Osasunbidearen lan osasuna hobetzeko programa ibarrera iritsi da

Guaixe 2026ko maiatzaren 4a

Etxarriko udaletxean du egoitza.

Lan arriskuen kudeaketa hobetzeko arreta eta aholkularitza eskainiko du.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) langileen osasuna hobetzeko eta laneko arriskuen prebentzioa enpresetan integratzeko duen programa du. Hura Leitza, Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko osasun eremuetan ezarri du eta 25.000 langileri eraginen die. Dagoeneko hasi da bisitak egiten, zehazki, 77 bisitatuko dituzte. Horiek 2024an eta 2025ean istripu tasa irizpideak bete dituzten edo lehentasunezko sektoreetako edota prebentzio intereseko sektoreetakoak dira.

NOPLOIren osasun eta teknika baliabideak hurbilduta, langileen osasun babesa hobetu eta eremuko enpresetan prebentzioa sustatu nahi du Osasun Departamentuak. Horretarako, arlo horretan aholkularitza eskaini eta osasunaren aurreko kalteak detektatzea eta kudeatzea erraztuko du. Programaren barruan sartzen dira langileak, Lehen Mailako osasun langileak, enpresaburuak, langile autonomoak eta prebentzioko ordezkariak. Bulegoa Etxarri Aranazko udaletxean jarri dute, eta NOPLOIko teknikariek lan osasunari buruzko aholkularitza eta informazioa eskainiko dute astearte eta ostegunetan, 09:30etik 14:00etara. Osasun-arreta, bestalde, mediku batek koordinatuko du, eta Iruñeko institutuko egoitzatik etorriko da.

Bestalde, enpresetara bisitak egingo dituzte inguruko lan-osasunaren errealitatea, kudeaketa, zailtasunak, gabeziak eta hobetzeko arloak ezagutzeko; orobat, gomendioak emango dira lan-baldintzak hobetzearren. Horretaz aparte, lau osasun etxeetako Lehen Mailako Arretako profesionalei prestakuntza eta aholkularitza emango diete, arloko langileen lanetik eratorri daitekeen patologia identifikatzearen eta tratatzearen inguruan.

Proiektua toki erakundeei, Sakanako Enpresa Elkarteari eta Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluari aurkeztu diete. Gainera, informazio eskaerei erantzuteko, NOPLOIk ispln.areasakana@navarra.es posta elektronikoa jarri du.

Datuak
Gaur egun, aipatutako eremuan besteren konturako langileak dituzten 1.100 bat enpresa daude. Zerbitzuen sektorea da nagusi, %70 horretan aritzen baita; jarraian, industria (%17), eraikuntza (%10) eta nekazaritza eta abeltzaintza sektorea (%3) daude. Inguruko enpresen %82ak bost langile baino gutxiago ditu, %16ak 6 eta 49 langile artean, eta %1 inguru 50 pertsona edo gehiagokoak dira.

Erlazionatuak