2025/2026 denboraldian murgilduta daude Etxarri Kirol Elkarteko hamar futbol taldeak. Guztia koordinatzen, aspaldiko partez, Iosu Murgiondo Mundiñano dago, baina aurten Aitor Salinas Madinabeitiaren laguntza du, kluba handitu delako. "Iaz bederatzi talde ginen, eta aurten hamar. Horregatik, ardurak eta lanak banatu ditugu" azaldu du Murgiondok.
Nesken futbol talde bat gehiago du aurten Etxarri Aranatzek, kadeteena. Hari infantilen eta kimuen nesken taldeak gehitzen zaizkio. "Aitorrek emakumezkoen hiru taldeen eta mutilen futbol 8-ko benjaminen eta kimuen taldeen ardura hartu du. Eta nik gainontzeko mutilen bost taldeena: mutilen infantilen bi taldeen, kadetearen, jubenilaren eta erregionalaren ardura",
Talde guztiak Nafarroako Futbol Federazioko ligetan daude jokatzen. "Nobedade bezala, aurten mutilen benjaminen taldea federatu dugu, hala eskatu zutelako, eta benjaminak lehenengoz Nafarroako Federazioko txapelketan lehiatzen ari dira".
Talde horien guztien martxa eramateak duen lanari, beste lan garrantzitsu bat gehitu zaio aurten Etxarri Aranatz Kirol Elkarteko juntari, klubaren egunerokoa eta etorkizuna guztiz eraldatuko duena: futbol zelai artifizial berriak ekarriko duen eraldaketa.
Zelai berriko lanak, martxan
Azaroaren 3an hasi ziren San Donato futbol zelaiko belar naturala kendu eta belar artifiziala jartzeko lanak. Nesken kimuen taldeak jokatu zuen azkenekoz belar naturaleko zelaian. Gauzak ongi, bi hilabeteko lanak lirateke gutxi gorabehera, beti ere egiten duen eguraldiaren arabera. Baikor dira Etxarri Aranatzen.
Lanek irauten duten bitartean San Donato zelaia hankaz gora egoteak ligako partidak non jokatu eta bestelako erabakiak hartzera eraman dute kluba. Hasieran Lagun Artea Kirol Elkarteari eta Altsasu Kirol Elkarteari laguntza eskatzekotan egon ziren, jubenilen eta erregionalen partidak bertan jokatzeko. Klubeko hamar taldeen partida guztiak Etxarriko hareazko futbol zelaian jokatzea ezinezkoa baita. "Kontua da Lakuntzan gure egoera berberan daudela, zelaiko belarra aldatzeko lanetan, eta Altsasuri gertatzen zaiona da talde pila bat dauzkala, eta ia ez duela ordutegirik talde gehiago hartzeko".

Erregionaleko partidak, kanpoan
Azkenean bestelako erabakia hartu zuen Etxarrik, "talde guztiak hareazko zelaian jokatzea, erregionalak izan ezik. Eta erregionalarekin, federazioan eskatu duguna izan da lanak gutxi gorabehera iraungo duten bi hilabetetan etxean jokatu behar genituen partida guztiak kanpoan jokatzea". Hau da, egutegia moldatzea. "Dena ongi badoa, lanak bukatuta ligarekin normal jarraituko dugu eta denboraldi bukaeran partida asko etxean jokatuko ditugu" azaldu du Murgiondok.
Hartutako erabakiak alde positiboa eta negatiboa du. Positiboa, lanek irauten duten bitartean partidak non jokatzeko arazoari irtenbidea eman diotela. Negatiboa, talde erregionalak ligaren hasierako partida ia guztiak kanpoan jokatuko dituela eta kantxa faktorea ez dutela alde izango. Nolanahi ere, momentuz Etxarrik ez du kantxa faktorearen falta nabaritu, jokatu dituen partida guztiak irabazi dituelako, bat izan ezik. "Herrian jende askok galdetzen digu, ea noiz arte ez ditugun erregionalen partidak Etxarrin izango, eta guk erantzuten diegu urtarrileraino, gutxi gorabehera".
Iosu Murgiondo: "Taldeek gogotsu ekin diote denboraldiari, gustura daude"
Zelai berriaren ontasunak
San Donaton belar artifiziala jartzeko lanak bukatzen direnean, goitik behera aldatuko da Etxarri Aranatz futbol taldeen egunerokoa. Talde guztiek zelai berrian entrenatu eta jokatuko dute, horrek dakartzan abantailekin. "Aspaldiko eskaera izan da belar artifiziala jartzearena. Belar naturalezko zelaian soilik erregional taldeak jokatzen zuen, gainontzeko taldeek jokatuz gero zelaia txikituko litzatekeelako. Haurrak hareazko zelaian jokatzen ikustea, horrek bai ematen didala pena, egitan. Etxarrira jokatzera datozen asko kexatzen dira hareazko zelaian jokatu behar dutelako, eta guk beti erantzuten diegu guk bertan entrenatzen dugula eta etxeko partidak bertan jokatzen ditugula. Beraz, belarrezko zelai naturalari agur esateak alde batetik pena ematen digu, urte asko baitira zelaia zaintzen eta bertan jokatzen, baina zelai artifiziala aurrerapauso handia izan behar da, batez ere hareazko zelaian jokatzen duten txikien taldeendako. Alde horretatik, oso pozik gaude" aitortu du Murgiondok.
Momentuz zelai artifiziala jartzearena da egingo den aldaketa bakarra. "Nahiz eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza egon, kontziente gara Udalak lanak egiteko esfortzu handia egin duela eta ez dira lan gehiago egingo. Aldagelak nahiko justu dira ditugun talde guztiendako, baina aldagela gehiago behar ditugunean udalak eskolako aldagelak erabiltzeko baimena ematen digu".

Erregionalaren hasiera bikaina
Etxarri Aranatz mutilen erregional taldeak iaz denboraldi bikaina egin zuen. Nafarroako Kopa irabazi zuen, historia eginez, eta erregional mailako igoera fasea jokatzeko sailkatu zen, ligan hirugarren izan baitzen. Tamalez, igoera fasean ez zuen preferente mailara igotzea lortu. "Igoera fasera justu iritsi ginen, fisikoki baino, burua nekatuago. Eta ezin izan zen. Bestalde, koparena sekulako gorakada izan zen, esperientzia berri bat, errepikatzea zaila izango dena". Aurten ere kopan izena eman du Etxarrik, eta ongi hasi dira, hasierako ligaxkako lehen jardunaldian Lagun Arteari irabazi baitzioten. "Iazko mentalitatearekin jarraituko dugu kopan. Partidak presiorik gabe jokatuko ditugu, eta ligan minutu gutxiago jokatzen ari direnei aukera emango diegu. Txapelketa nola doan ikusita, hortik aurrera ikusiko dugu".
Etxarri Aranatzek aurten primeran ekin dio erregionaleko ligari, helburu berberarekin: igoera fasea jokatzeko lehen hiru postuetan sailkatzea. Ederki hasi dira. Zazpi jardunaldi jokatu dira, eta atsedenaldi jardunaldia kenduta jokatutako sei partidetatik bost irabazi dituzte, hirugarren jardunaldian Kirol Sport liderraren kontrako partida izan ezik. Igandean Valle de Egues C-ri 1-2 irabazi eta gero, erregional mailako lider jarri dira. Ligako bederatzigarren jardunaldian Etxarri Aranatzek eta Beti Kozkor B-k lidergoa izango dute jokoan azaroaren 23an, 18:30ean, Lekunberrin.
Taldeak iazko egiturari eusten dio. Ioseba Bakaikoak segitzen du entrenatzaile, eta hiru beteranoen baja izan dute, Xabat Goikoetxea, Julen Iragi eta Amaiur Arratibel. Jubeniletik bi gazte igo dira eta aurretik Etxarrin jokatu zuten hiru jokalari itzuli dira: Andoni Agirre, Urtzi Nazabal eta Iban Cerezo. Denboraldi hasieran lesioekin arazoak izan dituzte. "Jubeniletatik tira egin behar izan dugu, baina partidak aurrera atera ditugu eta kontentu gaude. Taldearen funtzionamendua ona da, eta giroa zer esanik ez. Beti esaten dut eta berriro errepikatuko dut: giro oso ona dugu, eta hori oso garrantzitsua da, taldearendako eta klubarendako".

Neskak, oso gustura
Joan zen urtean, lehenengoz, nesken futbol taldeak sortu ziren Etxarri Aranatz Kirol Elkartean. Iaz bi talderekin hasi ziren, eta aurten hiru talde dira. Talde hasiberriak izaki, kirol helburuak bestelakoak dira: emaitzak baino, taldeak sortzea, egonkortzea eta neskak futbolean trebatzea. "Nesken taldeak oso ongi ari dira. Iaz ongi aritu ziren eta aurten esango nuke hobeki daudela, gustura". Nesken kadeteen bigarren multzoko ligan, Etxarri Aranatzek, jokatutako sei jardunaldietatik bat berdindu du eta gainontzekoetan ez du punturik bildu, baina taldea gustura ari da eta hori da garrantzitsuena. Azaroaren 23an, 11:30ean, Lagunak hartuko dute Etxarri Aranatzen.
"Nesken partidetan futbol zelaian sortzen den giroa ikustea gozamen hutsa da. Giro askoz ere sanoagoa da, bai beraien artekoa eta baita zelaikoa ere bai. Mutilen zenbait partidetan oraindik jarrera desegoki asko ikusten dira, garrasiak eta. Neskatoenetan agian egongo dira, baina bestelako giroa ikusten dut. Bai gurasoak, bai beraiek zelaian animatzeko modua... dena" dio Murgiondok.
"Zelai berria ona izan behar da denondako: jokalari, entrenatzaile, mantenu langile eta zaleendako"
Jarrera ona sustatu
Jubeniletatik beherako mailetan ez dago kirol helbururik. Futbolean trebatzea eta ongi pasatzea da xedea. "Denoi gustatzen zaigu irabaztea, baina ez denaren gainetik. Entrenatzaileei irizpide batzuk jartzen dizkiegu, denok euren minutuak izan ditzaten. Irabazten saiatu daiteke, baina beste balio batzuk sustatuz". Kategoria txikietakoek taldearekiko konpromisoa izan behar dute, entrenamenduetara joan eta jarrera ona izan. "Klubean denbora daramagu jarrerak lantzen. Azkenaldian oso gutxitan ikusi dut jarrera desegokiren bat; horren gainean gaude, ez ditugulako nahi, ez zaizkigu gustatzen". Duela 10 urtetik hona egoera asko aldatu dela uste du, "baina oraindik gauza asko daude egiteko eta horretan ari gara. Klubak esfortzu ekonomikoa egin du eta entrenatzaileek trebakuntza jaso du, gai garrantzitsuak direlako".
Junta, martxa onean
Klubaren martxa guztia aurrera eramateko junta indartsua dago lanean. Izaskun Erdoziak jarraitzen du presidente, Iosu Murgiondok lehendakari orde, Gurutze Ubedak idazkari eta Adelaida Morenok diruzain. Batzordekideen zerrendan Jose Javier Urkia, Iña Arratibel, Ana Senar, Arturo Carreño, Aitor Azpiazu, Iñaki Elvira, Javier Beraza, Iraitz Goñi eta Aitor Salinas daude.
Zaleen babesa, handia
Iaz zale asko hasi ziren San Donato futbol zelaira hurbiltzen. Kopak ilusioa piztu zuen, nesken talde berriek ikusmina piztu zuten eta Etxarri Aranatz futbol kluba biziberritu zen, hala esan badaiteke. "Juntan jende berria sartu zen, jende horrek ingurukoak erakartzen ditu, talde berri asko sortu ziren... guztiak bat egin zuen eta jende asko hurbildu zen partidak ikustera". Joerak aurten ere segida du. "Talde guztien partidetara jende asko ari da etortzen. Azaroaren lehen asteburuan, esaterako, nesken bi partida zeuden segidan goizean, eta zenbat jende etorri zen ikusita izututa geratu nintzen". Etxarri Aranazko aisialdiaren parte bilakatu da futbolera joatea. "Jendea jaisten da, partida ikusi eta gure tabernan pintxoa hartzen du... Goiz edo arratsalde pasa polita da".
Tabernak diru iturri garrantzitsua izaten jarraitzen du klubarendako. Tabernako txandak eta aldagelak garbitzeko txandak gurasoek betetzen dituzte, "eta oso eskertuta gaude. Gogotsu etortzen dira, borondate onez, giro ona sortzen da eta haurrek, gurasoak auzolanean ikustean, bestelako balioak barneratzen dituzte. Esperientzia ona da".
Zelai artifizial berriak honi guztiari bultzada emango diola uste dutek. "Hareazko zelaian ez jokatzeagatik hemen jokatu ez duen jendea ezagutzen dut, eta ulertzen dut. Zelai artifizialak ate pila bat zabaldu behar dituela uste dut. Denondako ona izan behar da: jokalariendako, entrenatzaileendako, belarra zaintzen duenarendako eta zaleendako. Ilusioz gaude".