Andre Mariaren Jasokundeko elizako ezkila dorrea kanpaia bat gutxiago du irailaren 22tik. Eta sei ezkila beharrean bost egoten segituko dute harik eta falta den kanpaia, gauzak ongi, konponduta eguberritan ekartzen duten arte. Ezkila jotzaileak duela hiru urte jabetu ziren iparraldeko baoan dagoen kanpainak pitzadura zuela. Ondarea berreskuratzeko dirulaguntza prestatzeko dokumentazioa batu, non konpondu bilatu, hara nola eraman aztertu eta Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Vianako Printzea erakundearen oniritzia jaso dute bitartean.
Kanpainari eusten zion uztarritik irailaren 21ean askatu zuten. Hurrengo egunean, Altsasuko Oraa enpresako garabia handi baten laguntzaz ezkila dorretik jaitsi, kamioi batean kargatu eta Austriako bidean jarri zuten. Han ezkila konpontzeko teknika berezia erabiliko dute. Han metalezko instrumentu handia 300 edo 400 gradura arte berotuko dute, eta orduan aluminio dioxidoz soldatuko dute. Bala zulo bat ere badu ezkilak eta harekin zer egin ere aztertuko dute zaharberritzaileek.
Pitzatutako ezkila kanpandorrean daudenen artean tamaina ertaina du, eta iparraldeko baoan egoten da. Tamainari dagokionez, 90 cm-ko altuera du eta ahoaren diametroa 90 cm-koa da. Ezkilak 300 kilo pisatzen ditu. Uztarriak, berriz, 452. Bira emateko, antza, orekatuegiak daude biak eta 20-25 kilo kenduko dizkiote uztarriari.. Kanpaiak sol nota ematen du. Sacta Barbara ora pro nobis Año 1780 du idatzita goiko aldean. Bere alde nagusian gurutze barrokoa du, eta oinarria osatzen duten lauki bakoitzean JHS (Jesus Hominum Salvator) anagrama du. Beste aldean, ia erdialdean, zigilu moduan jarritako grabatu bat du. Zailtasunez, zera irakur daiteke: Agustin Dàlbar me fecit M.E..
Dohaintza
Dirulaguntza eskatzeko dokumentazioaren artean Miguel Angel Sagaseta Ariztegi apaizak prestatutako txostena dago. Agirian ezkila horren nondik norakoak zehaztu ditu. Elkorrin, Arginburueta eta Quifosa izan zenaren artean, ontto bila ari zen Saturnino Zabala etxarriarra, Lizarragabengoara Pilar Lakuntzarekin ezkondu zena. Bilaketan ari zela, erreka ondoan, ohartu zen lurretik ageri zen hura metala zela. Bestelako gauzaren bat izan zitekeelakoan, beldurrez ikutzen hasi zen hasieran, baina borobila zela konturatzean jabetu zen zer izan zitekeen: horizontalean lurperatuta zegoen ezkila bat. Lurpetik ateratzeko Land Roverrean zuen zirgarekin ateratzen saiatu zen, baina zirga hautsi egin zen. Bere koinatua zen Txilibistonekoako Jaxinto Garmendiaren laguntzarekin joan eta haren traktorean kanpaia etxera eramatea lortu zuten. Halako aurkikuntzak herrian jakin-mina piztu zuen. 1984ko garileko larunbat bat zen.
Zabala trafiko istripuan 1990ean hil zen. Etxekoek ezkilaren jabea bilatzeko ahaleginak egin zituzten. Baina ez zen agertu. Familian ezkilarekin zer egin erabakitzeko botoa eman eta Etxarri Aranazko elizari ematearen alde egin zuten. Zabalarekin erlazioa zuen gurtza tokia zen aukeratutakoa. Baita eman ere.
Elizako kanpandorrean tokia egiteko iparraldeko aldean baoa egin behar izan zuten. Horretaz Vicente Miranda arduratu zen eta, horretarako, 4.500 kilo harri kendu eta jaitsi zituzten. Miranda berak ezkila Iruñeko Fundiciones Erice enpresara eraman zuen. Han mihia jarri zioten eta iraulketa kanpaina bihurtzeko beharrezkoa zen uztarria jarri zioten. Mirandak eta Jose Antonio Razkinek, Oraakoen garabiaren laguntzaz, eta Joaquin Ericeren zuzendaritzapean, ezkila kanpandorrera igo zuten 1995eko irailaren 28an. Lan horiek guztiak 400.000 pezetako (2.404 euro) balioa izan zuten eta parrokiak ordaindu zituen. Kanpai berria Fermin Gorraizek bedeinkatu zuen 1995eko lastailaren 15ean. Gertaeraren lekuko izan zen Aralarko aingeruaren irudia.
Ezkilak automatikoki jotzeko elektrifikatu egin zituzten. Egiteko hori Zudairiko apaiz Santiago Galdeano Etxabarrik egin zuen Pascual Garmendiaren laguntzaz.
Jatorri ezezaguneko kanpaia
Zer egiten zuen ezkila batek Elkorriko erreka bazterrean lurperatuta? Jasotako historiak kosta eta barnealdearen artean joan-etorrian ibiltzen ziren mandazainekin lotu ditu. Antza barrualdeko herrietan ezkila lapurretak egiten zituzten. Horiek ardo kupeletan sartu eta estalian pasatzen zituzten Gipuzkoara. Lazkaon urtu eta balak egiteko erabiltzen omen zituzten ostutako kanpaiak.
Badirudi mandazain haiek ardo kupelez beteta Gipuzkoarako bidaia egiten ari zirela. Pentsatzekoa da Elkorrik Guardia Civilarekin-edo topo eginen zutela. Mandazainek bazekiten haiek kupeletan ardoa zegoen jakiteko kupelak kolpatu eginen zituztela. Baina batek halako soinurik ez zuela izanen bazekitenez, kupel hura botatzea erabaki zuten, lapurtutako ezkilarekin ez harrapatzeko. Zein herritako ezkila ote den, argitzeko dagoen misterioa da hori.
Sei ezkilak
Handiak ekialdera eta hegoaldera ematen dute. Iparraldera begira dago ertaina. Kanpandorreko mendebaldeko baoan daude bi ezkila txiki. Eta azkeneko kanpai txikia ezkila dorretik kanpo dago, hegoaldean. Ezkila bakoitza sainduren bati eskainita dago. Ekialdekoa 1731koa da San Kiriakori eskainita dago. Kanpainak honako testua du: Sante Kiriake Ora Pro Nobis. Ezkilarik handiena da eta orduak ematen dituena da. Hegoaldera begira dagoena, tamainaz, bigarrena da. JHS laburdura du, Jesukristori eskainia dela adieraziz. 1476. urtekoa da. Nafarroa oraindik erresuma independentea zenekoa. Apika, foru erkidegoko kanpaina zaharrenetako bat izan daiteke hainbat ezkila joleren arabera.
Konpontzera eraman dutena, iparraldekoa, 1780. urtekoa da eta Santa Barbarari eskainia dago. Mendebaldeko baoan bi txiki daude. Ezkerrekoa 1764 urtekoa da eta San Fermini eskainia da. Eskuinekoa, berriz, 1914ko ezkila da eta Santa Barbarari eskainitakoa da. Azkenik, kanpandorretik kanpo, hegoaldean dagoen ezkila txikia 1863 urtekoa da. Santa Mariari eskainitako ezkila hori laurdenak jotzeko erabiltzen da.






