Juan Luis Larraza idazlearen bigarren eleberria laster kalean

Guaixe 2025ko mar. 18a, 08:53

Idazle etxarriarrak 'Luis Lizarraga kapitania 1473-1521' liburuaren aurkezpena eginen du martxoarke 26an, asteazkena, Etxarri Aranazko kultur etxean; 28an, ostirala, Lizarragabengoan; apirilaren 1ean, asteartea, Altsasuko Iortia kultur gunean, eta 4an, ostiralean, Arbizuko udaletxean.

Luis Lizarragan oinarritu du Juan Luis Larraza idazleak bere bigarren eleberria: Luis Lizarraga kapitaina 1473-1521. Nafarroako askatasunaren indarra Sakanan. Historian oinarritutako eleberri bat da, eta martxoaren 26an, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean aurkeztuko du. Pertsonaia balioan jarri nahi du, eta harekin Sakana historian jarri.

"Luis Lizarraga kapitainaren informazio zehatzagoa jasotzea lortu genuen". Horren ondoren forma eman eta ezagutzera eman nahi du etxarriarrak. Lizarragabengoako eta Etxarriko jauna izan zen Lizarraga, baina Sakana osoan eragin handia izan zuela azaldu du idazleak. Liburua fikzioa da, baina historialariek emandako informazioarekin osatu du: "Bizitza asmatu dugu, fikzioaz jantzi, eta egitura bat eman".

Etxarri Aranazko aurkezpenaren ondoren, hilaren 28an, ostirala, 17:00etan, Lizarragabengoan izanen da; apirilaren 1ean, asteartea, 18:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunearen hitzaldi aretoan eginen du aurkezpena, Altsasuko Liburutegiak Liburuaren Egunaren harira antolatutako programaren barruan, eta apirilaren 4an, ostirala, 19:00etan, Arbizuko udaletxean eginen du Larrazak aurkezpena.