Astekaria

"Harrera baliabidez hornitu behar da orain"

Guaixe 2024ko abe. 10a, 13:30

Jorge Arias, Gorka Garzia Sertutxa, Juan Kruz Aldasoro eta Aduna Mendizabal.

Harrera elkarteak preso eta iheslariak espetxetik edo erbestetik itzultzean, jendartean egokitzeko eta haien bizitza berria duintasunez eraikitzeko laguntza ematen du. Aduna Mendizabal eta Juan Kruz Aldasoro elkarteako kideak dira.

Harrera Elkarteak batzarra egin berri du. Presoen egoera aldatzearekin batera, asistentzia erakundearen egoera berregokitu behar izan dute. 

Noiz eta zergatik sortu zen elkartea?
Aduna. Harrera Elkartea 2012an sortu zen, irabazi asmorik gabeko asistentzia elkarte bat da. Bere helburua da preso zein iheslari ohiak kalea zapaldu edo erbestetik itzultzen direnetik babesa eskaintzea, haiei itzuleran laguntzea. Haien bizi berria eraikitzeko asistentzia laguntza bermatzea. Azken batean, bizitza duin bat izan zezaten eta sor zitezkeen beharrei aurre egiteko helburuarekin sortu zen. 

Zer lan egiten ditu?
A. Ekonomia babesa ematea. Administrazioen aurreko izapideak egiten laguntzea, dela nortasun agiria, osasun txartela, laguntzak eskatzea... Osasun beharrak asetzeko laguntza ematea edo bermatzea baita ere. Zeren kanpoan urte asko eman dituztenek osasun arreta ez dute bermatua izan. Beraz, dentistak, oftalmologoak, psikologoak eta beste haien eskura jartzen ditugu. Bestetik, adinez eta osasunez lanerako moduan direnei lan bat topatzen laguntzen diegu. Horrekin batera, gidabaimena berritzeko baliabideak ematen dizkiogu ere. Bada beste multzo bat adinean oso aurrera eginda ateratzen direla. Urte asko kanpoan eginda, kotizazio oso gutxirekin, apenas egin baitute lan. Horiek laguntza publikoak eskatzeko zailtasunak izaten dituzte. Onartzen ez dieten kasuetan guk bermatzen diegu hileroko dirulaguntza hori. Laburbilduta da egunerokoan egiten dugun lana. Horretarako, haiekin harreman estua izan behar da, premiak detektatu eta haiek betetzeko.  

Zenbat eta preso eta iheslari gutxiago egon, elkartearen egitekoa handiagoa da?
A. Behin dispertsio politika bukatuta, presoen gehiengoa Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan egonik, egoera aldatu zaigu. Preso bakoitzaren espetxe ibilbidea garrantzia handia izaten ari da: baimenekin ateratzen ari dira, hirugarren graduan, baldintzapeko askatasunean... Kasuistika oso desberdinetan ateratzen dira kalera. Harrera Elkartearen lana kalea zapaldu aurretik hasten da: zer behar izan ditzakeen atzemateko, familiaren babesa duten jakiteko... Egoera desberdinak dira eta erantzun pertsonalizatuak ematen ditugu. Hori da gakoa. 

Zer antolaketa du elkarteak?
A. Elkarteak zuzendaritza batzordea, bazkideen batzarra eta langileak ditu. Herrietan laguntzaileak dauzkagu, haiek dira elkartearen begiak, ezinbestekoak dira. Hala ere, gu kalea zapaltzen duen bakoitzarekin pertsonalki egoten gara, zer behar dauzkan jakiteko. Gero herriarekin adosten da, esaterako, etxebizitza behar badu, edo lan bat opatu behar baldin bazaio. 

Zein da Sakanako egoera?
Juan Kruz. Lehendabizi esan azkeneko 50 urteetan bakarrik sei hilabetez egon dela Sakana preso eta iheslaririk gabe. Tamalez, hamarnaka sakandar pasatu dira espetxetik eta erbestetik. Eta momentu guztietan izan dute sakandarren eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako herritarren babesa, laguntza. Beraz, egin behar den lehendabiziko gauza da herriari eskertzea urte guztiotan egin duen lana eta erakutsi duen konpromisoa. Gaur egungo egoerari dagokionez, sakandar bat erbestean dago: Hilario Urbizu San Roman olaztiarra. Eta lau preso ditugu. Haietako bat, Asier Karrera Arenzana, baldintzapeko askatasunean dago. Beste bat, Luis Mariñelarena Garziandia, hirugarren graduan dago. Hau da, astegunetan espetxera lotara joaten da eta asteburuan kalean egoteko aukera du. Beste bi presoak bigarren graduan ditugu: Juan Ramon Karasatorre Aldaz, Iruñeko espetxean preso, eta Unai Parot Navarro, Martuteneko espetxean preso. Pentsatzen dut Parot dela euskal presoen artean kartzelan jarraian denbora gehien daramana, 34 urte. Hasi da kalera txango batzuk egiten, baina bigarren graduan segitzen du, nahiz eta salbuespen politikarik ez balego kalean egon beharko lukeen. Karasatorrek 23 urte daramatza espetxean. Azken lege aldaketarekin, bere espetxe egoera epe laburrean alda daiteke. Baina, momentuz, preso segitzen du eta babesa behar du.

Adunak esan duenaren gainean, esanen nuke garai berriek konpromiso berriak eskatzen dituztela, lan egiteko molde berriak. Eta hori da eskatzen dieguna Sakanako herritarrei: orain arte erakutsi duten babes hori momentu honetan ere erakusteko, beste bulkada bat ematea. Egoera honekin bukatzeko azken txanpan egon gaitezkeen honetan ahalegin berezi bat egitea, orain etxera bueltatzeko bidea egiten ari diren preso guztiei babes eta akonpainamendua eskaintzeko, egoerak eskatzen duen moduan, gizarte honetan duintasunez bizitzeko gizatasunak eskatzen dituen gutxieneko batzuk izan dezaten. Harrera Elkarteak du erronka hori. Momentu honetan elkartea baliabidez hornitu behar da. Harrera denok gara. Hari ekarpena eginez eta indartuz bermatuko dugu etxera etortzen diren preso guzti horiek bizitza duin bat izatea. 

Batzarra egin berri duzue. Zer duzue kontatzeko?
A. Urteko batzarra maiatzean egin zen. Egoera berria ikusita, erabaki zen zuzendaritza berria hautatzea. Hautatu zen. Eta egoera berriari aurre egiteko elkartea berregokitu behar zela erabaki zen. Gradu progresioek sortzen duten behar berriei erantzun egokiak eman ahal izateko eta asistentzia laguntza dimentsionatzeko beharra ere ikusi zen batzarrean. Horregatik, ezohiko batzarra deitu genuen azaroaren 9an. Han aurkeztu ditugu elkartearen hurrengo lau urteetarako ildo edo erronkak. Bere osotasunean onartu ziren. Lehenengoa da asistentzia eta laguntza integrala ematea orain arte egin den bezala. Baina kasuistika askoz zabalagoa daukagu orain. Lehen esandakoa, laguntza ekonomikoa bermatzea hilero sostengu bat izan dezan iheslari ohi horrek, etxebizitzaren premia betea izatea, osasun arloan behar dituen medio guztiak jartzea, osasun publikoan nahikoa ez baldin bada guk lortu beharko lituzkeen bestelako kontsulta guztiak, gradu aurrerapenen esparruan daudenei gidabaimena berritzeko aukera izatea, administrazio izapideetan laguntza ematea, errolda edo nortasun agiria berritzea, osasun txartela berritzea... Berritasuna da elkarteak Donostian etxebizitza bat alokatu duela. Graduan edota 100.2 artikuluarekin dauden presoek egunerokoan erabil dezaten, atseden hartzeko, lo kuluxka bat egiteko... zeren ordu asko pasatzen dituzte kalean, boluntario lana edo beste dela. Babes etxe bat da. Gainera, lege esparruan aholkularitza sarea hedatzea da beste erronka bat. 

Bestetik, euskal gizarteko hainbat esparruren inplikazioa nahi dugu. Harremanak indartzea da helburua. Ipar Euskal Herriko Harrera Elkartearekin harremanak indartzea, bi estatu desberdinen menpe gaudenez errealitate desberdinak daudelako. Baina badaude zenbait egitasmo elkarlanean landu ditzakegunak, eta horiek aztertzea eta eta koordinatzea izango da helburua. Gainera arlo instituzionala eta politiko-sindikala. Gainera, lan munduan harreman sarea eraiki eta Harrera Elkartearen lana aurkeztua zein den eta gure eskua luzatu haiekin elkarlanean aritu ahal izateko.

Elkartearen elkartasun ezaugarria eta antolaketa eredua da hirugarren lan ildoa. Zeintzuk osatzen dugun: langileok, herrialdeetako ekipoak, hainbat arlotako aholkulariak (lege administraziokoak, sozio-sanitarioak eta sozio-laborala), zuzendaritza batzordea eta gero ohiko batzarra bazkideekin egiten dena kontrastatzeko eta erabakiak hartzeko. Eta azken puntua, erronka gisa planteatzen duguna, elkartearen kudeaketa da. Aurrekontuaren estimazio ahalik eta zorrotzen egitea da helburua. Bestetik Harrera onura publiko elkarte gisa aitortzeko beharrezko kudeaketak hasiko gara. Horrek balioko liguke erakundeekin harremanak errazteko eta instituzioetatik laguntza jasotzeko, eta beste. Bazkideak elkartearen motorra eta bihotza dira. Eta haiek ordaindutako kuotak elkartearen diru iturri nagusia dira, baina heldu den egoera ikusita motz geldi daitezke. Horregatik 2025ean bazkidetza kanpaina indartsua martxan jarriko dugu. Helburua 5.000 bazkide izatea da, gaur egun 3.200 inguru gara. 5.000 baietz! erronka egin dugu. 

Kanpaina herrietan martxan jarriko duzue?
J.K. Hori da. Harrera elkarteak sare gisa funtzionatzen du. Herriren batean falta zaigu harremana lotzea, baina hurrengo astetan herri guztietan egonen da jendea. Kuadrillaz kuadrilla, familiaz familia, elkartez elkarte herritarrekin hitz egin eta Harrera zer den azalduko diete, jendeari bazkide egiteko eskaera eginen diote. Haiengana jota behar dituzten azalpen guztiak emanen dizkiete. Bestela, harreraelkartea.eus webgunean ditu.