Etxarri Aranazko Udalak herrigunean bizikletendako bideak egin nahi ditu. Lanek 91.706,17 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Egitekoa bere egin nahi duen enpresak bere eskaintza ilbeltzaren 25eko 23:30ak baino lehen aurkeztu beharko du. Kontratua bereganatzen duen enpresak lau hilabete izanen ditu lanak despeditzeko.
Zergatia
Sakanako udalak emugikortasun jasangarriaren alde egiten ari dira. Egitasmo nabarmenena Sakanako bizikleta bide sarea da, Plazaola bide berdearekin eta Arabako Lautadarekin bat egiten duena. Bide horrek Etxarri Aranatzen 5,5 km-ko luzera du eta herrigunetik pasatzen da. Etxarri Aranazko Udalak berak aipatu bidearekin eta Donejakue bidearekin bat egiten duen bidegorria edo bizikleta ibilbidea egin zuen joan zen urtean. Plaza eta eskola lotzen ditu.
Horren osagarri beste hiru ibilbide izanen dira: eskolara iristen den bidea ikastola eta futbol zelairaino luzatzea, plaza eta Andra Mari lotzen dituena eta herrigunea Malkorramendi eta Aldapasoro auzoak eta Zumrudiñeta industrialdea lotzen dituena. Herri gunean bizikletendako ibilbide berriak zehazteko parte hartze prozesua egin zuen udalak 2025ean.
Eginen diren lanak
Eskolatik ikastola eta futbol zelaira doan bidearen ezkerreko aldean oinezkoendako eta txirrindulariendako karril berria eginen da. Porlanezkoa izanen da eta 160 metro inguruko luzera eta hiru metro zabal izanen ditu. Handik gehienez orduko 15 km-ko abiaduran ibiltzeko aukera izanen da.
Plazatik Andra Mari ermitara daraman bideak plaza inguruan oinezkoendako eta bizikletendako erabilera izanen du. Larrañeta kalea zeharkatuko du. 1,40 metroko zabalera duen bidegorria eginen da. Burundabide kalea, NA-2410 errepidea, gurutzatu, Lurloi eta Arkudetabide kaleetara iritsiko da bidea. Bi kale horiek bizikleta erreiak izatera pasako dira. Hau da, kale horietan bizikletek izanen dute lehentasuna motordun ibilgailuen aurrean. Gehienez 30 km orduko abiaduran ibili ahalko dira ibilgailuak. Autobus geltokiaren ondoan bizikletendako aparkaleku bat jarriko da, intermodalitatea sustatzeko.
Aldapasororako bidea Malkorramendi auzoko atzeko aldeko "kattubidetik" joanen da. Handik Aldapasorora doan dermioko bide zaharretik eginen du aurrera, auzora iritsi arte.