Saretzen

"Mantentze lan normala egiten diote"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko api. 1a, 09:10

Lourdes Razkin Igoa autoan. UTZITAKOA

Lourdes Razkin Igoak duela hamar urte erositako auto hibridoa du. Ibilgailuarekin pozik dago.

Auto hibridoa, zer esan nahi du?
Bi motor dituela: errekuntzakoa bata, elektrikoa bestea. Biekin funtzionatzen du autoak.

Zergatik erosi zenuen auto hibridoa?
Bilbon ikasi eta bizi nintzen. Volvo kontzesionarioko erakusketan auto hori zegoen. Eskaintza berezi bat egin zidaten. Auto ona zela ikusi nuen, ezaugarri guztiak zituen. Iruñeko kontzesionarioan esan zidaten han erosteko, Nafarroan saltzen zen lehendabizikoa izan behar zela. Baina prezioa ez zuten berdindu. Bilbon erosi nuen, auto on bat zela ikusi nuelako. Garai hartan autoarekin asko ibiltzen nintzen. Elektrikoa eta hibridoari buruz hitz egiten hasiak ziren garai hartan. Eta kutsadura gutxiago sortzen du.

Dirulaguntzak daude?
Madrilgo gobernuak 5.000 euro eman zizkidan. Baina kontzesionarioan autoa stockean zuten, momentu aproposa zen, prezioa oso ona zelako. Garestia zen, baina dirulaguntzarekin eta erakusketakoa zenez, diruz, ongi atera zen. Aurretik beti gasoliokoak izan nituen. Nire hibridoak gasolioko errekuntza motorra du ere. Volkswagenen lan egiten duen ezagun batek aurrekoan esan zidan, normalean, auto hibridoen errekuntza motorra gasolinazkoa dela.

Zer alde dago ohiko konbustioko auto batekin?
Merkeagoa da, gasolio gutxiago botatzen diot. Hala ere, esan beharra dut aurrekoa 4x4 ibilgailu bat zela, eta, horregatik gehiago kontsumitzen zuen. Behar bada konparatzea zaila da. Baina gutxiago gastatzen dut.

Bi motor izanda, mantentze lanak?
Normalean, urtean behin joaten naiz. Beste auto bati bezala, mantentze lan normala egiten diote. Uste dut motor elektrikoari ez diotela ezer egiten.

Zero etiketa du?
Hasieratik, aurreko kristalean jarri nuen. Madrilera askotan joan behar dut, eta sartzeko ez dut arazorik. Bestela, hiri handietan sartzeko arazoak daude.

Neguko hotza nabari du?
Ez. Pizterakoan, beti motor elektrikoa sartzen da. Elurra edo izotz handiak egin dituenean gasoliozko motorra pizten da. Baina arazorik gabe.

Gidatzeko modua aldatu duzu?
Ez, dena normal. Autoak hiru tekla dauzka: power (indarra), pure (garbi) eta hibrido. Purek esan nahi du motor elektrikoarekin joatea bakarrik. Autoa elektriko eta automatikoa da. Hibrido sakatuta, autoak berak zer behar duen ikusten du. Ia ez duzu ezer egin behar. Power ziztu bizian joateko da. Hiruetako bat sakatu eta aurrera. Nik, normalean, hibridoan daukat, eta autoak badaki noiz sartu errekuntza motorra edo elektrikoa. Motor elektrikoak 50 km-ko autonomia du. 120 km orduko abiadura arte. Hortik gorako abiaduratan gasoliozko motorra sartzen da. Autoak safe (seguru) izeneko gauza bat du. Eta hirietan frenatzean, semaforoetan eta halakoetan, bateriak automatikoki kargatzen dira.

Non kargatzen duzu autoa?
Bajeran elektrikari batek entxufea jarri zuen, eta, autoa normal ibiltzeko, gauetan konektatzen dut.

Autoaren bateria kargatzeko elektrolinerak badaude?
Ia beti bidaia berdinak egiten ditudanez, badakit non karga dezakedan. Lurpeko aparkalekutan sartuz gero, Iruñean, esaterako, autoa kargatzea nahi duzula esan eta non jarri esaten dizute, kargatzaileak daudelako. Aprobetxatu egiten dut, horrela, motor elektrikoarekin bueltatzen naiz.

Beste autoak bezala, IAT pasa beharra du?
Bai. Gainera, autoak hamar urte bete dituenez, IAT urtero pasa beharra du.

Jendea autoagatik galdezka joan zaizu?
Ez. Jendeak galdetzen zuen: "zergatik erosi duzu? Zer?" Berritasuna zen. IAT pasatzera joan nintzen lehenengo aldian, ongi ikustea inporta zitzaidan galdetu zidaten, eta lasai ikusteko esan nien. Nik ez dut horretaz ulertzen, baina Arbizun begira egon ziren. Hasieran. Orain, dirudienez, normalagoak dira auto hibridoak. Volkswageneko horrek esan zidan orain etorriko diren auto guztiak izanen direla edo elektrikoak edo hibridoak. Bakarrik gasolina edo gasolioa, ez.