Jose Luis Erdozia hizkuntzalari etxarriarrak antzerkiak egiten esperientzia du: Etxarri Aranatzek 700 urte bete zituenean antzerki erraldoi bat egin zuten, eta handi urte batzuetara Txiñerratso herriko mitologiako pertsonaian oinarritutako beste bat egin zuten. "Herriko zaharrei hainbeste kontu eta hitz egin genuen", beste antzerki bat egin behar zutela pentsatu zuen Erdoziak. Pandemiaren aurretik hasi ziren proiektu berri aprestatzen, baina bertan behera utzi behar izan zuten. Itxialdian gidoiari "bueltak" eman eta pelikula bihurtu zuen: Ai, hau pena nik!. "Pandemia pasatu zen eta hortan genbiltzanak bildu ginen, eta aurrera egin genuen". Amaia Erdozia biloba ikus-entzunezkoetan aritua da, ideia planteatu zion, eta Oskar Corrozarekin batera "aurrera" egin zuten. Marikruz eta Marian Mundiñano, Jaxone Mendiola, Onintza Goñi, Josetxo eta Bixente Artieda, Joxe Migel Maiz eta Aitor Mariñelarena dira aktoreak. "Pelikula bitxia da".
Lixutokia eta taberna
'Ai, hau pena nik!' herritako hizkera berreskuratzea du helburu; "bereziki noka eta toka"
Ai, hau pena nik! filmaren helburua "herritako hizkera" berreskuratzea da: "Etxarrikoa bereziki, kasu honetan, toka eta noka; emakumeek beraien artean nola egiten zuten, gizonak emakumeekin, baita gizonak haien artean ere... Noka, hitanoa, lokutiboa". Bi eszenario planteatu zituen, eta horretarako garrantzitsuena espazioa zela gaineratu du Erdoziak.
Filma gerra osteko garaian girotuta dago, 1940. edo 1950. hamarkadatan, "helburua bada kontuak kontatu eta noka eta toka erabili, beraien artean biltzeko espazio bat izan behar zen". Emakumeak lixibalekuetan biltzen zirela pentsatu zuen etxarriarrak: "Garai hartan emakumeak ez ziren tabernetara joaten, ezta pentsatu ere, eta hor biltzen ziren beraien kontuak kontatzeko; betiere lanean". Etnografiaren aldetik ere "irudi oso bereziak" sortu direla esan du: "Arropak buru gainean nola eramaten zituzten, esaterako". Gizonen kasuan gauzak non kontatzen zituzten eta aisialdia non pasatzen zuten begiratuta, "kontuan izanda ere aisialdi kontzeptua ez zela egongo", Leten etxea egokiena zela pentsatu zuten, Etxarrin. Istorioak non kokatuko zituzten "benetan zailena" izan zela esan du Erdoziak.
Filmerako eszenatokiak bilatzen, "ibili eta bueltaka" Bakaikun aurkitu zituzten behar zituzten lixutokiak, "biak zein baina ederrago, batez ere goikoa". Udalarekin hitz egin zuten eta baietz esan zieten; "gaur egungo zantzuak kendu zituzten, eta ingurua ere oso polita da". Zailagoa Leten etxea aurkitzea izan zen, "Karrikestu elkarteko beheko solairuan badago horrelako atzekaldiean pixka bat ilundu eta ematen du". Azkeneko zenbait eszena Unanun grabatu zituztela gaineratu du, "gure gaztetan Bitoriano taberna zegoela banekien, eta bazegoen oraindik garai bateko moduan".
Kamarak "errespetu handia" ematen duela esan du Erdoziak. Filma egiteko entsegu asko egin dituzte, "eta egia da asko ikasten duzula". Hasierako grabazioak "askoz gehiago" kostatzen zirela aitortu du. Eszenario bakoitzean lau atal daude, eta atal bakoitza hiru zatitan egin zutela azaldu du filmaren zuzendariak: "Behintzat grabatu; hanka sartzen zen baina aurrera egiten ikasi genuen". Zati bakoitza hiru aldiz garabatzen zuten, "orduan gero Oscarrek ordenagailuan hartzen zituen grabatutakoak eta sekulako artista da eta denetarik egin du". 50 minutuko filma sortu dute.
Pantaila handian
Azaroaren 16an, larunbata, izanen da Ai, hau pena nik! filmaren mustutzea, Etxarri Aranazko kultur etxean, eta hurrengo egunean, 17an, igandea, bigarren saioa emanen dute, izan ere, Arbizu eta Ergoiena ere sartzen dela azaldu du hizkuntzalariak. Sarrerak 3 eurotan eros daitezke, Etxarri Aranazko Udalaren webgunean. Herrian bertan mustu ondoren, filma Lakuntzan ikusteko aukera izanen da, azaroaren 24an, igandea, 18:30ean, 3 eurotan. Altsasura abenduan izanen dela aurreratu du Erdoziak, eta Irurtzunen ere ikusteko aukera izanen da.
Helburua filma erakustea da, eta txantxa artean ia Donostiko Zinemaldian ematen dute. "Etxarriko kanpinera Gipuzkoako eta Bizkaiko jendea dezente etortzen da eta horietako bat gurekin ibiltzen da". Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren laguna da, eta filmaren inguruan hitz egiten tematu zen deitu behar ziola. "Niri lotsa pixka bat eman zidan; hotsein nuen eta mesedez bidaltzeko esan zidan". Rebordinosek ikusi zuen eta amateur ikusten zela esan zion, eta Zinemaldirako ez, baina Lekeition euskal zinmaren lehiaketa bat antolatzen zela esan zion: "Horretarako ikusten zuela". Baina lan laburragoak aurkeztu behar ziren, eta lana ez moztea erabaki zuten.