Astekaria

Ezinbesteko liburua, bueltan

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko abe. 12a, 13:30

Rafael Carasatorre Vidaurre eta Dena Pascual Etxarri iloba. UTZITAKOA

Rafael Carasatorre Vidaurrek 'Barranca-Burunda' berrargitaratu du. Argitalpen berrian eduki gehiago sartu du ikerlari etxarriarrak, ia orri kopurua bikoiztuz. Ibarra ezagutu eta ulertzeko funtsezko liburua da

Ibarreko Erdi Aroko despopulazioaren, hiztegiaren eta toponimiaren ikerketa bat da Barranca-Burunda liburua. "Aizkorbe eta Ziordia arteko espazioari buruzko lerro orokor batzuk markatzeko" asmoz idatzi zuen liburua Rafael Carasatorre Vidaurrek. Orain berrargitaratu du, liburua agortuta zegoelako eta jendeak eskatzen ziolako. Liburua 560 orri izatetik 1.100 izatera pasa da, opatutako dokumentaziotik eduki berriak txertatu baititu ikerlariak. Esaterako: Aralarko toponimoen bikoitza dago, etxe izen gehiago, zenbait abizenen etorrera (zein etorri zen, noiz eta ogibidea, guztien informazio iturria zehaztuta)... Gaineratu duenez, "dagoeneko nahikoa liburukote bada, eta zenbait gauza ez dira sartu: izen txiki batzuk, esaera batzuk..." Liburua 25 euroan dago salgai.

Gauzak ongi, liburuak osagarri grafikoa izanen du eguberrietan. Izan ere, Carasatorrek 200 irudi dituen albuma argitaratuko du. "Liburuan irudiak sartuz gero, garestiagoa eta orri pila liratekeelako". Konponbidea albuma izan da. Haietan daude, esaterako, etxeak, armarriak, zubiak, bideak... Albumaren asmoa da "aiton-amonak ilobekin irudiak ikustea eta kultura partekatzea. Zeren aiton-amonen jakintza ez da ilobengana iristen, ez direlako haiekin azienda zaintzera joaten, nekazaritza aldatu da... Horretarako aitzakia da". 

Zergatia
Carasatorrek esan duenez, "liburuaren arrazoia ibarra da, lurraldea azaldu dute. Artxiboak eskualde bati buruz dagoen ezagutza zein den jakiteko balio dute. dauden bitartekoak artxiboak dira. Baina toponimia bizirik dagoen edo bizirauten duen artxibo bat da". Horregatik, "lurraldea azaltzeko, toponimia eta erabiltzen den hizkuntza erabili nituen. Liburuan langaia hizkuntza, toponimia, da". 

Carasatorrek liburua lan oso baten zati gisa hartzen du. Liburua lurraldeari eskainita dago. Documenta Navarra blogaren arrazoia, berriz, subjektua da, han bizi izan den pertsona da, "lurralde hori bizitzeko sozializatu duena: zubiak egin dituena, hautetsiak nola aukeratu dituen, nola erabili du lurraldea garbitokiak edo olak eraikitzeko, herrietako kontuak, txondorrak egiteko, hartzak edo otsoak ehizatzeko, epaiketak..." Halakoak jasotzen dira blogean. "Bukatu gabe dago, erdia baino pixka bat gutxiago dut egina". Uharte Arakil eta Arañaz Elkarteari buruzko agiriak sareratzea falta zaiola jakinarazi du, "agiri gehien horietaz dut". Horretaz aparte, festekin, kulturarekin eta Aralar eta Urbasa-Andia mendiekin lotura duten lan monografikoak dira 

Lehen edizioa egiteko ibarreko herri bakoitzean kolaboratzaileak izan zituen Carasatorrek. Hamar urte behar izan zituen egileak liburua ontzeko. "Herri guztietan zortekoa izan nintzen eta jende onarekin egin nuen topo. Honetaz eta hartaz hitz egiten genuen. Nik nekiena esaten nuen eta haiek zekitena esaten zidaten. Batez ere lurraldea ikertzeari erreparatzen nion, hori zen helburua". Horretarako desagertutako herriei erreparatu zien. "Baina ez zen erraza izan. Gaur egun, oraindik ere, zenbait herri non dauden ez dakigu. Ermita bat tokiz aldatzen badute, herri haren Erdi Aroko hilerria non dago? Hori kasu bat. Bitan opatu dut Etxarri Aranazko Udalaren eskaera Iruñera. Udalerrian zein herri desagertu ziren jakin nahi zuten, eta ez zuen erantzunik jaso. Herrian bertan ez zekiten, eta ez zen denbora asko pasa desagertu zirenetik. San Adrianen zein herri zegoen? Ez dakigu. Santa Kitz ermita non zegoen? Zein herri zen? Kiriko da, Etxarriko patroia. Beste batzuk non zeuden edo gutxi gorabehera non zeuden badakigu". 

Toponimia
Carasatorrek azaldu duenez, "espazio bat denbora jakin batean menpean duen gizarte batek sortzen ditu toponimoak, eta erreferentzia batzuk behar ditu. Toponimok sortu, gelditu eta sortu duen gizartea gainditzen du. Zenbaitetan garatu egiten da". Arbizuko Zupate toponimoren adibidea jarri du. "Ez dakigu zer esan nahi duen. Baina duela 400 urteko dokumentu zaharretan oso ongi ulertzen da: Zugarateko gurutze". Ikerlariak gaztigatu duenez, "dokumentazioa begiratu gabe toponimoen esanahia jakitea oso arriskutsua da. Horregatik, toponimo zaharren esanahia hobe ulertzen da". 

Nabarmendu duenez, "esanahia ezagutzen ez ditugun toponimoak dira garrantzitsuenak, gure kulturari ekarpen berriak egin baitiezaiekete. Hizkuntzak toponimian dituen sekretuetan dago aberastasuna, interpretatzeko nahikoa gako daudenean aterako da aberastasun hori. Mitxelenak esaten zuenez, ziurrenik, urteak kostako da. Beraz, itsuka lan eginen dugu, esaten dutenaren zain". Adibidea eman du: "Urdiaingo Saraben belarrak hartu eta Lizarrara eramaten baditu han oihalak tindatzeko, ez dakigu zer belar diren, baina litekeena da belar horren izena toponimoren batean egotea, eta hori artxibo bateko agirian". Azpimarratu duenez, "gaur egun toponimiaren arloan itsuka lan egin behar da. Gaineratu duenez, "toponimia kontu delikatua da, ezin da arinkeriatan ibili". Carasatorrek azaldu duenez, "Mitxelenaren jarrera zen: frogatu daitekeena bakarrik ziurtatu daiteke". "Beraz, gainontzekoa, isildu. Esaten denarekin kontu handia izan behar da". 

Erlazionatuak