Gure Pilotako presidente, entrenatzaile, guraso, epaile... Gure Pilotako arima da Miguel Angel Aristorena. Urte luzez darama Gure Pilotan. Hasieran Yanira eta Saioa alabak eta haien lagunak palan entrenatzen hasi zen, eta ordutik klubetik pasatu diren gainontzeko guztiak.
Sakanako Nesken Pala Txapelketak azken urteetan maila oso handia izan du, baina aurten bereziagoa izango da txapelketak 20 urte bete dituelako.
Txapelketa batean 20 urte ez dira nolanahi egiten, eta horregatik aurten gogoz ospatu nahi dugu. Orain arte kategoria txikian Gure Pilotako eskolakoek parte hartzen zuten, eta nahikoa eta sobera gara, baina 20. urteurrena ospatzeko txapelketa zabaldu nahi izan dugu eta Nafarroako klub guztiak parte hartzera gonbidatu ditugu. Txapelketari ikuskizun gehiago emateaz gain, emakumezkoen pala gehiago sustatzen jarraitu nahi dugu, oraindik ere emakumezkoen kirola bulkatu beharra dagoelako, estalita bezala baitago. Beraz, urteurrena ospatzea, eta sustapen mezu hau zabaltzea nahi genuen.
Hortxe zenbakiak: iaz 76 palista lehiatu ziren Sakanako txapelketan, eta aurten 128 palista; ia bikoiztu dituzue.
128 palista lehiatuko dira guztira, 64 bikote. Hau espektakulu bat izango da. Aipatu bezala gorakada gehien bat kategoria txikietan izango da, baina lehenengo mailan ere bikote gehiago lehiatuko dira aurten. Iaz zortzi bikote ziren, eta aurten hamabi izango dira. Sekulako maila dago lehen mailan. Eta elitean, zer esanik ez. Elitean sei bikotek parte hartuko dute. Dena den, parte hartu ezin duten bizpahiru palista kenduta, ez daude gehiago. Beraz, bikote onenak lehiatuko dira Sakanan.
"Gure Pilota topera dago, irakiten. 63 neska eta 20 mutil ditugu, inoiz baino gehiago"
Faboritorik?
Egia esaten badizut, elite mailan sei bikote oso paretsu sortu ditugu, bikote oso onak, eta ez naiz faboritorik aipatzea ausartzen. Murillo urtero ibiltzen da finaletan, baina hala ere, ez nuke gehiegi nabarmenduko. Bikoteak asko berdintzen saiatzen gara beti, txapelketa lehiatua eta bizia izateko, borrokatua. Eta hori argi ikusten da emaitzetan: 25-23, 22-25... hor ibiltzen dira emaitza gehienak.
Eta lehen mailan?
Berdina. Hamabi bikote dira, eta guztiak txapelketa hasteko irrikaz daude, nolako maila eta antolakuntza dagoen ikusita. Kirol maila paretsua dute, maila handia. Txapelketa honekin emakumeak zein mailan dauden erakutsi nahi dugu, eta niretako hori da garrantzitsuena. Askok emakumeek zein maila duten ez dute oraindik sinisten. Etortzen dira eta harrituta geratzen dira. Azkenik, txikien mailan aurten sei kategoria sortu ditugu, askoz ere gehiago direlako. Gainera, palista bakoitzaren kirol maila kontuan hartuta egin ditugu bikoteak, adina jarraitu beharrean baino. Horretan saiatu gara.
Txapelketa aurki hasiko da, eta final handia abenduaren 28an jokatuko da.
Txapelketa ofizialki azaroaren 30ean hasiko da, baina zubia denez zenbait partida aurreratuko ditugu. Final handia 28an jokatuko da, eta ez da inozentekeria (kar-kar). Larunbata da, eta finala festa egun polita izatea nahi dugu. Finalen ondoren bazkarian bilduko gara, eta festa giroa sortuko da, ziur.
Etxarri Aranazko Gure Pilota eskola nola dago?
Gure Pilota topera dago, irakiten. Guztira 63 neska eta 20 mutil inguru ditugu, inoiz baino gehiago. Mutilak esku pilotan trebatzen dira, palan aritzen diren bi mutil izan ezik. Eta neskak palan, esku pilotan aritzen den bat izan ezik. Duela hiru urte eskola zabaldu genuen mutilendako, aspaldi ez baitziren pilotara hurbiltzen; izan ere, gure helburua esku pilota ere jasotzea da. Aurten 20 dira, eta pozik. Momentuz ez dute txapelketetan parte hartzen, txikiak dira, baina oso gustura aritzen dira. Neska-mutilen artean normal ibiltzen dira, eta hori da behar dena.
Entrenatzaile Yanira Aristorena alabak jarraitzen du.
Yanira da burua eta koordinatzaile lanetan aritzen dena, baina entrenamenduetarako laguntza du. Nik laguntzen diot, talde asko direlako eta ordu asko direlako, eta gero kadete mailako palistak ere txikiekin aritzen dira. Kadeteek sekulako maila dute, Euskal Herri mailan oso ongi aritzen dira, eta Sakanako Txapelketan lehen mailan jokatuko dute horietako batzuk.
Juntan ere berrikuntzak daude.
Duela bi urte bospasei kide berri sartu ziren, batzuk utzi dute eta beste lau kide berri sartu dira. Oso gogotsu daude, ideia berriekin. Elkarteari beste martxa bat ari dira ematen. Biziberrituta eta ilusioz gaude. Denon artean errazago egiten da dena.
Gure Pilota Nafarroan klub garrantzitsuenetakoa izango da emakumezkoen palan.
Palista zenbakian bai, baina klub indartsuenak Oberena eta Tenis dira. Oberenan palista onenak fitxatu dituzte. Baina harrobia kontuan hartuta, guk gainontzeko guztiak baino palista gehiago ditugu.
Atzera eginez, duela 20 urteko txapelketak eta aurtengoak konparatuta aldea handia izango da.
Izugarria. 14 neska edo 20 gehienez hasiko ginen... pentsa! Eta maila, asko igotzen ari da. Urte hauetako esperientzia nabari da. Lehenengo urtetan hemen ezin nuen ezta entrenatu ere, mutilak ateari joka ibiltzen ziren. Zorionez, gauzak aldatu dira. Zein poza mutikoak eta neskak elkarrekin nahastuta jokatzen ikustea, lasai-lasai.
Jende asko etortzen da Sakanako Pala Txapelketa ikustera?
Ostiraletan topera betetzen da frontoia. Sinestezina! Eta finaletan, zer esanik ez.
Federaziotik nahikoa sustatzen al da emakumezkoen paleta goma?
Horretan gabiltza, euren atzetik. Gurea aitortutako txapelketa ez ofiziala denez, federaziotik epaileak eta bestelako laguntzaren bat bidaliko dizkigute.