Astekaria

"Apustuak beste motibazio bat du: irabaztearen harrotasuna"

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 19a

Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso eta Aritz Oiarbide Erdozia lehengusuak apusturako azken txanpan daude.

Erdozia-Oiarbide eta Osinalde-Pikabea aizkolarien arteko apustua martxoaren 21ean jokatuko da Zumarragan: 20 kanaerdiko alde bakoitzak, eta 4.000 euro jokoan.

Erdoziatarren Etxarri Aranazko bordan mugimendu handia dago, eta egur ezpal asko. Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso eta Aritz Oiarbide Erdozia lehengusuek Unai Etxeberria "Osinalde" eta Egoin Pikabea gipuzkoarren kontra martxoaren 21ean Zumarragako Beloki frontoian (18:00) jokatuko duten apustuaren atzerakontua hasi da, eta etxarriarrak erronkarako prest daude.  

Ilbeltzaren 2an apustua adostu zenutenean entrenamendua zeharo aldatu beharra zenutela esan zenuten, lan motzagoak egiten ohituta zeundetelako. Nola joan da?
Hasieran fondoa gehiago lantzen hasi ginen; lehendabiziko bi hilabeteetan entrenamendu karga dezente sartu genuen, eta azken hilabetean gutxiago. Hasieran astean bitan lan luzeak egiten genituen, baina azken hilabetean astez gutxiago aritzen gara eta asteburuko entrenamendu indartsua mantentzen dugu.

Zer moduz zaudete?
Ongi. Gogotsu. Batetik luze egiten da, baina, bestetik, pentsatzen jarrita azkar pasatu da. Duela hiru hilabete luzatu genuen apustu proposamena, eta bat-batean bertan dago. 

Zenbat enbor erdibituko zenituzten tarte honetan?
Asko, ehundik gora; 150, agian.

"Apustu egunera gure sasoirik hoberenean iristen saiatuko gara; ongi entrenatuta gaude"

Uneren batean apustua gogorregia egiten ari zaizuela sentitu al duzue?
Ez, modu progresiboan aritu gara. Hasi ginenean ia ez genuen fondorik, eta gutxika hobetzen ari gara. Apustu egunera gure sasoirik hoberenean iristen saiatuko gara, eta katarro eta halakoetatik zaintzen. Ea, zortea lagun, apustu egunean ongi sentitzen garen.

Apustua denez, probaren antolatzaile ere bazarete; lan gehiago.
Entrenamenduetan zentratzeko denbora pila bat behar da: egurrak ekarri, prestatu, entrenatu... Antolakuntza kontuak ingurukoek eramaten dituzte.

Alde bakoitzak 20 kanaerdiko erdibitu behar ditu, txanda librean.
Aldaketa denborak nahiko barneratuta ditugu. Korteekin kontua izan beharra dago. Adarrak suertatzen badira txanda denborak aldatu daitezke, baina hori uneko kontua da.

Zuek egur erdia jarri behar duzue eta besteek beste erdia. Zein egur eramango duzuen erabaki duzue?
Ideiaren bat badugu, baina oraindik ez dugu erabakia hartu.

Zumarragan gipuzkoar gehiago egongo dira nafarrak baino. 
Ziurrenik bai, baina hori, azkenean, ahotsa da. Guretako dela pentsatu eta listo! Hemendik ere jendea joan behar da, ea nork egiten duen garrasi gehien (kar-kar). Badakigu Gipuzkoan apustuetan zein giro egoten den; beste xarma bat du. Eta giro ona egotea denondako ona da. 

Etxarritik jende asko joango da?
Pentsa baino gehiago; ez genuen uste horrenbeste jende joango zenik, familiakoak, lagunak eta herri kirol zaleak. Entzuten denarekin, oso gustura. Sarrerak aurretik erreserba daitezke (688 634 167). 

"Etxarritik uste baino jende gehiago hurbilduko da; entzuten denarekin, oso gustura"

Aurretik Osinalde eta Pikabearen kontra aritu izan zarete. Eguna hurbildu ahala urduritasuna agertzea beti gertatzen da?
Oraingoan gehiago, agian.

Jokoan dauden 4.000 euroengatik?
Ez ba! Mundu guztiak berdina esaten digu, 4.000 euroak, baina apustuak beste motibazio bat du, lana ongi egin eta apustua irabaztearen ardura eta harrotasuna. Apustu bat beste gauza bat da; egun horretan denak zu ikustera doaz. Irabazi nahi dugu, apustu hori ezin da galdu, eta ez da diruagatik, harrotasunagatik baizik. 

Arerioak nola dauden badakizue?
Zalduak eta Soroak martxoaren 8an Tolosan jokatutako apustuan zerbait esan ziguten, baina ezin zara fidatu. Ez dakit zer denboran ez dakit zer egin zutela, baina zenbakiak oso erraz esaten dira. Egurrak asko du esateko; egurrak gogorrak edo bigunak badira, asko aldatzen da, denbora nahi gabe joaten da, 3 edo 4 minutu, erraz. Egunean ikusiko da.

Apustu egunean egurra eguerdian eraman behar duzue.
Etxekoek eramango dute. Gu 17:00ak aldera agertuko gara. Ahalik eta normalen egoten saiatuko gara: goizean paseoa eman, bazkaldu, eta apustura.

Apustuan zer gerta, ospatu beharko duzue.
Noski! Altsasuko Izelain tokia hartuta dugu. Irabaztea askoz hobe litzateke, jakina.

Aizkorak, ongi zorroztuta, ezta? Mimo handiarekin egin beharreko lana da.
Orain arte ez diogu honi garrantzia handirik eman, aittunek egiten zuelako, baina azkenaldi honetan gu ere aizkorak zorrozten hasi gara.

Zenbat aizkora eramango dituzue?
Asko, baina erabili, gutxi. Badaezpada eramaten dira, aizkora bat hausten bada, kiderra apurtu... Ongikoz, bakoitzak pare bat erabiltzen ditu, eta adarren bat ateratzen bada, besteren bat. 

Aurretik pikea zenuten Osinalde eta Pikabearekin.
Jon: Bai. Euren kontrako finalean aizkora apurtu zitzaidan eta momentuan ez neukan antzeko bat. Eta erabili nuen bestearekin ez nintzen gustura aritu. Ordutik, berdinak diren hiru aizkora ditut, eta pixka bat txikiago diren beste hiru. 

Apustu eguna iristeko gogoz?
Bai, apustua egin, pasatu eta ahazteko gogotsu. 

Irabazi ala galdu, aurrerago beste apusturen bat egingo zenukete?
Neguan entrenatzeko motibazio hori izatea gustatu zaigu, udako txapelketa ofizialetatik kanpo ez baitago ezer. Ikusiko da. 

Zuenaz gain, bestelako apustuak sortuko ziren.
Egunean bertan sortuko dira, baina ez etortzeko erreklamazioekin; nahikoa dugu gurearekin.