Nola antolatzen duzue eskola?
Aitak prestaketa lan gehiena egiten du: enborrak mantendu, prestatu, jarri eta bilketa lan gehiena. Sakanako Aizkora Eskola teknika ikasteko da. Enborraren kortea nola egin irakasten diegu gazteei, non harrotu behar duten, aizkorakada non jo behar duten... Kortean ongi haztatzea kosta egiten da, urteak pasatu behar dira horretarako. Oso kuxkurtuta hasten badira, gorputza nola luzatu behar duten esan, eta halakoak. Nolanahi ere, aizkoran izan beharreko postura ibiliaren poderioz ikasten da.
Hasieratik kortea nola egin behar duten ikasten dute?
Ez. Esperientzia gehiago duten ikasleak dira enborraren kortea hasieratik irekitzen dutenak, eta gero hasi berriek korte hori segitu egiten dute. Bizpahiru urte eramaten dituztenak hasieratik bukaerara arte mozten dute enborra, eta gehiago daramatenak lan gehiago egiten dute.
Ongi harrotzeko esaten diezue ikasleei. Zer da hori?
Kortea egiterakoan, alde batean kortea zapalago egin behar da, gehiago markatu, eta beste aldean pikuago mozten da. Hau da, V antzeko bat egiten da, baina alde batean oso apala izaten da, eta bestean pikuagoa. Eta horri esaten diogu ongi harrotzea, alde batean ongi markatzea eta beste aldetik pikuago moztu eta ezpala ateratzea.
Eskolan hasi, teknika ikasi eta aizkoran segitu nahi duenak bere kabuz jarraitu beharra du.
Bai. Sakanako Eskola teknika ikasteko lehendabiziko pausoa da, baina hau ez da entrenatzeko tokia. Aizkolari ona izateko asko entrenatu beharra dago, norberak bere kabuz ordu asko sartu. Zaila da, egurra aurretik prestatu beharra dagoelako, mantendu, bukatzerakoan ezpalak bildu... lan asko eskatzen du.
Sakanako eskolatik aizkolari dezente atera dira.
Batzuk atera dira, bai. Egun, kuadrilla bat badago.
Zuri ez dakit, baina Juanito aitari eskola honek bizia ematen dio.
Bai. Aizkora eskola berarengatik egiten da, egia esan. Ilusio handia ematen dio gaztetxoak aizkoran aritzea. Bien artean trebatzen ditugu neska-mutilak, eta Aritz Oiarbide ilobak laguntzen digu. Haren arrimuan etxeko txikienak ere bildu zaizkigu. Gustura aritzen gara. Jon semeak laguntzen zuen, baina orain Donostian egiten du lan eta ezin du.
Sakanako Aizkora Eskola ez balego, aizkora galduko litzateke Sakanan.
Tradizio handiko familia txikietan mantenduko litzateke soilik, baina jende askok ez luke sarbiderik izango. Euskal Herrian ez dago gurea bezalako eskolarik. Gipuzkoatik etorri nahi izan zuten, baina ez dago tokirik.