Astekaria

Euskalerriari pilotalekuak itxura paregabearekin ireki zituen berriz ateak

Maider Betelu Ganboa 2026ko apirilaren 27a

Etxarri Aranazko Gure Pilota klubeko palistak, Ventura Mundiñano eta Miguel Angel Aristorenarekin.

Etxarri Aranazko Udalak apirilaren 18an mustu zituen Euskalerriari pilotalekuan egindako lanak. Lanak luzatu dira, eguraldiagatik eta zailtasunengatik, baina pilotalekua martxan da Gure Pilotakoen eta etxarriarren gozamenerako

Etxarriarrek gogotsu mustu zituzten Euskalerria frontoiko berritze lanak. Erraldoien kalejiraren ondoren Maria Saez de Albeniz alkateak obraren nondik norakoak azaldu zituen, eta urte luzez Etxarriko pilota eskola gidatu zuen Ventura Mundiñanok eta egun Gure Pilotako pala arduraduna den Miguel Angel Aristorenak ohorezko sakea egin zuten. Igandean pala eta esku pilota jaialdi ederrak izan ziren. 

Maria Saez de Albeniz alkateak "egun pozgarria" zela nabarmendu zuen. Lanak uste baino gehiago luzatu direnez, gastuak gora egin du. Azkenean 420.000 euro izan dira; horietatik 155.000 euro Nafarroako Gobernutik iritsi dira zuzenean, EH Bilduk aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa bati esker. "Euriak eta haizeak obra asko atzeratu zuten, eta gauzak korapilatu ziren. Teilatuak soilik uralita zuela uste zuten, baina sekulako plaka zuen, eta kentzea zaila izan zen. Goiko sarearen azpiko zurgintza metalikoak ere obra zaildu zuen, kutsadura gutxitzeko plaka akustikoak jartzea kostatu zen, eta pinturarekin ere atzerapena izan genuen".  

Ventura Mundiñano: "Frontoia oso polita geratu da, argiagoa da. Eta omenaldia, oso polita"

Asegarce berdea izeneko kolorea erabili dute. "Parte hartze prozesua egin genuen pilotariekin, enpresekin eta Gure Pilotakoekin. Guri Arrasateko morea asko gustatzen zitzaigun, baina denek esan ziguten aproposena Asegarce berdea zela". Pilareak bere horretan utzi behar izan dituzte. "Harmailetatik frontoia ikusteko oztopo besterik ez dute egiten, baina estrukturalak dira, teilatuari eusten diote, eta ezinezkoa izan da". Beste lan batzuk pendiente geratu dira. "Aldagelak txukundu nahi ditugu, sarrera nagusian komunak egin eta beste. Epe ertainera egingo ditugu. Frontoiko sarea ekartzen dutenean, leihoak garbitzeko probestuko dugu".  

Miguel Angel Aristorena kontentu zegoen. "Alkateak ongi azaldu du prozesua. Nik eskatuko nuke honekin segitzeko, frontoia ongi zaindu eta aurrerago komuna egin dezatela". Orain arte Sakanako beste frontoietan aritu dira entrenatzen, "eta oso eskertuta gaude, elegante portatu dira gurekin Urdiain, Lakuntza, Dorrao eta Bakaikuko udalak". Orain etxean entrenatuko dute. "Frontoiak martxa hartu du. Federaziotik frontoia eskatu digute bizpahiru jaialdi politetarako; ari gara". 

Ventura Mundiñanok jasotako omenaldi txikia eskertu zuen. "Oso polita izan da". Etxarriko gaztetxoak pilotan trebatzen urte asko eman zituen. "Ez dakit zenbat, baina asko. 26-27 urterekin hasiko nintzen...". Etxarri Aranazko pilotari gehienak bere eskuetatik pasa ziren. Aspaldi utzi zuen, baina pilotaren mundua gertutik jarraitzen du. Lehen pilotari asko ateratzen ziren Sakanatik, "baina aspaldi honetan, ez dakit zer pasatzen den, baina ez dira ateratzen". Berritutako frontoia "oso polita da, argiagoa".