Hamahirugarren aldiz, Amalurra azoka hartu zuen Etxarri Aranatzek. Lehen sektoreko ekoizleen erakusleiho eta haien lanari balioa aitortu nahi dion hitzordua da. Dozena bat ekoizlek beraien produktuak zuzenean saltzen egon ziren Etxarri Aranazko plazan atzo goizean. Ardoa, ukenduak, gozoak, gazta, esnekiak, eztia, txerrikia, olioa eta beste erosteko aukera izan zuten bisitariek. Hamalau artisauen postuek ere jakin-mina piztu zuten. Haietan makramea, txotxongiloak, bitxiak, serigrafia, crocheta, larruz egindakoak, poltsak, lehortutako loreak, zeramika, jostailuak eta bestelakoak eskaini ziren.
Aurten antolakuntzak artileari garrantzia eman nahi izan zion eta hori belakiak eta loreak egiteko bi tailerren bidez egin zuen. Hainbat izan ziren haietan parte hartzen. Azokak iraun zuen bitartean Etxarri Aranazko gaitariak batean eta bestean jotzen aritu ziren. Eta arkume errearen pintxoak dastatzeko aukera ere izan zen. Azokaren egitaraua aizkolarien lehiaketak eta harri jasotzaileen erakustaldiak osatu zuten.
Argazkiak: NEREA MAZKIARAN ZELAIA.