Astekaria

"Aurtengo helburu nagusia Londongo maratoia da"

Maider Betelu Ganboa 2024ko abe. 11a, 12:30

Asier Estarriagak Behobia-Donostiako marka minutu batean hobetu zuen. UTZITAKOA

Asier Estarriaga korrikalari etxarriarrak denboraldia ezin hobe hasi du, Valentziako maratoi erdiko eta Behobia-Donostiako markak gaindituz, Nagore Laffage Memoriala irabaziz eta Zubeztian txapeldunorde izanez. London du jomuga.

Asier Estarriaga Navarro korrikalari etxarriarra aspaldiko ezaguna da. Denboraldia goitik hasi du, Behobia-Donostian eta Valentziako maratoi erdian aurretik zituen markak hobetu baitzituen eta Nagore Laffage Memoriala irabazi baitzuen, Zubeztia Lasterketan bigarrena izateaz gain. Aurtengo helburua zein den oso argi du: apirilaren 27an jokatuko den 45. Londongo maratoia. Denboraldi guztia proba ongi prestatzera planifikatuko du.

59. Behobia-Donostian (20,196 km) lehen sakandarra izan zinen. 27.473 korrikalariren artean 31. postuan sailkatu zinen (1:07:56), marka ona.
Behobia-Donostia denboraldi hasieran markatutako helburuetako bat zen, eta egindako lanarekin kontentu geratu naiz, nire marka apurtu dudalako. Markarik onena 2021ekoa nuen (1:08:50), eta aurten minutu batean gainditu dut, ia 200 m gehiago zirela kontuan hartuta, ongi.

Denbora horietan ibiltzea espero al zenuen?
Banekien dena ondo joanez gero hor ibiliko nintzela, batez ere bi aste lehenago, urriaren 27an Valentziako maratoi erdian (21 km) aritu nintzelako eta bertan ere nire marka hobetu nuelako (1:10:22). Valentzian guztia laua da, eta errazagoa da erritmoak mantentzea. Erloju bat bezala zoaz. Aldiz, Behobia-Donostia gorabeheratsua da. Hala ere, bi proben artean egindako marketan ez dago alde handirik.

Iaz ez zinen Behobian aritu. 
Ez, joan zen urtean helburu nagusia Valentziako maratoia (42 km) nuelako. Abenduko lehen asteburuan izaten denez, Behobiara joateak maratoirako prestaketa sakrifikatzen zuen, eta alde betera utzi nuen. 

Beste Iruña klubeko korrikalaria zinen, hor lortu zenituen zure lehendabiziko garaipenak, baina gero Hiru-Herri klubera joan zinen. 
Entrenamendu kideengatik izan zen gehienbat. Egun gehienek bakarka entrenatzen dugu, bakoitzak bere bizia eta ordutegiak dituelako eta guztia koadratzea nahiko zaila izaten delako, baina iaz bizpahiru sakandar zeuden Hiru-Herrin eta horregatik aldatu nintzen.

Ohikoa da zuek Dantzalekun entrenatzen ikustea.
Bai, hiruzpalau sakandar elkartzean Dantzalekun asko entrenatzen dugu, eta bestela Burlatan, joan zen urtean berritutako Hiru-Herriko Burlatako pistan.

2021ean esan zenuen pistari gustua hartu zeniola “pistak zeure tokian jartzen zaituelako”. Berdina pentsatzen jarraitzen al duzu?
Berdin-berdina. Ni asfaltoan lehiatzen naiz gehiago, nire baldintza fisikoengatik proba luzeetan hobeki moldatzen naizelako. Baina serieak eta bestelakoak pistan entrenatzen ditut, eta udaberri eta uda aldera pista egitea gustuko dut.  

Atletismoan nola antolatzen duzue denboraldia?
Ikasturteka, ikasleak bezala. Abuztuan prestaketa egiten hasten gara, urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran sasoi gorena lortzeko. Gero denboraldia luzatzen dut, abenduan Zubeztia lasterketan, San Silvestrean, krosetan eta bestelakoetan aritzeko. Ilbeltzetik aurrera bigarren zati bat egiten dugu, aurretik finkatutako helburuak lantzeko.

Joan zen urteko denboraldia nola itxi zenuen?
2023/2024 denboraldia ongi joan zen. Luzea izan zen, nire lehendabiziko maratoian debutatu nuelako, Valentzian, 2023ko abenduan. Gainera, marka oso ona atera zitzaidan (2:29:13), eta prestaketaren inguruan gauza asko ikasi nituen. Bigarren zatia ere oso positiboa izan zen, baina aurten hasi berri den 2024/2025 denboraldia oraindik hobea izaten ari da, Valentziako maratoi erdiko eta Behobia-Donostiako markak hobetu ditudalako. Denboraldi osoko helburu garrantzitsuena apirilaren 27an jokatuko den 45. Londongo maratoia da. Londongo dortsala lortu dut, gauzarik zailena dena (kar-kar).

"Aurreko denboraldia ongi joan zen, baina aurtengoa hobea izaten ari da"

Zergatik Londongo maratoia? 
Batetik, egutegiagatik. Maratoi batetik bestera urte eta erdiko aldea utzi nahi nuen, urtero maratoi bat egiteko errutinan sartzen bazara pisua egiten delako. Eta, bestetik, Londongo maratoia munduko sei maratoi handienen zerrendan edo Six Majors Marathon-en sartua dagoelako.

Ilbeltzean Altsasuko Krosa jokatuko da, aldi berean Nafarroako Kros Txapelketa izango dena. Bertan parte hartuko duzu?
Maratoia prestatzeko plangintzaren barruan ilbeltza hasieran aste batzuk atseden hartuko dut, eta orduan erabakiko dut. Maratoi bat prestatzen ari zarenean, ezin zara antolatzen diren lasterketa guztietan lehiatu, prestaketarako ongi datorkizun probatan baizik. Entrenamendu plangintzari lehentasuna eman behar diozu.

Maratoira salto egiteko pausoa ematea sekulakoa izango da. 
Zailena kilometro horiek asimilatzea izaten da. Egun asko pilatzen dituzu atsedenik hartu gabe. Maratoi baterako hamabi-hamalau asteko prestaketa egiten dut, eta maratoi erdi baterako, aldiz, zortzi-hamar hastekoa. Jakina, aurretik sasoian egonda, ez zerotik hasita. Epe horretan bizpahiru lasterketetan parte hartzea egokia da, nola zauden ikusteko.

Aurten Espainiako Txapelketetan parte hartzen saiatuko zara?
Maratoiko prestaketarekin bat egiten duen probaren bat ateratzen bada, agian bai, baina bestela ez dut asmorik.

Egutegia guztiz lotuta izaten duzue. Noizbait deskonektatzen al duzue? 
Ahal denean (kar-kar). Eguberrietan beti parrandaren bat erortzen da, baina, egia esan, denboraldiko helburuek normalean entrenatuta egotea eskatzen dizute.

Londonera bakarrik joango zara?
Lehiatzera bai, baina horniduran laguntzeko laguntzaileak izango ditut. Oso gogotsu nago.