EAJk "euskal nortasunaren eta autogobernuaren defentsan munizipalismoaren egitekoa" aldarrikatu du

Guaixe 2026ko urtarrilaren 16a

Etxarri Aranazko 1977ko udala. ARTXIBOA

Napar Buru Batzarrak "mugarri demokratiko" gisa gogoratu du gaur 49 urte Etxarri Aranatzen onartutako manifestua eta artean ilegalizatuta jarraitzen zuen Ikurrina jarri izana.

Nafarroako Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) aldarrika du "munizipalismoak nortasunaren eta autogobernuaren defentsan bete duen eginkizuna", eta "mugarri demokratiko" gisa gogoratu du 1977ko ilbeltzaren 16an, duela 49 urte, Etxarri Aranatzen egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zen manifestua, ondoren legez kanpo zegoen ikurrina jarri zena.   

Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualde Iglesiasek gogoratu duenez, "Etxarri Aranatzeko Udalak udal guztiak alkateen asanbladara deitu zituela, 1976ko uztailaren 21an, foruen abolizioaren mendeurrenean, Bergaran sustatu zen ekimen munizipalistaren oihartzuna jasoz. Orduko Barne Ministro Rodolfo Martin Villak ekitaldia debekatu zuen eta Guardia Civilak eta Polizia Armatuak kontrolak jarri zituzten bertara joateko errepideetan, alkateei babesa emateko bertan egon nahi zuten milaka pertsonei Etxarrira joatea galaraziz". 

Hala eta guztiz ere, Etxarri Aranazko Udalak ezohiko bilkura egin egin zuen eta Amnistia , Foruak eta Elebitasuna lelopean 176 udalen babesa jaso zuen adierazpena onartu zuen. Horri gehitu zitzaizkion foru eskubideak berreskuratzeko eskakizunak eta amnistia, euskararen koofizialtasuna, ikurrinaren legalizazioa, alderdi politikoen legalizazioa eta Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Gipuzkoarako estatutu bat eskatuz egin ziren aldarrikapenak. Osoko bilkuraren akaberan txistulariek Nafarroako Gorteen Ereserkia interpretatu zuten eta bertaratuek Gernikako Arbola eta Eusko Gudariak abestu zituzten. Ikurrina ofizialki jarri zen udaletxean lehen aldiz, artean ilegalizatuta zegoena. 


Etxarri Aranazko Udaleko zinegotzietako batzuk. ARTXIBOA

Nafarroako EAJk, Etxarriko Osoko Bilkura osatzen zuten pertsona haien "garrantzia" nabarmendu du, "jaso zituzten mehatxuak gorabehera ez baitzuten amore eman eta ez baitzioten utzi diktadura ezabatu ezin izan zituen nortasun eta proiektu politikoa defendatzeari". Udala osatzen zuten: Javier Mauleon Ijurra; Manuel Ijurra Echarri; Antonio San Martin Villanueva; Eleuterio Ochagavia Bacaicoa; Juan Jose Botanz Razquin; Jose Miguel Arbizu Lizarraga; Fernando Huici Igoa; Valentin Lizarraga Liciaga; Antonio Igoa Erdocia; eta Luis Manuel Nagore Biurrun. 

Berrestea 
Iglesiasek adierazi duenez, "49 urte geroago, Nafarroako EAJ-PNVk gaur berretsi nahi du eskubide nazionalen defentsa demokratikoarekin hitzemanda daukan konpromisoa, herri gisa ditugun eskubideekin, hain zuzen". Napar Buru Batzarraren presidenteak gaineratu duenez, "Etxarri Aranatzekoa naziotasunaren eta demokraziaren berrespen ekintza aitzindaria izan zen, udaletatik normaltasun demokratikorantz aurrera egiteko zegoen borondatea erakutsi zuena frankismoaren egitura zaharrek indarrean jarraitzen zuten garaian; hauxe da nondik gatozen ez ahazteko keinua, ezta gu baino lehenago egon zirenak ere, gure nagusiak". 


Bilkura gelan elkartutako herritarrak. ARTXIBOA

Etxarri Aranazko alkateen asablada eta hiru egunetara, 1977ko ilbeltzaren 19an, Estatuak ikurrina legeztatu zuen, eta II. Errepublikaren akaberatik lehen aldiz, ikurrina jarri zen Konstituzio Plazan, Donostiako lehengo Udaletxean. Ondoren, Ikurrina Nafarroako hainbat udaletxetan jarri zuten eta jazarria izatetik naturaltasun osoz hasi zen erakusten demokraziaren sinbolo gisa. 


Herritarak ikurrina zabaltzen. ARTXIBOA

Iglesiasek esan duenez, "pauso hori mugimendu zabalago baten parte izan zen euskal udalerri askotan, uste baitzuten trantsizio demokratikoa ezin zela soilik Madrildik hartutako erabakien mende egon, eta aurrerapauso bat eman zuten herrietatik, tokiko erakundeetatik, udaletatik. Askatasunaren, duintasunaren eta autogobernuaren aldeko keinu lasai, arduratsu eta guztiz demokratikoa".

Erlazionatuak