"Balorazioa ona da, eta oraindik hobetu daiteke" - Etxarri aranatz - Guaixe.eus
Astekaria

"Balorazioa ona da, eta oraindik hobetu daiteke"

Guaixe 2024ko abe. 10a, 13:00

utzitakoa

Frantzian hamahiru urte eta erdi preso egon ondoren 2021eko martxoaren 12an aske gelditu zen Oihan Barandalla Goñi  etxarriarra.

Preso zeundela Harrera Elkartearekin harremana izan zenuen?
Preso nengoela ez nuen harremanik izan. Baina bagenekien lanean zebiltzala. Aske utziko zaituzten eguna iritsi ahala zalantzak dauzkazu: "zer paperekin ibili behar naiz?" Espetxeak ematen dizun paperekin ateratzen zara. Esaten ziguten: "lasai, Harrera hor dago eta lagunduko dizuete". Behin kartzelatik aterata, bai. Arduradun bat etorri zen eta harremana izan genuen.

Preso zeundela elkartearekin harremana izan zuenik ezagutzen duzu?
Banekien Frantzian preso batzuk baldintzapeko askatasunean aterako zirela, eta banekien jendeak kanpoan etxeren edo harrera lekuren bat prestatzen ari zietela. Hori entzuten zen, presoekin harremana zutela atera baino lehen.

Nola baloratzen duzu elkartearen lana?
Lehenik eta behin, elkarte bat behar zen presoak ateratzean lehendabiziko pauso horiek ematen laguntzeko. Balorazioa ona da, eta oraindik hobetu daiteke.

Zu zertan lagundu zintuen elkarteak?
Ni atera nintzenean, zorionez, senideek, bai arrebak bai bikoteak-edo, berehala lagundu zidaten paperak egiten. Laguntza handia izan zen. Gainera, COVID garaian atera nintzen, etxetik ateratzeko ordutegiak zeuden eta harremanak azkar egiterik ez zegoen. Senideek lagundu zidaten gidabaimena eta nortasun agiria ateratzen. Ondoren Harrerakoa etorri zen eta paperak egiten ere lagundu behar zidaten. Baina eginda nituen. Beraiek laguntza handia eman zidaten ekonomia arloan, lor nitzakeen dirulaguntzen berri eman zidaten, nola egin behar zen, horretan lagundu ninduten. Dentistarekin ere. Lanerako, ikasketak bukatu beharra nituen, gradu akaberako lana aurkeztu beharra nuen. Hori dela eta ikasketen lanbidean aritzen den Harrerako kide batek hots egin zidan eta edozein laguntza behar banuen berari hots egiteko esan zidan. Zorionez, arrebarekin aurrera eramatea lortu nuen. Nire kabuz gauza asko egitea lortu nuen. Banekien Harrera Elkartea hor zegoela eta esana zidaten edozer behar izanez gero hots egiteko. Babes puntu hori baduzu.

Jendarteak elkartearen lana ezagutzen du?
Presoa ateratzean egin behar den lehendabiziko gauza lana bilatzea da. Elkarteak, beharbada, ezin ditu hainbat lanbide bilatu. Jendeak baldin badaki Harrera lanbideak bilatzen ari dela, jendeak Harrera Elkartea zer den jakitea beti da ona, esaterako, hari lanak eskaintzeko. Edo autoeskola batekoak gidabaimenekin laguntzeko. Gaur-gaurkoz Harrera Elkartea ez da leku guztietara iristen. Herri mugimendu bat izan behar luke. Herriko jendeak lagundu nahi badu, Harrerara joan eta haren bidez gauzak mugi ditzake.

Erlazionatuak