"Urduritasuna pixka bat" hasi dela esan du Mikel Mundiñano, Zama doinuz arindu jaialdiko antolakuntzako kideak. "Azkenekoa izateaz gain eta horrek ekartzen duena, berritasun askorekin dator: dena da desberdina". Azken doinuak etxerantz lelopean elkartasun kontzertuaren azken edizioa izanen da ilbeltzaren 26koa. "Buru belarri ari gara bi aste hauetan eta lan talde osoa topera, azken izateak ematen duen emozio puntu horrekin".
Kultur etxetik Etxarri Aranazko eskolako frontoira leku aldatu dute azken Zama. "Toki txiki batetik toki handi batera. Beste gauza batzuetan irabaziko du, baina montaje erabat desberdina da". Astelehenerako ezer gertatu ez balitz bezala gelditu dela gaineratu du Mundiñanok. "Ezberdina den heinean motibagarria da, eta urduritasuna pil-pilean dago".
Azken edizioaren beste berritasun bat da bi egunetan ospatuko dela: ilbeltzaren 24an, ostirala (22:00etan, gaztetxean), eta 26an, igandea (18:00etan, eskolan). "Nolabait asteburua aprobetxatu nahi genuen Zamari despedida egiteko eta ostiralean gaztetxera goaz". Unidad Alavesa, Sakbidean eta Malandro DJ izanen dira berta, eta sarrerak Etxarri Aranazko Udalaren webgunean eta Xapatero eta Leku Ona tabernetan eros daitezke. "Kontzertu izugarri ona izanen da, puntako taldeak dira".
Igandeko kontzerturako kartela aurkeztu eta gutxira agortu ziren sarrerak, baina Guaixe Kideek bi sarrera irabazteko aukera dute guaixe.eus webgunean egiten ari den zozketan. Mundiñanok azaldu duenez, urtero Zama doinuz arindu jaialdira joan den jendea sarrerarik gabe geratu da, "guk ez dugu kulparik; bizienak ibili zirenak hartu zituzten sarrera guztiak, eta horrekin pena pixka batekin gaude". Gizartean dagoen "zera hori" dela aipatu du; "beste maila batean sarrera gutxiago daudelako, baina kontzertu erraldoi horien inguruan badago nolabaiteko antsietatea sarrerak lortzeko". Gorka Urbizu, ZETAK, El Drogas, Olaia Inziarte, Porrotx, Brigade Loco, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Nögen, Bulego eta Juantxo Arakama musikariek osatzen dute 26ko kartela. Kontzertua grabatu eta Ahotsa.info eta Hamaika Telebistaren bidez ikusteko aukera izanen da aurrerago.
Zama doinuz arindu jaialdiaren oinarria auzolana izan da, eta aurten "are garrantzitsuagoa" da: "Beste dimentsio bat denez jende gehiago eskatzen du leku batean eta bestean. Horrek eskatzen du antolaketa txukun bat eta nik uste dut hori egin dugula".
Preso eta iheslarien "zamarekin" laguntzeko sortutako elkartasun jaialdia da Zama. Sortu zenetik gaur egun arte preso eta iheslarien egoeraren "bilakaera positiboa" izan dela esan du Mundiñanok, "motelegia". Helburua zama "behin betiko" kentzea da: "Norabide horretan ongi goaz".