Aizkora

Datorren ikasturtera arte

Maider Betelu Ganboa 2025eko maiatzaren 15a

Maiatzaren 5an 2025 denboraldiko azken aurreko saioa egin zuten Sakanako Aizkora Eskolako ikasleek. Ikasketa kontuak zirela, zenbaitek ezin izan zuten egon. Ikasleak oso gustura egoten dira erdoziatarren irakaspenak segitzen.

Sakanako Aizkora Eskolaren 2025. ikasturtea maiatzaren 8an despeditu zen. Etxarriko Erdoziatarren Zierbideko bordan hamasei gazte trebatu dira aizkoraren sekretuetan. Ikasitakoa Sakanako Herri Kirol Egunean erakutsiko dute, ekainaren 1ean, Urdiainen

Autobiatik Etxarri Aranazko irteera hartuta, Lizarragarantz doana, bertan dago Danona oilotegira daraman bidexka. Bide hori hartuta eta aurrera eginez, ezkerretan dago erdoziatarren borda, Zierbiden. Bide hori makina bat aldiz egin dute azken 11 urte hauetan Sakanako Aizkora Eskolan trebatu diren gazte sakandarrek. 

Sakanako Aizkora Eskola 2004. urte aldean jarri zuen martxan Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, herri kirolak indarra galtzen ari zirela jabetuta, aizkoran trebatu nahi zuten gazte sakandarrei baliabideak eta materiala eskaini ahal izateko. Axio Flores aizkolaria zenak hartu zuen eskola sortzeko ardura, eta txapeldun handiak izandako Juan Mari eta Floren Nazabalen bordan hasi zen martxan eskola. Hirurak ibiltzen ziren irakasle lanetan. Juanito Erdozia laguntzera joaten zitzaien. 2014. urtetik aurrera berak hartu zuen eskolaren arduraren erreleboa, nazabaldarrek utzi zutenean, Miguel Angel anaiarekin. Aitarekin batera hasieratik Juanjo semea ere Sakanako Aizkora Eskolan murgildu zen, monitore. "Aita gustura ibiltzen zen nazabaldarrei eskolan laguntzen, baina eraikuntzan lan egiten zuen, eta denbora gutxi zuen. Jubilatzerakoan tarte gehiago zuenez, nazabaldarren lekukoa hartu zuen eskolan". 

Hamasei ikasle
Arrakastatsua izan da beti Sakanako Aizkora Eskola, hasieretatik. Jende askok trebatu nahi du aizkoran, baina etxean ez du baliabiderik. Horretarako primeran dago eskola. "Euskal Herrian dagoen aizkora eskola bakarra da Sakanakoa, eta guk ematen dugu" dio irribarrez Juanito Erdoziak, aizkora zorrozten duen bitartean. Martxoan hasi zen aurtengo aizkora eskola, eta maiatzaren 8an despeditu zen. Tarte horretan, astelehenero eta ostegunero hamasei gazte bildu dira erdoziatarren bordan. "Gehienez hamabi ikasle hartzea, hori da dugun muga, baina hamasei zeuden interesatuta eta pena ematen zigun kanpoan uztea. Nola edo ahala, moldatu gara" azaldu du Juanitok. Urteroko kontu berbera da. "Gipuzkoatik etorri izan dira, euren seme-alabak hartuko digun galdetzera, baina hau Mankomunitateak sakandarrendako antolatzen duen ikastaroa da, eta beti jendez gainezka egoten da. Ezin dugu jende gehiagorik hartu". 

Atzeko lana
Sakanako Aizkora Eskolaren atzean lan handia dago. Mank-ek, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, beharrezko egurra jartzen du. Baina egur hori zaindu beharra dago. "Ezin dituzu enborrak hor besterik gabe izan. Busti behar dira, ureztatu. Belarrak jartzen dizkiot gainetik, eta ura bota, hezetasuna izan dezaten. Bestela, lehortzen dira" dio Juanitok. Ondoren, egurra moztu eta enborrak prestatzen ditu. Eta han ditu zain, poz-pozik eskolako ikasleak. 

Giro ederra dago erdoziatarren bordan. "Oso gustura etortzen dira guztiak. Iraide Vergara da dugun neska bakarra. Gaur ezin izan du etorri, baina urte mordoa daramatza eskolan; oso gustura egoten da" aipatu du Juanjok, ikasleei argibideak ematen dizkien bitartean: "Enaitz, ongi harrotu, horrela, horrela...". Urte hauetan ez dute istripu larririk izan. "Sekula ez. Gerta daiteke, baina tontakeriaren bat kenduta, babak, edo halakoak, ez dugu arazorik izan. Distantziak mantentzen saiatzen gara, enborrak aparte jartzen, eta kontua izateko eskatzen diegu". 

Ekainaren 1ean, Urdiainen
Sakanako Aizkora Eskolan ikasitakoak ekainaren 1ean Urdiaingo plazara eramango dituzte ikasleek, bertan izango baita aurtengo Sakanako Herri Kirol Eguna. Haiekin batera Sakanako Harri Jasotze Eskolako kideak, soka tiratzaileak eta bestelako herri kirolariak aterako dira plazara. "Egun polita izaten da. Gazteek gustuko dute plazara ateratzea". Tarteka ere beste erakustaldiren batzuk egiten dituzte, Etxarri Aranatzen, esaterako". 

Mank-ek XVIII. Ikastetxe arteko herri kirol topaketa antolatu du maiatzaren 14an Uharte Arakilen, 10:00etan. Peio Kañamares eta Uxue Ansorregiren erakustaldiaren ondoren, LH6. mailako Sakanako 240 ikasle herri kirol proba konbinatuetan lehiatuko dira.