Kintoek gertatutakoengatik barkamena eskatu dute

Guaixe 2026ko otsailaren 16a

Etxarri Aranazko kintoek Olentzero eta Mari Domingiri bidea erakutsi zieten abenduaren 24an. UTZITAKOA

Mojen eraikinean kalteak eragin zituzten ostiral goizaldean. Ez da haren kontra egiten duten aurreneko aldia. Egindakoak etxarriarren haserrean eragin du.

Sortzez Garbiaren kongregazioko mojen komentuko sarrerako ateko sei kristaletako hiru hautsi zituzten ostiral goizaldean. Horretarako, obrak seinaleztatzeko konoa erabili zuten. Ez da lehen aldia parranda giroan eraikin horren kontra egin dutena. Esaterako, abenduko lehen asteburuan etxearen kontra basoak eta botilak bota zituzten. 

Jazotakoak etxarriarren artean haserrea eragin du. Horren jakitun, aurtengo kintoek herriari zuzendutako idatzia zabaldu dute sare sozialen bidez asteburuan. Kintoek azaldu dutenez, "gure konpromisoa errespetuz denak ongi pasatzea da. Nahiz eta oraingoa erabat ez den bete, onartzen ditugu kinto batzuen jarrerak sortarrarazi dizkiguten ondorioak. Gaineratu dutenez, "herri giro ona sustatu eta sortu nahi dugunez, barkamena eskatzen dugu gertatutako guztiagatik, bereziki mojei, beraiei egindako kalteagatik. 

Aurtengo kintoek aitortu dute txatarrak ospatu diren hiru ostegunetan "gorabehera batzuk egon direla. Kintada handia direla azaldu dute, "baina egia da batzuen jokabideak ez direla egokiak izan. Kintoak lehenengoak izan gara beraiei gure desadostasuna erakusten. Azkenean, gertatutakoa ez da guk erakutsi nahi dugunaren isla, guk errespetua eta talde elkartasuna erakutsi nahi ditugulako. 

Gizakunde, andrekunde eta garikunde ostegunetan kintoak txatarrez jantzi eta zigorra eskuan jendea "berotzen ibili ziren plazan arratsaldeetan. Horren ondoren, egunari akabera emateko, gaztetxean afaria egin zuten kinto zaharrekin gaztetxean. "Jakitun gara hiru egun horietan gertatutako eromenaz, bai egin dugun soinuaz, bai jendeari egin diogun minaz. Kintoek azaldu dutenez, "badakigu gauza batzuk, ez ditugula ongi egin, eta herriaren haserrea ulertzen dugu, egindakoa gaizki eginda dagoelako. Baina egia da kinto guztiak ez daukagula zerikusiri gertatutakoarekin, eta ez gaudela horrekin ados, eta gutxiago harro. 

Aurtengo kintoek esan dutenez, "gelditzen diren ihote egunak eta kintoen hurrengo ekitaldiak, ongi joanen direlakoan, ongi pasa!