Astekaria

Etxarri Aranatz preferente taldea da, eta jubenilena lehen mailakoa

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 2a

Etxarri Aranatz, Ribaforada mendean hartu eta preferente mailara igo izana ospatzen, Erriberan. Etxarriar asko hurbildu ziren taldea animatzera. JON SALINAS

Maiatzaren 23an Etxarri erregionala preferentera igo zen, Ribaforadan, eta maiatzaren 24an jubenila lehen mailara, etxean

Etxarri Aranatzek ametsa gauzatu du: erregional mailako liga irabazi, eta igoera fasean preferente mailara igotzea. Baina ez hori bakarrik, Etxarri jubenilen taldeak bigarren jubenilen maila irabazi, eta igoera fasean jubenilen lehen mailara igo baita. Ospakizun bikoitza, beraz, Etxarri Aranatz Kirol Elkartearendako. 

2023tik, erregionalean
Etxarri Aranatz 2022/2023 denboraldian jaitsi zen erregional mailara. Ordutik preferentera bueltatzeko nahia izan du. Iosu Murgiondo Mundiñano etxarriarrak bertatik bizi izan du prozesu guztia. Etxarri Aranazko futbolari izan zen jubenil mailara arte. Segidan, 18 urterekin, klubean entrenatzaile hasi zen, duela hiruzpalau urtera arte. Egun, presidenteordea da eta futbol koordinatzailea, Aitor Salinasekin batera. Bizitza guztia, Etxarri Aranatz futbol taldeari emana. "Erregionalera jaitsi ginenean, gutxi gorabehera blokea mantendu zen. Erregional mailako azken hiru denboraldi hauetan beti goian aritu gara, eta hiru denboraldietan igoera fasea jokatu dugu. Ez dakit zer den politagoa, preferentean behe alde horretan ibiltzea, edo erregionalean goian aritzea" dio Murgiondok. Txantxa ederra, igoerarekin "ezin pozikago" dagoelako. "Azken egunak urduritasun handikoak izan dira, baina dena ongi atera da eta oso kontentu gaude". 

Liga zaila eta injustua da erregional maila, ligako irabazlea ez delako automatikoki preferentera igotzen. Azken hiru denboraldietan Etxarrik ez zuen igoera fasea gainditu. "Aurten baietz, aurten igoko ginela, hala zioten jokalariek beti. Guztiek, Ioseba Bakaikoa entrenatzaileak barne, aurrena jokatu egin beharra zegoela erantzuten genien. Azkenean arrazoia izan dute, aurten igo gara, baina ongi jokatu ondoren" dio Murgiondok, irribarrez. 

Denboraki bikaina
Etxarri Aranatzek erregional mailako bosgarren multzoko denboraldia nagusiki irabazi du, jokatutako 24 jardunaldietatik 21 irabazi eta 3 galduta (63 puntu). "Denboraldi ezberdina izan da, futbol zelaiaren obrengatik. Urriaren bukaeran hasi ziren zelai artifiziala jartzeko lanak, eta lehen itzuliko partida gehienak etxetik kanpo jokatu behar izan genituen. Zelaia ilbeltzaren 25ean mustu zen, eta bigarren itzuliko partida asko etxean jokatu ditugu" azaldu du Ioseba Bakaikoa Salceda Etxarri Aranazko entrenatzaile lakuntzarrak. Liga hasieratik mezua oso argia izan zela gogoratu du: "Preferentera igo behar ginela, hori izan zen mezua, eta presio edo motibazio horrekin hasi ginen, iaz igoera fasetik kanpo geratu eta arantza hori barnean geratu zitzaigulako". Eta horretan zentratu ziren buru-belarri. "Iaz kopa irabazi genuen eta ederra izan zen, baina aurten hasierako ligaxkan kopatik kanpo geratu ginen eta ligan zentratu ginen" dio Murgiondok. 

Iosu Murgiondo: "Aurten igoko ginela zioten jokalariek, baina aurrera jokatu beharra zegoela esaten genien. Igo gara, baina ongi jokatu ondoren" 

Denboraldi hasieran zenbait jokalari lesionatu ziren. Plantilla zabala du Etxarrik, baina jubenilen beharra izan zuen. Zentzu horretan, guztiz koordinatuta lan egin dute Ioseba Bakaikoak eta Etxarriko jubenilen entrenatzaile Xabat Goikoetxea Jakak, joan zen urtera arte Etxarri erregionaleko kapitaina zenak. "Talde lan ikaragarria egin dugu biok; behar izan direnean jubenilak erregionalean aritu izan dira, baina jubenilen taldea desorekatu gabe". 

Igoera fasean, Ribaforada
Erregional mailako bost multzoen txapeldunen artean, Etxarri Aranatzek puntu gehien zituen. "Uste genuen horrek abantaila txikiren bat emango zigula, bueltako partida etxean jokatzea, esaterako, edo puntu gutxien zituenaren kontra jokatzea... Baina guztia zozketan erabaki zen, eta talderik zailenaren kontra aritzea tokatu zitzaigun: Ribaforada. Gainera, joaneko partida, etxean, eta itzulerakoa, Erriberan. Ez zegoela aitzakiarik eta hori tokatu zitzaigula esan nien jokalariei" gogoan du Bakaikoak. Ribaforada arerioa oso ongi aztertu zuten, "zenbait partidatan ikusiak nituen eta azken astean bideoak errepasatzen egon ginen". Joanekoan partida ona egin zuen Etxarrik, eta 3-0 jarri zen aurretik. "Jokalariei argi esan nien itzulerako partidan ezin genuela konfiatuta jokatu, inola ere ez, bestela partida oso luzea egingo zitzaigula. 3-0 ez da itxita dagoen partida bat, inoiz. Egunero ikusten dugu".

Euforia
Itzulian, 2. minuturako lehen gola sartu zuen Ribaforadak. Horrek airea eman zion, eta 20. minuturako 2-0 aurreratu zen. "Argi zegoen guk gola sartu beharra genuela, horrek oxigenoa emango zigulako. 40. minutuan 2-1 gerturatu ginen, eta mina egin genien. Baina atsedenaldia baino lehen jokalari bat gutxiagorekin geratu ginen". Atsedenaldian zenbait aldaketa egin zituzten, "ongi funtzionatu zutenak. Jokalariak hustu egin ziren, ikaragarri lan egin zuten, eta lortu genuen: liga irabazi dugu eta igoera faseko lehen kanporaketan mailaz igo gara. Poz handia, sekulako euforia bizi izan genuen" horrela bizi izan zuen Bakaikoak maiatzaren 23a. Maila pertsonalean, "lortutakoaz harro eta pozik" sentitzen da, "entrenatzaile gisa erronkak betetzea beti pozgarria delako". Bakaikoak futbola barrenetik bizi du. "Futbola pasioa da niretako. Intentsitate horrekin bizi dudanez, asko ematen dit, baina, aldi berean, asko desgastatzen nau. Argi dagoena da kirolean momentua disfrutatu behar dela, eta orain da disfrutatzeko unea, urte osoko lanaren ondoren liga irabazi dugulako eta preferentera igo garelako". 

Sentimendu asko
"Halako une batean zer sentitzen den? Sentimendu asko agertzen dira. Gehienbat poza, jokalariengatik bereziki, denboraldi guztia gogor entrenatzen eta jokatzen egon direlako, bakoitzak bere alea jarri duelako. Iosebarengatik eta Andoni Goikoetxea "Pirpi" bere bigarrenarengatik poztu nintzen ere bai, denboraldi guztian taldea engantxatuta izatea oso zaila delako. Egia esan, poz handia" hala sentitu zuen Murgiondok. 

Ospakizunak Ribaforadan bertan hasi ziren, etxarriar zale asko joan zirelako bertara. Aurreskua, kamiseta berezia, bonboa eta zalaparta. "Ribaforadakoek igoeragatik zoriondu gintuzten, eta Etxarritik zorterik onena opa zitzaien, beraiek igotzeko beste aukera bat dutelako. Giro ederra, hori da behar dena". Bueltatzerakoan, Etxarri Aranatzen harrera egin zitzaion taldeari. Festak luze jo zuen. 

Jubenilak ere bai
Maiatzaren 24an Etxarriko jubenilek igoera faseko itzuliko partida zuten jokoan San Donato zelaian. Joanekoan 2-0 galdu zuten Peña Azagresaren kontra, eta etxean hasieratik partidari buelta ematera atera ziren Xabat Goikoetxearen mutilak. "Markagailuari buelta ematea ez zen erraza, baina entrenatzaileak eta jokalariek konfiantza alde zuten, eta 4-1 irabazita, jubenilen lehen mailara igotzea lortu zuten" gozatu zuen Murgiondok. Beraz, bezperako festak segida izan zuen. 

Preferenterako asmoak
Etxarri Aranatz preferente mailako taldea dela zioten etxarriarrek, eta orain, jada, ofiziala da. Klubeko junta hurrengo denboraldia prestatzen hasia da. "Datorren bi asteetan erregional mailako jendearekin bilduko gara, euren asmoen berri izateko. Segitu nahi duten edo ez, euren esku dago. Gainontzeko talde guztietan, berdin" azaldu du Murgiondok. 

Preferentera igotzeak ez ditu aldaketa asko ekarriko. "Etxeko jendearekin segitu nahiko genuke, horrek eman dizkigulako emaitza hoberenak. Eta ez soilik kirol arloan. Herriko eta inguruko herrietako jendearekin jokatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, gero herria zelaira igotzea animatzen delako, partidak ikustera. Etxarri bezalako herri batendako hori da hoberena". 

Ioseba Bakaikoa: Erregionalek eta jubenilek elkarlanean lan egin dezakete; Etxarrin erakutsi da"

Erregionaletik preferentera ez du aparteko saltorik ikusten. "Erregionaleko lehenengo bost postuen eta preferentean bosgarren postutik behera dauden taldeen artean ez dut alde handirik ikusten. Preferentean taldeak fisikoki pixka bat prestatuago daude eta partidak irabaztea askoz ere gehiago kostatzen da, baina, bestela, ez dago halako salto handirik". Baikorra da. "Gurea talde gaztea da, baina azken bizpahiru urteetako blokea nahiko berdina da. Alde horretatik, jokalarietan heldutasun gehiago nabaritzen da, esperientzia gehiago. Beraz, oraindik gehiagora joatea espero dugu. Ikusiko dugu hala den edo ez". 

Talde lana, ezinbestekoa
Ioseba Bakaikoak datozen egunetan futbolaz deskonektatu nahi du, errotik. "Atseden hartu eta indarra hartu nahi dut, indar fisiko eta mentala. Ondoren juntakoekin hitz egingo dut eta egoera baloratuko dugu. Argi dudana da entrenatzen badut, Etxarri Aranatzen entrenatuko dudala; bestela, ez dut entrenatuko. Baina oraintxe bertan, deskonektatu nahi dut" argi du lakuntzarrak.

Etxarri Aranatz Kirol Elkarteari bere lan egiteko modua errespetatzea eskertu dio Bakaikoak. "Etxarrin asko zaintzen naute, eta gustuko dudan bezala lan egiten utzi naute: guztia ahalik eta hobekien kudeatzen, jokalariekin indibidualki elkarrizketa saio asko izaten... Iosu Murgiondo juntaren eta nire arteko bitartekaria da, eta guzti-guztiaren berri ematen diot, jokalariekin sortzen diren gai pertsonalak izan ezik, jakina, horiek ere sortzen baitira. Baina jubenil taldearekin egin den elkarlana nabarmendu nahiko nuke, Xabat Goikoetxea eta biok eskutik helduta joan garelako". 

Bakaikoarendako elkarlan hori "ezinbestekoa" izan da. "Beste toki batzuetan, jubenilen taldera begiratzen hasi izan naizenean arazoak izan ditut, baina Etxarrin ez. Jubenilarekin elkarlanean aritu daiteke, gauzak oso ongi egin, eta hor dago emaitza, Etxarrin erakutsi da: bi taldeak liga irabazi eta mailaz igo gara". Hau ongi ateratzeko, "lan handia" dago atzetik. "Jubenilen partida asko ikusi behar dira, eta euren entrenatzailearekin erabateko komunikazioa izan. Erregionalak jubenilen bat behar badu, lesioak edo zigorrak direla, erregionalera igo, baina jubenilen taldea kolokan jarri gabe. Eta jubenilek partida garrantzitsuak dituztenean, euren jokalari onenak ez hartu. Elkar ulertzea eta bat egitea". Erregionalean zazpi-zortzi jubenilek jokatu izan dute. "Beraiendako esperientzia handia da. Gainera, horren ondorioz, jubenilen taldean jokalari guztiek jokatu dute, adin horretan oso garrantzitsua dena. Erregionalak liga irabaztearen eta igoeraren zati garrantzitsua izan dira jubenilak, guztion elkarlanaren emaitza izan delako".