Astekaria

Bergararen lelukoa Etxarri Aranatzek hartuko du

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko uztailaren 28a

Jokin Zelaia eta Javier Ollo Altsasuko zinegotzia eta alkatea atzean. GOIENA

Heldu den urtean ekitaldia eginen da Etxarri Aranatzen. Burujabetza eskaerak 180 alkate elkartu zituen Bergaran. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkate Mugimenduaren 50. urteurrena oroitzeko, Bergaran Euskal Herri osoko 180 bat herritako alkate, zinegotzi eta herri erakundeetako ordezkariak bildu ziren igandean, garilaren 19an. Sakanako ordezkariak izan ziren Oihana Olaberria Jaka, Arakilgo alkatea, Txomin Uharte Baleztena, Uharte Arakilgo alkatea, Maria Saez de Albeniz Bregaña, Etxarri Aranazko alkatea, Javier Ollo Martinez eta Jokin Zelaia Oiarbide Altsasuko alkatea eta zinegotzia hurrenez hurren, Joseba Vizuete Askargorta Olatzagutiko alkatea eta Unai Hualde Iglesias, Nafarroako Parlamentuko presidentea.

Bergarako ekitaldian autogobernua berritzeko eta erabakitzeko konpromisoa berretsi zuten EAJko eta EH Bilduko ordezkariek. Horrekin batera, euskal lurraldeen eskubide historikoak aldarrikatu zituzten, eta hitzeman zuten "subiranotasun eremuak gaur egunera eta etorkizunera proiektatzen" segituko dutela. 

Hurrena Etxarri Aranatzen
Saez de Albenizek jakinarazi duenez, Etxarri Aranatzen ekitaldia antolatuko dute 2027an. "Alkateen ituna sinatzeko elkartu ziren eta hori gogoraraziko dugu". Aurreratu duenez, "ez da Bergarakoaren moduko ekitaldia izanen, xumeagoa baizik. Erakunde ekitaldi bat".

Etxarri Aranatzek alkateen mugimenduaren erakunde ekitaldia hartu zuen 1977ko ilbeltzaren 16an. Udalak alkateen asanblada deitu zuen egun hartarako. Barne Ministro Rodolfo Martin Villak ekitaldia debekatu zuen eta Guardia Civilak eta Polizia Armatuak kontrolak jarri zituzten Etxarri Aranatzera zeramaten errepideetan. Horrek hainbat alkateri eta makina bat herritarri hitzordura iristea galarazi zien.

Hala ere, Etxarri Aranazko Udalak ezohiko bilkura egin egin zuen eta Amnistia , Foruak eta Elebitasuna lelopean 176 udalen babesa jaso zuen adierazpena onartu zuen. Honako aldarrikapenak egin zituzten: foru eskubideak berreskuratzea, amnistia, euskararen koofizialtasuna, ikurrinaren legalizazioa, alderdi politikoen legalizazioa eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutu bat. Lehen aldiz ikurrina ofizialki udaletxean jarri zuten, nahiz eta legez kanpo egon.