriozar taldeko futbolari izan zen, baina lesio batengatik utzi behar izan zuen. Hori gutxi ez balitz, Jarduera Fisikoa eta Kirola doktoretza tesia egiten ari da, Gipuzkoako emakumeen jarduera fisikoaren inguruan. Emakume todoterrenoa.
Danimarkan harrapatu zaitugu doktoretza tesia prestatzen.
Kopenhagera etorri naiz 3 hilabeteko egonaldia egitera, bertako ikerlari batzuen esperientziak ezagutu, eta bitartean nire tesiko lanekin aurreratzeko, baina Sakanako Mankomunitateak urriaren 11n Etxarri Aranatzen prestatu duen "LGTBIfobia kirolean errealitate bat da" mahai ingurura hurbilduko naiz.
Dokumentalean pala entrenatzaile zaren aldetik jo dute zuregana, baina, horretaz gain, LGTBI+ kolektiboko kidea bazara. Lehendabiziko galdera, agerikoa: "LGTBIfobia kirolean errealitate bat da" baieztapena egia al da?
Bai. Nik esperientzia pertsonaletik ez dut eraso nagusirik nabaritu, baina LGTBIfobia ez da bakarrik eraso argiak, irainak edo eraso fisikoak jasotzea; gizarteak, nolabait, bidaltzen dizkizun mezuak ere badira. Kirolak, orokorrean, tradizio maskulinoko testuinguru bat izanda, LGTBIfobia oraindik gehiago nagusitzen da.
"LGTBIfobia ez dira soilik irainak edo erasoak; gizarteak bidaltzen dizkigun mezuak ere badira"
Kirolaren arabera gehiago edo gutxiago nabaritzen al da LGTBIfobia? Futbolari eta palista zaren aldetik, ezberdina al da portaera?
Futbolak eta palak, kasualitatez, maskulinitate hegemonikoan indar handia badute, eta alde horretatik nahiko antzekoak direla esango nuke, baina nik bizi izan ditudan testuinguruak ez dira berdinak izan. Arbizun areto futbolean hasi nintzen, baina futbolean aritzeko Berriozarrera joan nintzenean testuingurua aldatu zen, batez ere landa eremutik hirigunerako saltoa izan zelako. Landa eremuetan, orokorrean, presio sozialak eta genero rolak betetzeko presioa handiagoa izaten da, eta Iruñean testuinguru irekiago batekin aurkitu nintzen. Landa eremuetan tradizioak markatutako testuinguruak izaten dira orokorrean, maskulinitatea oso presente dago, eta genero rolak betetzea baita ere.
Lesbianek eta gay-ek kirolean jasaten duten presioa ezberdina da? Emakumeen artean elkar zaintzeko joera gehiago dagoela kontuan hartuta, adibidez, futbolean lesbiana edo gay izatea, aldea badago.
Gizonen homosexualitatea, futbolean bereziki, sozialki zigortuago dagoela esango nuke. Heteroaraua nagusi da, bereziki gizonen futbolean, eta horrek testuinguru arrotz eta diskriminatzaile bat sortzen du homosexualendako. Orduan, beraiendako ez dira espazio seguruak. Emakumeen kasuan, aldiz, esango nuke orokorrean espazio seguruagoak edo irekiagoak direla, elkarren artean babes gehiago ematen dela, eta, orduan, futbolarien artean babesa aurkitzea errazagoa dela. Baina horrek ez du esan nahi lesbofobia libreko espazioak direnik.
"Kirolak tradizio maskulinoko testuingurua du; LGTBIfobia oraindik gehiago nagusitzen da"
ESTEREOTIPOAK
Nerabeak ginenean nesken artean kirola ez zegoen egun bezain hedatuta, eta neska kirolari askori “marichico” deitzen zitzaien. Egun, emakumezkoen futbolak sekulako booma ezagutu du, eta "futbolarien artean zenbat lesbiana dauden" entzuten da. Zuek ere entzuten dituzue halako aurreiritziak?
Esplizituki ez dut halakorik entzun, baina, azkenean, sentitzen duzu. Halako eta bestelako komentario eta jarrerekin pentsamendu estereotipatu bat lotzen da: emakume futbolariak homosexualitatearekin, edo emakume maskulinoak homosexualitatearekin.
Eta matxismoa ahaztu gabe.
Hori aipatu behar nuen. Azkenean, komentario horiek ere konnotazio matxistak dituzte. Futbolari guztiak lesbianak direla esateak heteroarauaren kanpo daudela esan nahi du, ez daudela gizonezkoendako eskuragarri, eta, kasu horretan, ezin dituztela beraien pribilegioak aplikatu. Finean, halako komentarioak egiterakoan, hori da aplikatzen den jarrera. Eta, ondorioz, emakume futbolariak zuzenean homosexualak direla, horren susmoa dago, edo ez heteroak direla, bakarrik heteroaraua eta genero rolak desafiatzeagatik. Horrekin lotuta, emakume askok, bai lesbianak eta baita lesbianak ez direnak, defentsa mekanismo batzuk erabiltzen dituzte, horien artean hiperfeminizatzea edo lesbianak direla ez esatea, hau da, estalian eramatea. Jarrera horiek, nahiz eta defentsa mekanismoak izan, lesbianekiko estigma hori mantentzen dute.
"Jaiotzen garenetik heterosexualitatearen presuntzioa ematen zaigu, kontrakoa erakutsi arte"
BETE BEHARREKO PROZESUA
Alde batetik, badirudi hobera egin dugula LGTBI+-en eskubideen onarpenean, baina, oraindik eraso eta portaera desegoki ugari daude. Lan asko dago egiteko, baina zuk nolabaiteko eboluzioa ikusi duzu? Tokiaren araberakoa da? Gerta daiteke ere herri txikietan guztiok elkar ezagutzen dugunez agian babestuta sentitzea, baina konfort gunetik aterata arazoak egotea?
Gaztea naiz, eta atzera begirako eboluzioaz ez dakit asko esaten. Baina bizi dudanetik esango nuke nik txikitan ez nuela erreferenterik izan. Orain, badaude emakume ezagunak bere burua lesbiana gisa aurkezten dutela eta ez dutenak estaltzen. Alde horretatik aurrerapen handia egin da. Kanpoan, hein batean, lasai ibil zaitezke, baina baduzu, edo nik behintzat jasan izan dut presio gehigarri bat. Nik ingurune oso ona izan dut, nire inguruan ez dut arazorik izan, baina azkenean LGTBI+ pertsonek heteroek pasa behar ez duten prozesu bat pasatzen dugu.
Onarpenarena.
Heteroek ez dute inoiz pentsatu behar: "noiztik naiz ni hetero?" Zergatik? Jaiotzen garenetik heterosexualitatearen presuntzioa ematen zaigulako, kontrakoa erakutsi arte. Hetero ez garen pertsonok gizartean jasotzen ditugun oztopo eta diskriminazioez gain, asimilazio prozesu bat eman behar dugu aurrera: heteroa ez zarela ohartzea, eta onartzea. Gero, gainera, gizarteratze prozesu bat egin behar dugu; inguruan esan behar duzu, armario famatutik atera behar zara. Pertsona bakoitzak bere prozesua izaten du, eta inpaktu ezberdina izango du, batzuetan errazagoa eta besteetan zailagoa. Hau heteroek pasatu behar ez duten prozesu bat da.
Zein adinetan harrapatu zintuen prozesu honek?
Nerabezaro bukaeran eta helduaro hasieran.
Ezagun baten semea gay da, eta urrutiko hiriburu batera ikastera joan behar zenean, hiriburu handietan azkenaldian homosexualen kontra entzuten ziren erasoekin kezkatuta zegoen ama, herrian babestuago zegoelakoan. Askotan entzuten da LGTBI+ kolektiboko kideendako oso interesgarria dela herrietatik hirietara ateratzea, bestela, agian ez dutelako euren espazioa aurkituko, baina kontrakoa ere izan daiteke, herriak babeslekuak izatea.
Gerta daiteke. Herri txikietan ematen den fenomeno bat kontrol soziala da. Azkenean, denok ezagutzen dugu elkar, eta ezaguna bazara, hein batean laguntzen duzuna babesten duzu. Baina egia da ere agian ez duzula horrenbeste erreferente bilatzeko aukera. Nik behintzat ez dut ezagutzen kuadrilla oso bat lesbiana edo gay direnak, eta Iruñera bazoaz agian baduzu askatasun gehiago, berdinkide gehiago aurkitzeko erreferente gehiago, eta, modu horretan, askeago izateko. Sakanan lasai bizi gara, baina nik uste dut asko euste moduan bizi direla; hau da, gehiegi ez dadila nabaritu. Eraso fisiko eta irain aldetik seguru bizi gara, ni behintzat, baina bada ere jasaten den presio bat, kontentzio moduko bat.
“Aldagelena, gai oso konplexua da. Trans-ak seguru eta lasai sentiarazi behar ditugu”
FORMAZIOAREN BEHARRA
LGTBI+ kolektiboan trans-ek kirola egiterakoan bizitzen duten egoera kritiko bat aipatzen da dokumentalean: kirola egin ondoren, dutxara sartzeko tenorea. Non dutxatu, beraiendako mundu bat da. Tokatu zaizu halako egoera bat gertu izatea? Entrenatzaile edo taldekide gisa, halako kasu baten aurrean zer egin genezake pertsona hori hobeki sentitu dadin?
Aldagelaren gaia guk ere ikerketa taldean bueltaka badarabilkigu, trans pertsona batzuekin lan egiteko. Gai oso konplexua dela iruditzen zaigu, eta esango nuke kirol instalakuntzak, klubak eta bestelakoak ez daudela gai honi aurre egiteko egokituta. Entrenatzaile ez jokalari gisa ez dut halako kasurik gertu izan, baina iruditzen zait entrenatzaile ikuspegitik formazioa eta ezagutza behar dugula, kasu praktikoetan zer egin jakiteko, eta pertsona horiek seguru eta lasai nola sentiarazi jakiteko. Hori da garrantzitsuena, kirola beraiendako izan dadila, beste pertsonendako bezala, gozamenerako leku bat.
Uste duzu, oro har, gizarte guztiari formazioa falta zaigula LGTBI+ kolektiboarekin nola ongi jokatu jakiteko? Beraiei nola zuzendu jakin, beraiendako mingarriak diren esaldi edo leloak detektatzen jakin.. Guztiok, eta bereziki gazteekin lan egiten duten entrenatzaile eta monitoreek formazioa beharko lukete?
Bai, eta etengabekoa. Duela 2 urte Altsasuko Udalak antolatutako formazio ikastaro bat egin genuen, generoaren ikuspegitik landutakoa. Ordubete edo pare bat ordukoa izan zen, ikasturte osorako, eta ordutik ez dugu egin. Ikastaro hori egitea oso pozgarria izan zen niretako, baina aldi berean gutxi xamar iruditu zitzaidan, hau da, motz gelditzen dela. Kontzeptu orokor batzuk lantzeko oso ongi zegoen, baina nik uste dut egunerokotasunean sortzen diren gertakizunetan zer egin jakiteko formazio gehiago behar dela. Behin, entrenatzen ari nintzela, mutil batek beste bati "maricon" esan zion. Niretako hori alerta da. Interbentzioa egin nuen, azaldu nien zer esan nahi zuen hitz horrek eta zein eragin duen. Baina gero, entrenatzaile gisa pentsatzen duzu: egin dudana ongi egin dut? Zer eragin izango du haur horiengan? Benetan balio izango du gerora hitz irain hori ez esateko eta entzuten badute beraiek ere salatzeko? Halakoak nahiko konplexuak dira, eta nire burua formakuntza beharrean ikusten dut.
"Nik txikitan ez nuen erreferenterik izan. Egun, badaude emakume ezagun lesbianak. Alde horretatik aurrerapen handia egin da"
Futbol partida batean aurkari batek semeari “maricon” esan zion, eta taldekide batek eta berak “hitz hori ez da irain bat” erantzun zioten, iraintzailea harrituta utziz. Zerbait ongi egiten ari garela pentsatu nuen, baina, bestalde, oraindik “maricon” hitza irain gisa erabiltzea sinestezina iruditu zitzaidan, halakoak gaindituta zeudelakoan.
Ez dago gaindituta, argi ikusten da adibide horietan. Ziur aski halako irainak hausnarketa faltatik eta informazio eta formazio faltatik datoz. Aipatu duzun kasu horretan bezala, nik uste dut oso garrantzitsua dela konplize izan beharrean, isilik geratu beharrean edo berdinarekin erantzun beharrean, salatzea eta ekintzara pasatzea. Halako eraso homofoboak ikusten direnean, salatzea, ez geratzea ezer egin gabe. Zure lagun batek beste bati "maricon" deitzen badio, hari atentzioa deitzea baita ere.
Oraindik ere lesbianek “marichico” fama duzue, edo ikuspegi hori ere aldatu da? Gay-ek luma dutela ere beste klasiko bat da.
Aurreiritzi horiek jarraitzen dutela uste dut. Emakume bikoteen kasuan, nork erreproduzitzen duen gizona eta nork erreproduzitzen duen emakumea, hori ere beste kontu bat da. Badirudi hetero bikote bat kopiatu behar duzula. Oraindik lotura hori egiten jarraitzen da, zuzean. Lesbiana bazara, maskulinoa zara, eta ez bazara, "ba ez dirudizu", halako komentarioak izaten dira. Ematen du halakoa izan behar duzula, esterotipatua. Eta femeninoa bazara, heteroa zara. Irakurketa hori egiten da, eta bada hortik ere ateratzeko garaia.
Urriaren 11ko ardunaldietara etorrita, "LGTBIfobia Kirolean errealitate bat da" dokumentalaren ondorengo mahai inguruan Iñaki Rubio Mendoza kazetaria, dokumentalean ere ateratzen dena, eta Bea Sever, Naizen adingabe transexualen familien elkarteko kidea izango dituzu mintzakide. Dinamizatzaile lanak Amets Castrejana kirol eremuan berdintasun aholkularia denak egingo ditu, aldi berean feminista eta LGTBI+ aktibista denak. Gogotsu, urduri... nola zaude?
Alde batetik bai, niretako esperientzia berria baita halako mahai inguru batean parte hartzea, eta, gainera, jaioterrian. Dokumentalean agertzera animatu aurretik, Sakanan gai honen inguruan ez zela ezer egiten ari pentsatzen nuen. Beraz, dokumentalaren aukera atera zenean, horregatik animatu eta izena eman nuen. Denok ezagutzen dugu elkar, eta presio hori izanda ere, uste dut halako ekimenetan parte hartzea merezi duela.
Jakina! Sakandar guztiak mahai ingurura animatzen ditugu, guztiok LGTBIfobia kirolean gaiaren inguruan ikasteko asko dugulako. Hiruron esperientzia ezagutu, egunerokoan agian konturatu gabe esaten eta egiten ditugun gauza asko mingarriak direla jabetu, eta gure portaera aldatzeko aukera izan dezakegu, zuei esker elkarlanean. Eskerrik asko ahaleginarengatik!
Ez da ezer; gogotsu gaude eman zaigun aukerarengatik.
"Formazioa eta ezagutza behar dugu, LGTBI+ kolektiboko pertsonak seguru eta lasai nola sentiarazi jakiteko"
TESIA
Emakumea eta jarduera fisikoa duzu aztergai tesian. Pentsatzekoa da gehienetan emakumeok gainontzeko lanak gure gorputza zaintzearen aurretik jarriko ditugula, ez?
Nire tesia Gipuzkoako emakumeek kirolarekiko eta ariketa fisikoarekiko dituzten azturak, arrazoiak eta oztopoak aztertzen zentratzen da. Gipuzkoan zentratzen da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitateari ikerketa bat garatzeko eskatu ziolako; horregatik nire tesia hor kokatzen da. Bai Gipuzkoan, bai mundu mailan, gaur egun emakumeek gizonek baino jarduera fisiko eta kirol gutxiago egiten dute. Nire tesia aisialdian oinarritzen da, gero badaudelako lanean egiten den jarduera fisikoa eta garraioan egiten dena. Baina ni aisialdikoa aztertzen ari naiz. Zergatik egiten dute emakumeek ariketa gutxiago? Batetik, jarduera fisikoaren eta kirolaren tradizio maskulinoarengatik; tradizionalki emakumeak ez dira bertan ongi ikusiak izan, eta hortxe arrakala bat. Bestetik, eta aisialdiari dagokionez, eta galderan aipatu moduan, zaintza lanak eta besteen beharrak asetzeko orduan, besteen beharren atzean kokatzen ditugu emakumeek gure beharrak. Gaur egun ere, oraindik, zailtasun gehigarriak dituzte emakumeek, gizonek ez dituztenak.
Gipuzkoako emakumeak aztertzen ari bazara, zer egiten duzu Kopenhagen?
Tesia egiten ari garenean aukera bat eskaintzen zaigu 3 hilabeteko egonaldi bat egiteko, gero nazioarteko tesiaren aipamena lortzeko. Kopenhagera etorri naiz hemen emakumeek aisialdirako dituzten oztopoak lantzen dituztelako. Beraz, bertako beste ikerlari batzuen esperientziak eta ikerketak ezagutuko ditut, eta nireak ere beraiekin partekatuko ditut.
Kopenhagerekin ezberdintasuna nabaritzen duzu? Emakumeek han kirol gehiago egiten dute? Edo antzeko?
Datu zehatzak ez dakizkit, ez baita nire ikergaia, baina kalean ikusita izan dudan sentsazioa da Danimarkako emakumeek askoz ere kirol gehiago egiten dutela da. Zaintza lanak ere askoz ere parekatuago daude. Zenbat gizon ikusi ditut haur txikiekin. Deigarria egin zait, eta deigarria egin bazait Euskal Herrian hori ikustera ohituta ez nagoelako da, gurean normalean emakumea ikusten delako. Horretarako, denak lagundu behar du: euren lan ordutegiek, amatasun eta aitatasun baimena luzeagoak dituzte... faktore asko dira.