Ezkirozko BSHko kaleratu posibleen artean sakandarrak daude

Guaixe 2024ko abe. 20a, 19:33

BSHko langileen ordezkariak lan hitzarmenaren negoziazioari buruzko azalpenak ematen. EUSKALERRIA IRRATIA

Ufesa itxi zenean lantegi hartan hasi ziren lanean. Erabakia ezustekoa izan da langile eta gobernuarendako.

Martxoaren 15ean 20 urte beteko dira Ufesa itxi zela. BSH multinazionalaren Etxarri Aranazko enpresan lan egiten zuten 159 langileetatik 38 BSHko Ezkirotzeko lantegira joan ziren lanera. Haietatik hogei bat langile gelditzen dira, etxarriarrak gehienak. Eta hogei urteren ondoren BSHk gauza bera jakinarazi die: beraien lantegia itxiko du. Argudioa bera da: irabaziak izanda ere errentagarria ez dela argudiatu dute. Aurretik lantegiko ekoizpena Poloniara eta Turkiara eramana du BSHk. 

BSHren asmoa da itxiera prozesua sei hilabetean egitea eta garagarrilaren 16an lantegia ixtea, San Adrian egunez. Ondoren zuzendaritzak lanpostuak azkentzeko enplegu erregulazio espedientea aurkeztu nahi du. Horrek hilabete irauten du. Beraz, garila erdialderako langileak langabezian leudeke. 

Horren berri abenduaren 16an eman zien zuzendaritzak, Alemaniatik propio etorritako zuzendari batek esanda. Guztira kalera 655 langile joanen lirateke, haien bataz besteko adina 50 urtekoa da. Baina enpresa hornitzaileetako langileak kontutan izanda, mila ere izan daitezke kaltetutako langileak. Erabakia ezustekoa izan da langileendako, egoera txarra bazen ere, halako erabakirik ez baitzuten espero. Langileek egoera konpontzeko plan bat eskatu zuten martxoan, Ezkirozko lantegiko lana BSH Poloniara eta Turkiara eramaten ari zela argudiatuta. Enpresa Batzordea alderdi politikoetako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bilerak izan zituzten udaberrian. Eta Nafarroako Parlamentuan izan ziren garagarrilean. Orduan jakinarazi zuten langileek egoera ez zela “batere ona”. 

Bilakaera eta protesta
Ezkirozko BSHko langileak berritu dute lan hitzarmena. Plantilla duela bi urtetik aldi baterako erregulazio espedientean dago. Neurri hori 2025era zabaltzea espero zuten, baina ez ixtea. Lantegiaren okertzea 2015ean hasi zela diote sindikatuek. Urte hartan Bosch-Siemens taldea bereizi eta Boschek Siemensen zatia erosi zuen, elektratresnen marken erabateko kontrola lortuz. Eta ordutik ekoizpenaren zati bat Polonia eta Turkiara bideratu du. 

Enpresak lantegiari leporatu dion lehiakortasun faltarekin ez daude ados langileak. Ezkirotzen egiten diren produktu berak baina Polonian eta Turkian eginak eta ekarriak opatu zituzten Iruñerriko saltokietan martxoan. "Balantze ekonomikoa ez da fabrikarena, BSH Electrodomesticos Españarena baizik. Enpresa handiek aukera dute finantza ingeniaritza egiteko. Hau deslokalizazio bat da, argi eta garbi", salatu du BSHko Enpresa Batzordeko buru Juanjo Hermoso de Mendozak. 

Sindikatuek eskatuta, zuzendaritzak onartu zuen langileak astearte eta asteazkenean lanera ez joatea. Eta aldi baterako enplegu erregulazio espedientea indarrean denez, ostegun eta ostiralean ez zuten lanik. Beraz, ilbeltzera arte ez dira lantokira bueltatuko. Hala ere, erabakiaren kontra egiteko BSH ez itxi, Nafarroako industriaren alde lelopean manifestazioa eginen da larunbatean, 12:00etan, Iruñeko Golemetik abiatuta.