Astekaria

"Denboraldi borobila izan da. Guztion babesa eskertzen dugu"

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 2a

Izaskun Erdozia eta Iosu Unzurrunzaga, Etxarri Kirol Elkarteko presidente eta presidenteordea. ARTXIBOA

Etxarri erregional eta jubenil taldeak mailaz igo izana "oso pozgarria" izan dela dio Etxarri Aranazko Kirol Elkarteko presidente Izaskun Erdoziak, "jokalariendako eta entrenatzaileendako bere lanari aitortza bat"

Etxarri Aranatz Kirol Elkarteko presidente gisa, nola bizi izan duzu denboraldia?Denboraldi borobila izan da. Batetik, asteburu honetan erregional eta jubenil taldeak mailaz igo dira, eta jokalariendako eta entrenatzaileendako bere lanari aitortza bat da; beraz, oso pozik gaude. Bigarrenik, denboraldi honetan hamar futbol talde izan ditugu jokatzen, horietatik nesken hiru talde. Ia 200 haur eta gazte izan ditugu klubean, eta datorren denboraldiari begira zenbaki hauek gainditzea espero dugu; hori da aurreikuspena. Hirugarrenik, ilbeltzaren 25ean belar artifizialeko futbol zelai berria mustu genuen. Hau urte askotako behar eta eskaria izan da, baina batez ere baloratu nahi dudana da talde bezala sendotzen jarraitzen dugula, jokalarien, entrenatzaileen... partetik babesa sentitzen dugula, familien parte hartzea, eta babesleena eta zaleena. Hori azpimarratu nahiko nuke.

Igoera fasea nola bizi izan duzu?
Fase hauek garrantzitsuak dira eta alde horretatik urduritasun puntu bat egon da azken asteetan. Juntakide bezala gure eginkizuna izan da jokalariak babestea, autobusak antolatzea, jokalariak, teknikariak eta zaleak mugitzen laguntzeko, eta eguneroko lanak egitea. Azken finean... antolatzea eta laguntzea, taldea babestea. 

Eta pertsonalki?
Pertsonalki azken aste hau niretako oso gogorra izan da, aita galdu dudalako, baina zuzendaritza talde osoa oso konprometituta gaude, eta juntakide denak lanean gabiltza. Ni saiatu naiz, ahal nuen neurrian, beraiekin antolakuntzan eta laguntza lanetan egoten.

Hemendik aurrera zer? Preferente begira aldaketak aurreikusten dituzue?
Igoerekin ez dira klub bezala ditugun helburuak eta balioak aldatzen. Bai maila gorenean, bai txikietan gure helburua kirola eta parte hartzea sustatzea da. Noski, igoerak bultzada bat dira, ilusioa eta poza dira guretako, eta horrek klub gisa lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Etorkizunera edo aurrera begira gure helburua da umiltasunetik, baina alor guztietan, hobetzen jarraitzea.