Bost etxarriar hil zituen eztandarena

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 23a

Nahigabetutako senideak hileta elizkizunean. FOTO MENA. EL PENSAMIENTO NAVARRO

Etxarriar batek Andia mendia militarrek utzitako obus bat jaso eta maneiatzen ari zela eztanda egin zuen. 1976ko garagarrilaren 18ko 20:50ean izan zen. Sugarren eta ke beltzaren ondoren bost hildako izan zirela jakin zen.

Espainiako Armadak Andian maniobra militarrak egin zituen hilabete lehenago gutxi gorabehera. Saturnino Luis Erdoziak mendira igo zen, opatutako sei obus jaso, eta etxera eraman zituen garagarrilaren 17ko arratsaldean. Inguruko herrietan halako jaurtigaiak dekorazio gisa erabiltzen zituzten. 

Zugarreta auzoko (Los Remedios izena zuen orduan) 5. zenbakidun etxeko garajean Luis militarrek utzitako lehergailuetako bat maneiatzen ari zela eztanda egin zuen. Ondorioz bost hildako izan ziren, haien gorpuak deseginda gelditu ziren. Etxeetan kalteak izan ziren. Paretak odolez gorrituta eta metraila arrastoz markatuta gelditu ziren. 

Lehergailuaren eztanda hotsa urruti entzun zen. Eztandaren ondorioz etxarriar asko joan ziren ezbeharraren tokira. Bake epaileak baimena eman ondoren, etxarriarrak izan ziren sakabanatuta zeuden hildakoen gorpuzkiak jaso zituztenak (hurrengo astean teilatutik gorpuzkiak jasoko zituzten). Ondoren iritsiko ziren Altsasuko parkeko suhiltzaileak eta Etxarri Aranazko Guardia Civilaren kuarteleko agenteak. Suhiltzaileek sutea itzali eta erortzear zen etxe baten rafea edo odorra bota zuten. 

Beranduago iritsiko zen Iruñetik Zaintzako Epaileak. Hark Guardia Civilaren kabuari kontu eske joan zitzaion, ordurako gorpuak jasoak baitzeuden. Etxarri Aranazko bake epaileak bere ardurapean egin zela jakinarazi zion. Iruñeko epaileak gorpuak udaletxera eramateko (22:30 aldera) eta behar bezala sailkatzeko esan eta alde egin zuen. Bi gorpu zeuden osorik: emakume eta haur batena. Gorpuak plastikotan bilduak egon ziren epaile instruktorea eta forentsea iritsi arte. Azken horrek sailkapena egindakoan jakin zen hildakoak bost izan zirela, hasiera batean lau zirela uste baitzen. 

Hasiera batean butano bonbona baten eztanda izan zela uste izan zuten. Suhiltzaileek sutea itzali ondoren bonbona osorik opatu zuten. Eta lehergailuaren espoleta aldamenaren (Segundo Maiza Beltza) etxearen ondoan opatu zutenean argitu zen guztia. 

Leherketa izan zen garajean antzeko beste bost lehergailu opatu zituzten, 30-40 cm-koak, guztiak kargatuta. Horregatik, eta beste leherketa bat egoteko arriskuagatik, aldameneko etxebizitzak hustuarazi zituzten eta guardia civilen zaintza txandak ezarri zituzten. Opatu zituzten bost lehergailuak garagarrilaren 19ko eguerdian leherrarazi zituzten militarrek. 

Bi etxeetako atariak parez pare daude eta tartean patio modukoa dago. Auzoko emakumezkoak eta haurrak han biltzeko ohitura zuten. Eztanda baino ordu erdi lehenagora arte emakumezkoak puntua egiten egon ziren. Eta eztanda baino pixka bat lehenago emakumezko alargun bat bere seme-alabekin joan berri zen. 

Hildako haurretako baten aita zen Felipe Zeberio, Utzubar zeramikako kamioi gidaria. Saturnino Luisi etxe ondoan zegoen Urbasa tabernara trago bat hartzera gonbidatu zion. Hark ezetz, egitekoak zituela. Zeberio tabernara iritsi bezain laster izan zen leherketa.  

Etxarriarrak plazan egindako hileta elizkizunean. FOTO MENA. EL PENSAMIENTO NAVARRO

Hileta  
Hildakoen gorpuak udaletxean egon ziren gau hartan. Eta herriaren etxeko bilkura gelak hil kapera hartu zuen garagarrilaren 19an. Dolua adierazteko, balkoian Espainiako bandera masta erdian jarria zegoen. Egun berean hildakoak despeditzeko elizkizuna plazan egin zen, 20:00etan. Aldarea kioskoan jarri zuten. Hildakoen bost hilkutxak haien senideek, bizkar gainean, udaletxetik kiosko aurrera eraman zituzten. Segizioaren buru Mendez Asensio artzapezpikua, meza emanen zuena. Elizkizunean laguntzaile izan zituen Tomas Lizarraga Errazkin, Etxarri Aranazko parrokoa, eta Fernando Guruzeaga. Dozena bat lore koroa eta beste horrenbeste lore erramu jarri zituzten hilkutxen gainean eta ondoan. Senideendako aulkiak jarri zituzten. 

Etxarriarrek, udal batza buru, hildako herritarrak despeditzeko plaza bete zuten. Mendezek elizkizunean esan zuenez, "samina adierazteko nire hitzak baino adierazgarriagoak dira herrian herri guztian izan den isiltasuna". Familieen oinazearekin bat egiten zutela adierazi zuen artzapezpikuak. Heriotzak herria elkartzea ekarri zuela esan zuen. "Gertatutako zigorrada latzak gauza asko jartzen ditu proban, baita fedea ere". Mendez hizketan ari zela senide bat zorabiatu egin zen eta mediku batek artatu behar izan zuen. Artzapezpikuak lasaitasuna eskatu ondoren "bihotzeko atsekabea" eta "itxaropena" aipatu zituen. Gaineratu zuenez, "prest egon behar dugu. Denek ezagutzen duzue gertatutakoa. Bat-batean izan da. Baina ziur nago Jainkoaren aurrean aurkeztu direla". Elizkizunean zehar euskarazko hainbat kanta abestu ziren. Hura despedituta, hilkutxak hilerrira eraman zituzten. 

Hileta elizkizunera honako agintariak etorri ziren: Fernando Perez de Sevilla y Ayala gobernadore zibila, Nafarroako Diputazioko lehendakari orde Amadeo Marco, Guardia Civilaren teniente koronela eta Espainiako Gorteetan diputatu eta prokuradore zen Julio Iturralde. Agintariendako aulkiak jarri zituzten. 

Agintariak, eta aditu militarrak, goizean iritsi ziren. Elizkizunaren aurretik udalarekin eta senideekin hitz egin zuten. Gainera, artzapezpikua hildako batzuen etxera joan zen haiei "adorea emateko". Hurrengo egunean herritar asko pasa ziren eztanda izan zen tokia bertatik bertara ikustera. Odolez gorrituta gelditu ziren etxeen paretak karez margotu zituzten. 


Etxarri Aranazko Udalaren bilkura. Erdian Manuel Ijurra Echarri eta Javier Mauleon Ijurra. FOTO MENA. EL PENSAMIENTO NAVARRO

Udal bilkura
Etxarri Aranazko Udalak elizkizunaren aurretik ezohiko bilkura egin zuen, 19:00etan. Bilkuran Luis Manuel Nagore Biurrun alkatea eta Javier Mauleon Ijurra, Manuel Ijurra Echarri, Valentin Lizarraga Liciaga, Antonio San Martin Villanueva, Jose Miguel Arbizu Lizarraga, Eleuterio Ochagavía Bacaicoa eta Juan Jose Botanz Razquin zinegotziak izan ziren. Luis Ruiz izan zen idazkaria. 

Hasteko, Nagorek senideei beraien samina adierazi zien. Alkateak esan zuenez, "gure kide eta herritarren heriotzagatik minez beteta gaude. Istripu hau, parte batean, Armadari lepora dakioke, zoritxarreko horrelako ondorioak ez aurreikusteagatik. Eskatzen dugu halako huts handirik ez errepikatzea: bonbak etxarriarren, aldameneko herrietako herritarren eta Arabako eta Gipuzkoako herritarren begi bistan uztea. Egoera azaltzeko hitzik ez dut une honetan". 

Zinegotziek hitza hartu zuten. Udalbatzak adostu zuen senideei doluminak adieraztea. Horrekin batera, "zegokienari arriskua berehala kentzeko" hainbat eskaera egitea erabaki zuten.  "Bonbak opatuak izan ziren tokira jende asko egun pasa joaten dela igandeetan. Haurrak daude eta arriskua larria da, bonbak edozein unetan leher egin baitezakete". Igandeetan eta jai egunetan "25.000 pertsona ere elkar daitezke Andian" ziurtatu zuten. Horregatik, "eremu hura berehalako arrisku gune izendatzea" eskatu zuten, "eta eremua zaintzea, Guardia Civilak edo Armadak". Aisialdi gunean maniobrak ez egitea eskatzea erabaki zuen udalak. 

Beste erabaki bat izan zen "aisialdi gunean militarrek maniobrak egiteagatik protesta egitea. Eta maniobrak arduraz egitea, ikusi izan baitugu maniobretan beharrean txangoa egiten zegoen jendea". Etxarri Aranazko Udalaren eskaerekin bat egiteko eskatzea ibarreko eta Lizarrako udalei. 

Udalbatzak argi utzi nahi izan zuen jasotako obusak moldatu eta dekorazio tresna gisa jartzeko erabili nahi zituela Luisek. Ez zituela haiek txatarrarako saldu nahi. Udalbatzak argi utzi zuen: "sarraski honen arduraduna zein den jakin beharra dago". Bide batez, Zaintza epailearen jokabidea salatu zuen: "jokabide gizatiarra izan beharrean lege jarduna besterik ez zuen izan. Gainera, gauean bertan hil kapera ezartzea eragotzi zuen. Nahiz eta, hori bai, oraindik bizirik zegoen emakumezkoa lekualdatzeko trabarik ez zuen jarri". 

Udalbatzaren beste kexa izan zen garajean opatutako beste bost lehergailuak 15 ordutara eztandarazi zituztela. "Nahiz eta aldameneko etxeak hustu, eta guardia civil batzuk zaintzan gelditu, horrek ez zuen arriskua murrizten, baizik eta haien bizitzak arriskuan jartzen zituen". Azkenik, udalak, ahal zuen neurrian, sortutako kalte materialak arintzeko ahal zuena eginen zuela adierazi zuen. Bide batez, ezbeharraren ondoren herriak izandako elkartasuna eskertu zuen. 


Agintariak hileta elizkizunean. FOTO MENA. EL PENSAMIENTO NAVARRO

Militarren gutuna 
Nafarroako Gobernadore Militar Luis Sanchez Saizek Etxarri Aranazko alkateari gutuna bidali zion garagarrilaren 21ean. Militarrak gertatutakoagatik "sakonki nahigabetua" zegoela. Adierazi zuenez, "kanpoan nengoelako ezin izan nuen hileta elizkizunera joan". Prentsan irakurritakoaren ondoren, buru militarrak adierazi zuen "istripuaren arrazoiak direla eta udal bilkuran esandako kontzeptuak ez dute errealitatearekin bat egiten. Izan ere, probintziako edozein tokitan ariketak, maniobrak egin edo tiroa praktikatzean, aldez aurretik prentsaren bidez jakinarazten da, gune arriskutsua mugatuz, istripuak saihesteko. Aldi berean, zainketa lanak egiteko, Guardia Civilari jakinarazten zaio, baita Gobernu Civilari ere". 

Sanchezek azaldu zuenez, "benetako armak erabili diren ariketa baten ondoren, eremua zorrotz eta zehatz orrazten da, lehertu gabe geldi daitezkeen lehergailuak atzemateko. Horiek leherrarazi egiten ditugu". Militarrak aitortu zuen, "orrazketan arreta jarrita ere, gerta liteke lehergailuren bat ez atzematea, bai sasi artean, bai lurpean gelditu delako. Baina halakoak opatzen dituenaren betebeharra da bere kokapena jakinaraztea eta lehenbailehen Guardia Civilari jakinaraztea. Hark beharrezko neurriak hartu eta Gobernu Militarra jakinaren gainean jartzen du, segituan espezialistak bidali eta lehergailua suntsitzeko". 

Hori guztia esan ondoren, Sanchezek gaineratu zuen: "neurri horiek guztiak hartuta, gure aurreikuspen eta aukerei ihes egiten die egotea pertsonak, batere ezagutzarik gabe, lehergailuak lurpetik atera, jaso eta modu ez egokian material hain arriskutsua maiatzen dituztela. Ondorioz atsekabea eragin duen moduko tragediak izaten dira". Militarraren iritziz, halakoak "egiten dituztenen arduragabekeriari bakarrik lepora dakieke. Eta jakinda eta ezagututa, isildu eta garaiz salatzen ez dutenei, ez zigortzeko, baizik eta halako gertakari mingarriak saihesteko". Doluminak eman eta hildakoen senideei agur maitekorra bidali zuen militarrak.

Astetara militar batek gutun bat eman zion Catalina Tabar Juancheri, garilren 30eko data zuen. Barruan Seigarren Erregio Militarreko arduradun Mateo Prada Cabanillas teniente generalaren telegrama eta 25.000 pezeta zeuden. Idatzian zera irakur zitekeen: "Berriro ere sentitzen dut hainbeste biktima eragin zituen istripua, zeina Kapitaintza Nagusi honek inolako ardurarik ez duen. Mesedez (...) onar ezazu dohaintza apal hau gure doluminaren froga ukigarri gisa, eta, neurri batean, arindu dezake bizi duzun egoera ekonomiko larria". Alargunak ez zuen dirua onartu. 


Hilkutxak hileta elizkizunean. FOTO MENA. EL PENSAMIENTO NAVARRO

Hildakoak

Saturnino Luis Erdozia 
Lizarragan 1933ko martxoaren 27an jaio zen, 43 urte. Utzubar zeramikako kamioi gidaria zen. Andia mendian jasotako proiektila maneiatzen ari zen. Garajean hil zen. Gorpua erabat txikituta gelditu zen. 

Jose Luis Luis Tabar
Saturninoren semea, 1970eko apirilaren 15ean jaioa, 6 urte zituen hil zenean. Bizikletan zebilela harrapatu zuen eztandak eta bota egin zuen. Haren ama etxeko baratzea zegoen eta ez zen zauritu. Bere anai zaharrenak, Isidro eta Felix, ez zeuden inguruan. 

Maria Gloria Pejenaute Pejenaute
Milagron 1918ko martxoaren 31n jaioa eta 58 urtekoa. Marcelo Garciandiarekin ezkonduta zegoen eta 8. zenbakidun etxean bizi zen. Leherketa izan zenean etxetako baten atearen ondoan zegoen. Catalinaren txerriendako janari hondar batzuk eramatera joan zen. Lehen aldamenak iristean bizirik zegoen. Tokitik mugitu zuten, baina minutu gutxiren buruan hil zen. Gorpua bitan zatituta gelditu zen. 

Segundo Maiza Beltza
Etxarriarra, 1905eko maiatzaren 22an jaioa, 71 urtekoa. Zugarretako 4. zenbakidun etxean bizi zen. Eserita zegoela harrapatu zuen eztanda. Momentuan hil zen, baina medikuaren etxera eraman zuten gorpua. Ilobarekin baratza ureztatu ondoren, iritsi berri ziren biak. 

Jesus Miguel Zeberio Maiza
Etxarriarra, Segundoren iloba, 1964ko irailaren 21ean jaio zen eta 11 urtekoa. Lau anai-arrebetan zaharrena. Eskaileren ondoan eserita zegoen. Bere ama, Xefe Maiza etxea plantxatzen zegoen, onik atera zen. Bere hiru ahizpak ez zeuden inguruan. 

Erlazionatuak