Astekaria

128 palista dena emateko prest

Maider Betelu Ganboa 2024ko aza. 28a, 13:15

Eserita, Miguel Angel Aristorena, Amaia Gerrikagoitia, Javier Conde eta Manex Pedroarena. Atzean Yanira Aristorena, Imanol Mosqueira, Bernat Garmendia eta palistak.

Azaroaren 30ean hasi eta abenduaren 28an despedituko da 20. Sakana Neska Pala Txapelketa. Guztira 128 palista lehiatuko dira, modalitateko onenak. Eliteen mailan sei bikote lehiatuko dira, lehen mailan hamabi eta txikien mailan 46

Azaroaren 30ean hasi eta abenduaren 28an despedituko da Gure Pilota Elkarteak Sakanako Mankomunitatearekin eta zenbait entitate eta enpresen babesarekin antolatutako 20. Sakana Neska Pala Txapelketa. Azaroaren 18an aurkeztu zuten 20 urte bete dituen txapelketa beterano garrantzitsua, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. Aurkezpenean Gure Pilota Elkarteko Miguel Angel Aristorena, Bernat Garmendia eta Imanol Mosqueira juntakideak, Yanira Aristorena entrenatzailea eta Mankomunitateko kirol zerbitzuko buru Amaia Gerrikagoitia izan ziren, bestelako babesleez lagunduta: Nafarroako Euskal Pilota Federazioko presidente Javier Conde, federazioko kirol zuzendari Manex Pedroarena, elite mailako Haizea Salanueva eta Olaia Sarasibar palistak, txapelketan lehiatuko direnak, eta, jakina, Gure Pilotako zenbait palista. Guztiak irribarretsu azaldu ziren, izan ere, egunero ez baitira 20 urte betetzen. 

64 bikote
Gure Pilota klubak antolatzen duen txapelketa paleta goma modalitateko lehiaketa pribatuen artean ezagunenetakoa da. "Aurten 128 neskek hartuko dute parte, 64 bikotetan banatuta eta 26 partidarekin" azaldu zuen Gerrikagoitiak. Hasieran ligaxka jokatuko da, hiru asteburutan: azaroaren 30ekoan, abenduaren 7koan eta abenduaren 14koan. Finalerdiak abenduaren 21ean erabakiko dira, eta final handia abenduaren 28an izango da. "Egun hori festa handia izan dadila nahi dugu" nabarmendu zuen Miguel Angel Aristorenak. 

Parte hartuko duten pilotariak Nafarroako Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Iparraldeko palistak dira. "Bost probintziatako hamahiru klubetatik datoz. Gaztetxoenak 8 urte ditu, eta helduenak 40 urte beteak ditu. Aniztasun handia egongo da" aipatu zuen Gerrikagoitiak. 

Urtero bezala palista onenek egin dute bat txapelketan. "Beti bezala, maila oso handikoa da gure txapelketa, baina aurten gehiago. 20 urte, zenbaki handiak dira horiek, eta ospatu beharra dago" argi dute Gure Pilota elkartekoek.

Amaia Gerrikagoitia: "Urte asko daramatzagu Sakanako Nesken Pala Txapelketa babesten"

Lau frontoi
Euskalerriari pilotalekuaz gain, Sakanako beste hiru pilotalekutan jokatuko da txapelketa. "Gehiena Etxarri Aranatzen jokatuko dugu, baina hiru frontoi eskatu ditut; Unanun eta Dorraon, kategoria txikiekin jokatzeko eta herriei bizitasun pixka bat emateko, eta Uharte Arakilen, lehenengo mailakoak jokatzeko. June Astiz palista bertakoa da, eta jende asko eramaten du frontoira. Etxarritik ateratzea ere positiboa da, paleta goma gehiago ezagutarazten dugulako" gaineratu zuen Aristorenak, aipatu herrietako udalei eskerrik beroenak emanez. 

Txapelak eta bestelakoak
Eliteen mailan sei bikotek parte hartuko dute, lehen mailan hamabi bikotek eta txikien mailan 46 bikotek, sei taldetan banatuta. Antolatzaileek aipatu zutenez, kategoria bakoitzeko irabazleek txapela, garaikurra eta kirol materialaren oparia jasoko dituzte, eta txapeldunordeek ere euren garaikurra eta kirol materialaren oparia izango dute. 

Conde, "oso eskertuta"
Nafarroako Euskal Pilota Federazioko kirol zuzendari Manex Pedroarenak Sakana Neska Pala Txapelketa "aitortutako txapelketa ez ofiziala" dela gogoratu zuen. "Ez da ofiziala, baina federazioak duen entitatea aitortzen dio txapelketari, eta bien arteko elkarlana dago atzetik. Gure Pilotarekin hitz egiten da federaziotik antolatutako bestelako txapelketak data bertsuetan ez antolatzeko, hau da, datak ez zapaltzeko, eta Federazioak epaileak bidaliko ditu". "Zerbait gehiago ere etorriko da" gaineratu zuen Nafarroako Euskal Pilota Federazioko presidente Javier Condek. 

Ildo honetan, Sakanako txapelketarendako hitz ederrak izan zituen Condek. "Txapelketa bat 20 urtetara heltzeak erakusten du atzean lan handia dagoela". Miguel Angel Aristorenaren lana goraipatu zuen. "Aristorena instituzio bat da pilota munduan, palaren sustatzaile handienetako bat". 

Javier Conde: "Aristorena instituzio bat da, pala sustatzaile handienetako bat"

Opari bat
Sakanako Neska Pala Txapelketan 128 palista lehiatzea balioan jarri zuen Condek. "Parte hartze handia da, eta horrek erakusten du harrobitik lan handia egiten dela. Gustua ematen du horrenbeste maila duten palistak ikustea". Halaber, txapelketa "data politetan" jokatzen dela nabarmendu zuen. "Abenduko data horietan jokatzea eta finalak abenduaren 28an izatea opari bat da". Azkenik, federaziotik laguntza emateko prest daudela azpimarratu zuen eta erakundeei eskerrak eman zizkien txapelketa aurrera egiteko ematen duten laguntzagatik. 

Mank, beti gertu
Bertako udalez gain, Sakanako Mankomunitatea da txapelketa gehien sustatzen duena. "Urte asko daramatzagu txapelketa laguntzen, bereziki emakumeen kirola sustatu nahi dugulako" aipatu zuen Gerrikagoitiak. 

Azkenik, palistek txapelketa hasteko "gogoz" dagoela nabarmendu zuten, "kalitate handia duelako, ongi pasatzen dugulako, eta finalean txapelak banatu eta sariak egoten direlako. Denarengatik". 

20. Sakanako Neska Pala Txapelketa
Eliteak (6 bikote): 
A taldea: Enara Macicior-Maider Ardanaz, Uxue Murillo-Irati Ruiz de Azua eta Haizea Salanueva-Garazi Eizmendi
B taldea: Amaia Larralde-Paula Gorostiaga, Naroa Saez-I. Sesma, Amaia Irazustabarrena-Laura Saez

Lehen maila (12 bikote)
-A taldea: Nahia Eizmendi-Ane Kerejeta. Elaia Zabaltza-Onditz Gaintzarain eta Julene Inunciaga-Irati Garziarena
-B taldea: Juncal Quevedo-Nahia Esparza, Lexuri Lazkoz-Olaia Sarasibar eta Irene Arraztoa-Andrea Lusarreta
-C taldea: Irati Purroy-Maialen Larraza, Naroa Zulaika- Auritze Beltza eta Naroa Eziolaza-Elene Argain
-D taldea: Amaia Lopez-Naiara Aldasoro, Aroa Arrosagarai-Ane Casillas eta June Astitz-Maria Eguzkiza

Txikiak (46 bikote)
-Sei talde: Txitoak, Tximeletak, Kattagorriak, Usoak, Pottokak eta Beltxargak.